Berdintasunerako bidean laguntzeko konpromisoa agertu dute 51 hedabidek eta publizitate agentziak, BERRIA egunkaria barne. Publizitate eta komunikazio ez-sexistarako kode deontologikoa sinatu zuten atzo, Lehendakaritzaren egoitzan. Bertan, besteak beste, estereotipoen aurka borrokatzeko eta emakumeak ikusgai egiteko irizpideak ezarri dituzte. Komunikazio eta publizitate enpresek, jardueran ez ezik, euren egituran ere berdintasuna sustatzeko engaiamendua hartu dute: adibidez, ardura postuetan andreen presentzia sustatzea.
Emakundeko Begira batzordeak, publizitatean sexismoaren aurka borrokatzeko organoak, aitzindaritza izan du lan horretan. Urte eta erdian landu du kode deontologikoa, 21 enpresaren parte hartzearekin batera, BERRIA barne. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak atzo sinatutako tresnaren baliagarritasuna nabarmendu zuen. Dena den, helmuga bainoago, kode deontologikoa «bidearen hasiera» dela zehaztu zuen. «Emaitzak epe ertain eta luzera sumatuko dira, baina gutxiago lortuko litzateke ezer egingo ez bagenu».
Hedabide zein publizitate agentziak «aldaketarako eragileak» direla hausnartu du. Landaidak xehatu du gizartea aldatzeko balioak aldatu behar direla lehenik eta behin. Lan horretan komunikazioak eta publizitateak duten indarra goratu du. «Erabakigarriak zarete berdintasunerako bidean doan iritzi publikoa sortzeko», oroitarazi zien bertaratu zirenei. «Berdintasunak behar zaituzte».
Kode deontologikoak komunikazioa eta publizitatea hobetzeko balioko duela nabarmendu du, bai «justizia sozialean», bai edukien kalitatean eta zehaztasunean. Egindako lana eskertu zien, baita parte hartu dutenen inplikazioa ere. Halaber, Landaidak elkarlanean jarraitzeko asmoa agertu zien, Interneten alorrean lan egitean. Hain zuzen ere, martxoaren 15ean abiatuko dute ildo hori. «Espero dut lan horrek guztiak balio izatea gure hedabide eta agentziak aldaketarako eragile bihurtzeko».
Norberaren kontrola
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako eledunak «urruti» ikusi zuen gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, azken urteetan pausoak eman diren arren. Urrats gehiago egiterakoan hedabide eta publizitate agentzien beharra nabarmendu zuen. «Gizarteari helarazten dizkiozuen mezuek eragin nabarmena dute jokabidean». Ardura horren inguruan «txalogarritzat» jo zuen atzoko ekitaldian hasitako «atzera-bueltarik gabeko bidea». Halaber, jardun hori «inposatu beharrean» norbere buruaren kontrola egitearen garrantzia goratu zuen.
Komunikazio ez-sexistari lotu zaizkio 51 hedabide eta agentzia
Informazioan eta publizitatean norbere buruaren kontrola egiteko irizpideak ezarri dituzte kode deontologiko batean.Sinatzea «abiapuntua» dela nabarmendu du Landaidak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu