Komentariorik ez itxurari eta janariari buruz

Gabonetako ohiko koktela: ospakizunak, familia eta oturuntzak. Gozamena batzuentzat eta sufrikarioa beste batzuentzat. Elikadura nahasmenduren bat dutenentzat, adibidez. Enpatia da haientzako oparirik onena, eta itxura eta janaria ez aipatzea.

Gabonetan ohikoak diren jakiak, Donostiako supermerkatu batean. GORKA RUBIO / FOKU
Gabonetan ohikoak diren jakiak, Donostiako supermerkatu batean. GORKA RUBIO / FOKU
kristina martin
2025eko abenduaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gabonak datoz, eta horrekin batera senitartekoen, lankideen eta lagunen arteko ospakizunak. Nola ez, jaki eta edari bereziz gainezka dagoen mahai baten bueltan egiten dira horietako asko eta asko. Opor garaia ere izaten da askorentzat, eta batzuk irrikan daude aspalditik ikusi gabeko senideekin elkartzeko. Beste batzuk, berriz, ohikoak ez diren gutiziak dastatzeko grinaz. Askorentzat, plazeraren gailurra; beste zenbaitentzat, aldiz, sufrimendua. Elikadura nahasmenduren bat dutenak eta haien gertukoak dira bigarren kasuaren adibide.

Halakoren bat jasaten duen jendeak antsietate handiz eta urduri bizitzen dituzte ospakizun horiek. «Garaia iritsi baino askoz ere lehenago hasten dira ezerosotasun sentitzen», azaldu du Maria Jose Arrutik. Psikologoa da, eta Gipuzkoako Acabe elkartean egiten du lan; laguntza ematen diete anorexia, bulimia eta bestelako elikadura nahasmenduak dituztenei eta haien senideei. Aurten zazpiehun bat lagun artatu dituzte.

Arrutiren esanetan, elikadura nahasmenduren bat dutenak «antsietatea eta estresa pizten dizkieten egoerak antzeman bezain laster hasten dira halakoak irudikatzen eta sufritzen». Gogorarazi du, gainera, urtetik urtera gero eta lehenago jartzen dituztela Gabonetako ohiko jakiak, errezetak, apaingarriak, argiak, ikuskizunak eta beste: «Imajina ezazu haientzat nolako sufrimendua den urritik hastea horretaz arduratzen!». 

Mari Jose Arruti Acabe elkarteko psikologoa. JON URBE /FOKU
Mari Jose Arruti psikologoa Acabe elkartearen egoitzan, Donostian. JON URBE /FOKU

Izan ere, Acabeko psikologoak nabarmendu duenez, «izugarrizko ikara sortzen dieten egoerak irudikatzen hasten dira bi edo hiru hilabete lehenago, eta horrek sufrimendua areagotzen du». Elikadura nahasmenduren bat sufritzen dutenengan ez ezik, nahasmenduren bat izan eta gainditu dituztenengan ere sortzen da ezinegon hori. «Nahasmendua gaindituta izan arren, zaurgarriak dira oraindik, eta Gabonak arrisku faktorea dira haientzat. Ez dute zertan berriz gaixotu, baina baliteke Gabonak antsietate eragile izatea», azaldu du.

Halako ataka batean daudenez, enpatia da Gabonetako oparirik onena. «Hainbati asko kostatzen zaie irudikatzea zenbat sufritzen duten pertsona horiek». Eta haien sufrimendua banalizatzeko eta gutxiesteko joera ere badago: «Ez da hainbesterako, hiru otordu baino ez dira, familiakoak dira denak...». Arrutik argi du: bada hainbesterako.

Turroi sorta bat, saltoki handi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Turroi sorta bat, saltoki handi batean. GORKA RUBIO / FOKU

Elikadura nahasmenduren bat diagnostikatu dieten eta tratamenduan dauden horiek terapian lantzen dituzte estres egoerak: aurreikusi egiten dituzte, eta egoera horiei aurre egiteko estrategiak prestatu. Baina zeintzuk dira antsietate piztaileak? Arrutik bi nabarmendu ditu: janaria —aukera zabala eta kantitatez gehiegizkoa— eta senideen eta lagunen komentarioak.

Janari gehiegi izatea arazo bat da anorexia dutenentzat, baina larriagoa da bulimia dutenentzat, halako egoerek eskura jartzen dutelako tripakadak egiteko aukera. Janari gehiegi egoteak edo aukeratzeko gauza asko egoteak, denetarik jan behar izateak... horrek sortzen die antsietatea. «Asko sufritzen dute janari hori guztia ikusita, beldur baitira ez dutela lortuko neurrian jatea», argitu du Acabeko psikologoak.

Gorputzari edo jaten den horri buruzko iritziak edo iruzkinak dira beste arazo eragilea. «Askotan filtrorik gabe esaten dira halakoak», ohartarazi du. Senideek itxura fisikoari buruz, janariari buruz, Gabonen ostean egin beharko duten dietari buruz egiten dituzten komentarioak «ez dira batere lagungarriak», berretsi duenez.

Senide laguntzailea

Ospakizun horiek ahalik eta ondoena igarotzeko, hain zuzen, oso lagungarri izan daiteke babesle bat izatea, egoera horiei aurre egiten lagunduko diena. «Pertsona egokia aukeratzeko orduan galdera bat egin behar diogu geure buruari: elkarrizketan janariari, kaloriei, dietei edo gehiegizko kilotxo horiei buruzko komentarioak sortzen direnean, nork lagundu dezake hizketaldia beste gai batzuetara bideratzen giroa zapuztu gabe?», proposatu du Mari Jose Arrutik.

Manera onak ez galtzearren, batzuetan kosta egiten da senide edo lagun batzuei mugak jartzea, baina, Arrutiren ustean, halako egoerak moztu egin behar dira. Adibide bat jarri du: «Norbaitek galdera edo gai deseroso bat aipatzen badu, zera esan daiteke: 'ez dut horretaz hitz egin nahi, zer komentatu didazu lehen?'. Eta, hala, gaia aldatzen da». Arreta desbideratzeko lan horretan, ekarpena egin dezakete senide laguntzaileek. Esaterako, hasieran argibide batzuk emanda: «Denok nahi dugu giro ona egotea, eta ez dugu janariari buruz edo itxura fisikoari buruz hitz egingo». Elkartu aurretik mezu bat ere bidali ahal zaie, eskatzeko gai horiek ez ditzatela aipatu.

«Besteen itxurari buruz hitz egitea ez dago ondo, eta ez da inolaz ere normalizatu behar. Inori ez zaio gustatzen beste batek norbere irudiari buruz hitz egitea, elikadurarekin arazorik ez izan arren. Ez dezagun egin»

MARI JOSE ARRUTI Acabe elkarteko psikologoa

Gabonen jatorrizko xedea zein den gogoraraztea ere komeni da: «Zein da helburua, janaria bera edo denak errespetu eta konfiantza giro batean egon ahal izatea?», galdetu du Arrutik. Haren iritziz, gizartean hain normalizatuta dagoenez janariari buruz edo besteen itxurari buruz etengabe hitz egitea, zaila da joera horri muga jartzea. «Baina besteen itxurari buruz hitz egitea ez dago ondo, eta ez da inolaz ere normalizatu behar. Inori ez zaio gustatzen beste batek norbere irudiari buruz hitz egitea. Elikadurarekin arazorik ez izan arren, ezerosoa da. Ez dezagun egin».

Familiarteko bilera horietara ez joatea izan al daiteke irtenbidea? Hona Arrutiren aholkua: «Norbaitek ez badu bere burua indartsu ikusten, ez du zertan arriskatu. Tarteko konponbideak bilatu daitezke, hala nola bazkalostera azaltzea, janari guztia jasota dagoenean».

Janaria bereziki presente dagoen sasoia izanik, baliteke elikadura nahasmenduren bat dutenek, arriskuari izkin egiteagatik, beren burua bakartzea. Hala ere, Arrutik uste du beti izaten dela moduren bat elikadurarekin arazoak dituenei sozializatzen laguntzeko: «Janaririk gabeko lekuak edo jarduerak bilatu ditzakegu, egon badaude eta. Izan ere, nahasmenduren bat dutenek ere gozatu nahi dute egun horietako giroaz, eta, ahalegin hori eginez gero, biziki eskertuko digute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.