Idazle eta ekintzaile feminista

Adriana Guzman: «Komunitatea lurraldean dago oinarrituta, pertsonen arteko antolaketan, eta hori bateraezina da estatuei boterea ematearekin»

Pedagogia feministak komunitatean eraiki behar direla dio Adriana Guzman ekintzaile boliviarrak. Hezkidetza eta Pedagogia Feministen III. Kongresuan izan da, eta adierazi du eredu hori «bateraezina» dela mundu patriarkal eta kapitalistarekin.

Adriana Guzman ekintzaile feminista, Hezkidetza eta Pedagogia Feministen III. Kongresuan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Adriana Guzman ekintzaile feminista, Hezkidetza eta Pedagogia Feministen III. Kongresuan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Isabel Jaurena.
Donostia
2025eko urriaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Patriarkatuaren kontra antolatzea, ikuspegi politiko batetik». Hori da feminismoa Adriana Guzman (La Paz, Bolivia, 1977) idazle eta ekintzaile feministarendako. Hezkidetza eta Pedagogia Feministen III. Kongresuan egon zen Guzman joan den ekainaren hondarrean, eta, bertan esplikatu zuenez, hezkuntza tresna aski garrantzitsua da patriarkatuari aurre egiteko. Are, komunitateko txikienei bizi dituzten zapalkuntzak esplikatzea ezinbertzekoa zaio, eta horiekin heldukeriaz ez jardutea, beren bizipenak ez gutxietsi eta zokoratzea. Hori guztia komunitatean eta norbere hizkuntzan egin behar dela uste du. Bolivian bide horri ekin diote dagoeneko, curriculumean matxismoaren kontrako hezkuntza eta feminismoaren historia txertatu baitituzte, bertzeak bertze.

Euskal Herrian, Abya Yalan [Ameriketako jatorrizko herriek beren lurraldeari ematen dioten izena] eta munduan, oro har, feminismoak lan handia egin duela diozu, baina, halere, pedagogia feministak ez direla existitzen. Zertaz?

Argi dago mugimendu feminista hortxe dagoela: Europan teorikoagoa da, eta Abya Yalan kalekoa, baina horrek ez du erran nahi patriarkatuari aurre egiteko pedagogiarik dagoenik. Zergatik? Feminismoa giza eskubideez edo generoaz mintzatzera mugatu da, baina ez dago ikuspegi politiko bateraturik. Hau da, feminismo guztiek ez dute patriarkatua amaitu nahi, ez dute estatua amaitu nahi. Feminista izatea eta pentsatzea guztia alderdi feminista batek konponduko duela kontraerran bat da bere horretan. Horrek estatuei eta alderdiei aurpegia garbitzeko baino ez baitu balio.

Zer ulertzen duzu zuk pedagogia feministatzat?

Pedagogia feminista ez da inklusiorako tresna bat, ez da presidente lesbiana bat izateko modua, edo eskoletan haurrek aniztasuna existitzen dela ikasteko metodoa. Pedagogia feministak behar ditugu txiki-txikitatik ulertzeko sistema patriarkal bat dagoela, eta sistema horrek zera eragiten duela: Senegal, Bolivia, Peru eta halako herrialdetatik Euskal Herrira edo Europako bertze leku batzuetara datozenek ez izatea bertakoen baldintza berberak, eta desberdinkeria jasatea. Gainera, gure lurraldeak ustiatu egiten dituzte, eta horregatik etorri behar dugu. Hori da niretzat pedagogia feminista, patriarkatuaren kontra antolatzea; botere egitura arrazistak, patriarkalak eta matxistak hautsiko dituen metodologia feministak sortu behar ditugu.

«Botere egitura arrazistak, patriarkalak eta matxistak hautsiko dituen metodologia feministak eraiki behar ditugu»

Bide horretan haurrei ere gertatzen ari dena esplikatu behar zaiela diozu. Pedagogia feministak eraikitzerako orduan heldukeriaz jokatzen dugu?

Guztiz. Heldukeria ez delako soilik helduek hitza hartzea, haurren jakintzak eta haiek bizi dituzten zapalkuntzak ikusezin bihurtzea ere bada. Eta feminismoa arras helduzentrista da. Zein da arazoa? Sistemak ez dituela soilik helduak zapaltzen, pedagogia patriarkalak haurren gorputzak menderatzen ere erakusten du, eta haurrek ere gure zapalkuntza berak bizi dituzte: beren lurraldeen suntsiketa, hondamendi horrekin batera pairatzen duten indarkeria sexuala, bizi duten matxismoa, arrazakeria... Helduok saiatzen gara hori guztia ezkutatzen, baina existitzen dela jakin behar dute haurrek, beren buruak defendatzeko eta estruktura desegiteko. Hori bai, argi izan behar dugu norabide bat behar dela: ezin zaie umeei etengabe erabakitzen utzi. Faxistak izatea erabakitzen badute, zer? Edo kontsumitu bertzerik ez badute egiten, deus produzitu gabe?

Norabide hori hartu duzue Bolivian dagoeneko: legeak dio hezkuntzak «deskolonizatzailea, despatriarkalizatzaile, intrakulturala eta eleaniztuna» izan behar duela. Zer aldaketa egin dituzue ikasgaietan?

Curriculum zirkularra jarri genuen martxan, ikasgai guztiak deskolonizatu behar direlako. Gorputz Hezkuntzan, erraterako, gorputza deskolonizatzen ikasten dute haurrek: burua tente ibiltzen erakusten diete, behera begira ibiltzera behartu gaituztelako. Erlijioko ikasgaia curriculumetik kendu dugu, eta espiritualtasunari lotutako ikasgaiak txertatu ditugu. Horrez gain, ikasgai batzuk gehitu ditugu: sei urteko haurrek matxismoaren kontrako hezkuntza lantzen dute, eta hamar urtekoek feminismoaren historia, memoria izan dezaten abiapuntu.

Eta hizkuntzari erreparatu diozue?

Herri bakoitzaren hizkuntza da eskolako hizkuntza nagusia, legez. Espainolez pentsatzeari utzi nahi genion, gure hizkuntza berreskuratzea boterea deskolonizatzeko modu bat baita guretzat. Hori euskaldunek ere ulertuko duzue: umeek beren hizkuntzan ikasi behar dute, norbere hizkuntzan pentsatu eta bizitzeak bertze mundu ikuskera bat ematen duelako.

«Espainolez pentsatzeari utzi nahi genion, gure hizkuntza berreskuratzea boterea deskolonizatzeko modu bat baita guretzat»

Prozesu horretan erresistentziarik izan duzue?

Noski. Eztabaida asko izan ditugu prozesu guztian, anitzek uste zutelako eraikitzen ari ginen hezkuntza sistemak garapena oztopatzen zuela. Hori ez da horrela. Zergatik? Iparralde Globalak duen garapen maila lortu nahi dute anitzek, baina horretarako gurea bezalako bertze kontinente bat ustiatu beharko lukete, eta guk ez dugu horrelakorik egin nahi.

Estruktura edo sistema irauli behar dela diozu. Nola egin daiteke hori? Nondik hasi?

Guk patriarkaturik gabeko proiektu politiko bat defendatzen dugu: komunitatea. Ez dugu estatuan sinisten: bozkatzera joaten gara, estatua existitzen delako, hauteskundeak existitzen direlako, baina guk ez ditugu gure ametsak presidenteen esku uzten, guk geuk eraikitzen ditugu.

«Iparralde Globalak duen garapen maila lortu nahi dute anitzek, baina horretarako gurea bezalako bertze kontinente bat ustiatu beharko lukete, eta guk ez dugu horrelakorik egin nahi»

Beraz, ezin da komunitaterik egin estatua indarrean badago?

Argi izan behar dugu estatuari ezin zaiola dena eskatu: komunitatea lurraldean dago oinarrituta, pertsonen arteko antolaketan, eta hori bateraezina da estatuei boterea ematearekin. Komunitatea autoantolaketa da, eta horrela bizi izan gara urte luzez. Baina orain dena burokratizatuta dago, instituzionalizatuta, eta desagertu egin da autoantolaketarako gaitasuna. Denbora izan nahi dugu guretzat: jateko, hezteko, lo egiteko, hitz egiteko... Baina nondik aterako dugu denbora hori lan egin behar badugu, geure burua eta besteak hezi behar baditugu? Guk nahi dugun eredu hori bateraezina da mundu patriarkal eta kapitalistarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.