Gizartea

Komunitate islamikoarekin lankidetzan aritzeko batzordea sortuko du Eusko Jaurlaritzak

Giza Eskubide eta Bizikidetza Zuzendaritzak jarduera programa bat onartu du, “nazioarteko terrorismoari, arrazakeriari, xenofobiari eta islamofobiari” aurre egiteko.  

Jonan Fernandez, programaren aurkezpenean. JUANAN RUIZ / FOKU
Jon Rejado.
2018ko apirilaren 12a
12:15
Entzun

Eusko Jaurlaritzak aurkeztu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako komunitate islamikoekin lankidetzan aritzeko jarduera programa bat. Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide eta Bizikidetza zuzendariak hausnartu du "elkarrekin eta bakean bizitzeko ideia" batzen dituela hiritarrak. Beraz, aurkeztutako programak ildo horretan eragin nahi dute. Lehen neurria etzi, larunbatean, irudikatuko dute: ADOS Euskadiko Komunitate Islamikoarekin Lankidetzan aritzeko Aholku Batzordea sortuko dute.

Goizean aurkeztu du Fernandezek jarduera programa. Iazko azaroaren 20an aurkeztutako txostena du oinarrian: "Erlijioa aitzakiatzat jartzen duen nazioarteko terrorismoaren aurre egiteko programa". Ordutik, ekarpenak jaso dituzte. Komunitate islamikoetako pertsonek parte hartu dute lan horretan, besteak beste. Lau hilabetez jasotako iradokizunekin osatu dute programa. Izena ere aldatu diote: "Nazioarteko terrorismoari, arrazismoari, xenofobiari eta islamofobiari aurre egiteko tresna: giza eskubideen aldeko konpromiso partekatua".

Txostenak sei akordio estrategiko jaso ditu. Hiru multzotan bildu dituzte: kohesioa eta gizarte integrazioa; segurtasuna: eta prebentzioa gizartean eta hezkuntzan. Lehen multzoan ADOS aholku batzordea dago, baita Euskadiko Erlijioen Kontseilua sortzeko asmoa ere. Segurtasunaren multzoan "erradikalizazio biolentoaren identifikazio goiztiarreko foroa" sortzea jaso dute, baita polizia lanaren "koordinazioaren eta eraginkortasunaren" aldeko adierazpen bat egitea. Prebentzioaren multzoan Gizalegez akordioa erlijioen eremura zabaltzea proposatu dute, eta “gazteen eta partekatutako balioen sarea” sortzea.

Fernandezek gaineratu du ideia bat barneratu behar dela: elkarrekin eta bakean bizitzea. "Erabaki partekatu hori da nazioarteko terrorismoaren asmoekin amaitzeko berme bakarra". Bide horretan aurrera egiteko "euskarri nagusietako bat" komunitate islamikoaren "konpromisoa" dela nabarmendu du. "Haiek dira terrorismoaren aurka borrokatzeko, eta kondenatzeko interesdun nagusiak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.