Irakurri serie honetako artikulu guztiak
Indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoen gorakada, transfobia eta arrazakeria. Euskal Herrian ere badago horrelakoen hauspotzerik: eskuin, ezker. Oldarraldi erreakzionario delakoaren barruan kokatu dituzte diskurtso horiek guztiak eragile anitzek; Donostiako Asanblada Transmarikabolloa da eragile horietako bat. Taldeko militanteak dira Lore Lujanbio (Hernani, Gipuzkoa, 1988) eta Maider Arregi (Oñati, Gipuzkoa, 1996), eta sinetsita daude aliantzak beharrezkoak direla egoerari aurre egiteko: «Momentuaren arabera, eta momentuko estrategien arabera».
Oldarraldi erreakzionarioaz mintzo dira han eta hemen. Nola ikusten duzue Euskal Herriko egoera?
LORE LUJANBIO: Aipatzen duzun oldarraldi erreakzionarioa Euskal Herrian ere gertatzen ari den fenomeno global bat da. Hemen berezitasun batzuk ditu; ultraeskuin espainolak, adibidez, ez dauka indar handirik Espainiako Estatuan duenarekin konparatuta. Halere, mugimendu erreakzionarioak badaude, beste bide batzuk hartzen dituzte: eskuinean euskal faxistak daude, gero eta indar handiagoa dute sare sozialetan, baina ezer gutxi kalean; Euskal Herri arrazista eta migrazioaren aurkako bat defendatzen dute. Ezkerrean, berriz, TERFak, putafobia, marxismo antifeminista...
Guretzat ez da estrategikoa faxista eta antifaxista dikotomia hutsean geratzea. Zergatik? Batetik, horren ondorioz ez direlako ikusten ezkerreko mugimendu erreakzionario horiek; faxismo-antifaxismo dikotomian, adibidez, ez dago transfobia salatzeko lekurik, TERFek beren burua feministatzat eta ezkertiartzat daukate eta. Bestetik, subjektu unibertsal hegemonikoa indartu egiten delako; izan ere, ezkerreko mugimenduek, adibidez marxista antifeministek, subjektu antifaxista aldarrikatzen dutenean, gizon zuriari eragiten dioten zapalkuntzak soilik hartzen dituzte kontuan, eta ez gainerako borroka politikoak.
Oldarraldiaren barneko diskurtsoak eskuin muturrarekin lotu izan dira gehienbat, baina zuek ezkerreko mugimenduak ere aipatu dituzue: kritikak alde horretara ere bideratzen hasi behar da?
LUJANBIO: Zalantzarik gabe. Ezkerreko mugimendu erreakzionarioen eta ultraeskuinaren artean desberdintasun gaindiezinak daude, eta gure helburua ez da inondik inora horiek berdintzea. Baina, halere, guk mugimendu erreakzionarioez orokorrean ere hitz egiten dugu, horien arteko harremanak zein diren aztertzea garrantzitsua baita: antifeminismoan, arrazakerian, putafobian edo transfobian bat egiten baitute ezkerreko erreakzionarioek, intentsitate eta bortizkeria mailak ezberdinak izanda ere.
Ezkerrean erraz ikusten da oldarraldi erreakzionarioa ultraeskuinak euskararen edo sindikatuen aurka egiten duenean, baina, ez badugu kontuan hartzen antifeminismoa, transfobia, putafobia eta arrazakeria oldarraldi beraren parte direla, ez dugu arazoa bere osotasunean ulertuko. Izan ere, ultraeskuinak antifeminismoa erabiltzen du langile klaseko gizonen atxikimendua lortzeko edota arrazakeria langile zuriena eskuratzeko. Gainera, ulertu behar dugu gizon guztiek klase modura interesak partekatzen dituztela —eskuindarra edo ezkertiarra, burgesa edo langilea izanda ere— eta, beraz, feminismoak gizon klasearen pribilegioak gutxitu dituenez, horietako askok mugimendu erreakzionario patriarkalekin bat egiten dute.
«Faxismo-antifaxismo dikotomian, adibidez, ez dago transfobia salatzeko lekurik, TERFek beren burua feministatzat eta ezkertiartzat daukate eta»
LORE LUJANBIODonostiako Asanblada Transmarikabolloko militantea
MAIDER ARREGI: Ezkerraren helburua baldin bada klaserik gabeko gizarte bat, garrantzitsua iruditzen zaigu klase guztiak seinalatzea: ez bakarrik langileriaren eta burgesiaren arteko klase gatazka, baizik eta gizonen eta emakumeen artekoa eta zuri eta arrazializatu klaseen artekoa. Iruditzen zaigu ezkerrak hori onartzen ez badu gatazka batzuei garrantzia kentzen diela, eta horrela ez dutela eraldaketa osoa egiteko tresnarik sortzen.
Erreakzio autoritario horiek guztiek zergatik jarri dute arreta talde jakin batzuen kontrako gorrotoa sustatzean?
ARREGI: Erreakzio horiek, askotan, borroka transfeministak eta antirrazistak egindako lorpen batzuen ondorioa dira. Gizon zurien klaseak bere burua arriskuan ikusi duenean, betiko menderakuntza indarrak berrindartzeko erreakzio hau aktibatu du: besteak kriminalizatzen dituzte, eta erantzukizunak gainetik kendu. Bide horretan, adibidez, arrazismoa eta feminismoa elkarren kontra erabiltzen dituzte: diskurtso arrazistak erabiltzen dira feministatzat mozorrotuta, erasotzaileak gazte magrebtarrak balira bezala; nahiz eta benetan gehienak gizon zuriak izan eta erasoak normalean bikote harremanen barruan edo gure kuadrilletan gertatu.
«Gizon zurien klaseak bere burua arriskuan ikusi duenean, betiko menderakuntza indarrak berrindartzeko erreakzio hau aktibatu du: besteak kriminalizatzen dituzte, eta erantzukizunak gainetik kendu»
MAIDER ARREGIDonostiako Asanblada Transmarikabolloko militantea
LUJANBIO: Hori da, zapalduenak zapalkuntzaren errudun bihurtzen dituzte. Prekaritatea handitzen denean, erantzuleak burgesia eta pribatizazioak direla estaltzen dute, eta migratzaileak seinalatzen dituzte. TERFek ere hori egiten dute: emakume transak salatzen dituzte eraso matxistak egiteaz, fokua beren senar erasotzaileetatik aldenduz eta emakume transek jasaten dituzten eraso patriarkalak estaliz.
Bide horretatik, maskulinitate politizatuaz solastatu gaitezke, akaso?
ARREGI: Maskulinitatea beti egon da politizatuta, helburu desberdinekin. Heteronormak maskulinitatea hartzen duenean gizonei pribilegio batzuk egozteko, maskulinitatea emakumeen kontra politizatzen da, eta emakume klasea zapaltzeko erabiltzen da. Queer mugimenduak, bollera butch-ek eta gizon transek maskulinitatea erabiltzen dute horren kontra egiteko: modu transfeminista batean politizatzen dute, sistema heterosexuala apurtzeko.
Ez genuke jarriko atentzioa maskulinitatean, uste dugu-eta ez dela maskulinitatea bera indartu, baizik eta gizon zuria klase bezala, gizon zuria esplotatzaile bezala: batetik, emakumeen esplotatzaile bezala, emakumeen lan indarra dohainik erabiltzen duen esplotatzaile bezala, eta, bestetik, gorputz arrazializatuak esplotatuko dituen subjektu zuri bezala. Gizon zuriaren klase hori da erradikalizatu dena, eta ez maskulinitatea. Maskulinitatea bere horretan ez baita ezer, ez bada helburu jakin batekin erabiltzen den ezaugarri multzo bat.
Martxoaren 8an, diskurtso horiei aurre egin behar zaiela aldarrikatu zuen mugimendu feministak, Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak! lelopean. Aliantza horiek ezinbertzekoak direla argi dago, baina zeri deitzen zaio aliantza? Eta norekin egin behar dira aliantzak?
ARREGI: Aliantzak egingo ditugu momentuaren arabera, eta momentuko estrategien arabera. Momentu batean estrategikoa izango da langile klase osoarekin aliantzak egitea, eta beste momentu batean bakarrik queer mugimenduarekin, ezkerraren barruan gertatzen den zerbait seinalatzeko. Gure helburua ezkerreko eraldaketa osoa da, eta, horretarako, ezkerreko agenda politikoa eztabaidatu behar da. Izan ere, guk nahi dugu gure beharrak lehen lerroan egotea, eta aliantzak eta konfrontazioa horren arabera egingo ditugu.

LUJANBIO: Transformaziorako batasunak sortzea ezinbestekoa da, baina kontuan izan behar dugu langile klasearen batasuna edo emakume klasearen batasuna helburu bat dela, eta ez premisa bat. Eraiki egin behar den zerbait da, eta, horretarako, ezinbestekoa da hegemonia heterosexuala amaiaraztea. Gauza bera gertatzen da zurien pribilegioekin: ezin dugu aurrez egintzat eman mugimendu feministaren eta antirrazistaren artean aliantza bat egongo denik; horretarako kondizioak sortu behar ditugu. Feminista antirrazistek esaten duten modura, ez da soilik gure arrazakeria begiratzea, baizik eta ezkerreko mugimenduen hegemonia zuria amaiaraztea —presentzia, lidergoa, diskurtsoa, agenda…—. Bestela, zapalduen artean hegemonikoa denak erabakiko du aliantzak noiz, norekin eta nola egin.
ARREGI: Kontua ez da norbere barrura begiratzea edo autokritika egitea, baizik eta politika egiteko orduan lehentasunak zein diren zehaztea.
Aldi hau baliatu daiteke, akaso, mugimendu feministaren eta sexu-genero disidenteen sareekiko aliantzetan sakontzeko?
LUJANBIO: Guk oso argi dugu borroka transmarikabolloa borroka feministaren parte dela. Marko neoliberala duten LGTB mugimenduek askotan bereizita ulertzen dituzte feminismoa eta sexu-genero disidentzien borrokak: lehengoak generoen arteko berdintasuna nahi du, eta bigarrenak, identitate sexualen askatasuna. Gure helburua harago doa: erregimen heterosexuala amaiarazi nahi dugu, hau da, gizonen eta emakumeen produkzioa desagerrarazi. Emakume izateak esan nahi du dohainik besteak zaintzea, gutxiago kobratzea edota zure gorputzaren jabe ez izatea. Transmarikabollook emakume eta gizon izateari uzteko posizio politikoa hartzen dugu, eta jasaten dugun indarkeria arau heteropatriarkala ez betetzeagatik da.
«Transmarikabollook emakume eta gizon izateari uzteko posizio politikoa hartzen dugu, eta jasaten dugun indarkeria arau heteropatriarkala ez betetzeagatik da»
LORE LUJANBIODonostiako Asanblada Transmarikabolloko militantea
Azken urteetako lorpenetako bat izan da Euskal Herriko Mugimendu Feministan borroka antiheterosexuala erdigunekoa izatea: ekainaren 28a agendaren parte izatea, kolektibo feministak ere E-28ko koordinakundeetan egotea, edota subjektu politikoa emakume, bollera eta transera zabaltzea eta esentzialismo biologikoari aurre egitea. Nahiz eta badauden TERFak Euskal Herrian, euskal feminismo antolatuan gutxiengoa dira. Horregatik, Donostiako kaleak hartu genituen martxoaren 8an Euskal Herriko mugimendu feminista antiterfa da leloa zuen pankartarekin, transen borroka mugimendu feministaren parte dela adierazi eta TERFei gogorarazteko feminismoan ez dutela lekurik.
Nolakoa izan behar du egoera honi aurre egiteko estrategiak?
ARREGI: Estrategiak norabide anitz izan beharko ditu: kolektibo asko elkartu beharko dugu estrategia antifaxista benetan eraginkorra egin nahi badugu, eta lehen lerroan egon beharko dira orain arte azken lerroan egon direnak. Horretarako, ez da nahikoa «lehen lerrora joan» esatearekin; baldintzak sortu behar dira. Militantziari buelta bat eman behar zaio, diskurtsoak eta gorputzak aldatu behar dira, eta politika eraginkorrak eta zuzenak egin behar dira: antirrazistak eta feministak. Ezkerrak begiratu behar dio honi.
«Militantziari buelta bat eman behar zaio, diskurtsoak eta gorputzak aldatu behar dira, eta politika eraginkorrak eta zuzenak egin behar dira: antirrazistak eta feministak»
MAIDER ARREGIDonostiako Asanblada Transmarikabolloko militantea
LUJANBIO: Ultraeskuinak eta orokorrean mugimendu erreakzionarioek jada existitzen diren menderakuntza erlazioak eta pribilegioak berrindartzeko helburua dute. Horren aurrean transformazio feminista, antirrazista eta antikapitalista erradikalak garatzeko estrategiak behar ditugu, defentsiban soilik ez gelditzeko eta zapalkuntzen sustraietara joateko. Neoliberalismo progreak ultraeskuina erabiltzen du bere politika arrazista, heteropatriarkal eta kapitalistak estaltzeko eta bere burua ezkertiartzat agertzeko. Gure helburua biak borrokatzea da: faxismo homofoboa eta pinkwashing egiten duen neoliberalismo heteropatriarkala. Biek pribatizazioak indartzen dituzte, gizon zurien hegemonia mantentzen dute, eta biek babesten dute Israel gauzatzen ari den Palestinaren aurkako genozidioa. Horren guztiaren aurka artikulatu nahi dugu mugimendu transfeminista materialista eta askotariko aliantzez osaturiko borroka.