Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Erreakzioak

Konferentziako bost ondorioak bere egin ditu ezker abertzaleak, osorik

Nazioarteko konferentziak guztiak «garaile» izan daitezkeen jokaleku berri bati ateak irekitzen dizkiola azpimarratu du«Elkarrizketa eraikitzailea» abiatzeko ordua dela nabarmendu du Maribi Ugarteburuk

Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Nazioarteko konferentziaren «ondorio bakoitzarekiko eta guztiekiko babes osoa eta irmoa» azaldu du ezker abertzaleak. Euskal Herrian «garai berri bat zabaltzen dutela» uste duelako. Alegia, «jarduera armatuaren behin betiko amaiera» eskatu dio ETAri, hori gertatzen denean «gatazka armatuaren ondorioez soilik» erakunde armatuarekin hitz egiteko Espainiako eta Frantziako gobernuei, eta politikaz hitz egiteko bilerak egiten hasteko gizarte eragile eta ordezkari politikoei.

Nazioarteko eragileen eskaeraren hartzaileek baikor erantzungo duten itxaropena du ezker abertzaleak, eta ETArengandik ere horixe espero duela zehaztu du Rufi Etxeberriak, kazetarien galderei erantzunez.

Nazioarteko konferentziaren biharamunean, Bakearen Etxean nabari zen une historikoaren sentsazioari eutsi zion ezker abertzaleak atzo. «Solemne» gisa definitu zuen prentsaurrekoa, eta alkandora eta txaketak soinean, prentsaurreko jendetsua eman zuen Donostian. Konferentziaren ondorioek garrantzi handia dute, ezker abertzalean ustez: «Guztiok garaile izan gaitezkeen eta izan behar dugun jokaleku berri bati ateak irekitzen dizkio». Belaunaldi ezberdinetako hainbat militante batu ziren: Maribi Ugarteburuk eta Rufi Etxeberriak irakurri zuten agiria, eta haiez gain, han ziren, besteak beste, Joseba Permach, Anjel Mari Elkano, Karmele Aierbe, Antxon Etxebeste, Xanti Kiroga, Txelui Moreno, Jone Goirizelaia, Juan Joxe Petrikorena, Tasio Erkizia, Joseba Alvarez, Asier Imaz, Miren Legorburu, Ibon Arbulu eta Jon Agirre Agiriano.

«Bakea eta askatasunaren eraikuntza inoiz baino gertuago» daudela uste du ezker abertzaleak, eta nabarmendu du egoera honetara iristeko beren lanak ere izan duela eragina. «Egindako apustuarekin gai izan gara panorama politikoa errotik aldatzeko».

Nazioarteko konferentziaren ostean eta Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohiak, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohiak, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohiak, Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak eta Jonathan Powell Erresuma Batuko presidentetzako kabinete buru ohiak proposatutako bost puntuko bide orria beren eginda, «ardurak partekatzeko garaia» dela uste du ezker abertzaleak. Konferentzian parte hartu zutenek eta «modu justifikaezin batean kanpoan gelditu zirenek» partekatu behar dituzte ardurok, Ugartebururen arabera. «Elkarrizketa eraikitzailea» abiatzeko ordua dela iritzi dio, eta elkarrizketa horietatik zer lortu nahi duen ere argi dauka ezker abertzaleak: «Nazio aitortza eta autodeterminazio eskubidean oinarritutako akordio demokratikoa eskuratzea, herritarren berrespenarekin».

Ezker abertzalea bera prest eta konpromisoz agertu da «modu aktibo batean esparru politiko biltzaileak bultzatuko dituzten dinamika guztietan parte hartzeko», betiere alde askotariko elkarrizketen bidean, eta gatazkaren konponbidearen bila egindakoak baldin badira. «Klase politiko guztiak» egin behar du bere ekarpena testuinguru honetan, Ugartebururen irudiko: «Guztioi dagokigu ahalegina egitea bakea eraiki ahal izateko eta gatazka politikoaren behin betiko konponbidea erdiesteko».

Horregatik, konferentziaren inguruan zenbait eragilek egindako adierazpenak «lekuz kanpo» daudela azpimarratu du, «inongo logika politikarik gabeak eta demokrazia defizit larriaren erakusle» direla.

Alderdiek ez ezik norbanakoek ere badute zeregina, ezker abertzalearen aburuz: «Bakearen eta behin betiko konponbidearen eraikuntzak herritar guztion ahalegina izan behar du». Norbanakoen konpromisoa eta kolektiboa ezinbestekotzat jo ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.