Ana Lujan. Aldaketa hautagaitzako senataria

«Konfiantza gehiegi egon da; erraz ikusten zen hirurok ateratzea»

Kongresuan Ahal Dugu-k, EH Bilduk, Geroa Baik eta Ezkerrak izandako emaitzekin alderatuta, 58.959 boto galdu zituen Aldaketak, eta Lujanek uste du aukera historikoa galdu dela UPNri eta PPri aurrea hartzeko.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2016ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
«Pena handia izan da». Harrigarriki, Ana Lujanek (Tutera, 1959)ez ditu alboan izango Patxi Zamora eta Iñaki Bernal Espainiako Senatuko harmailetan. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak Senatura elkarrekin joatea erabaki zuten, baina, Aldaketak huts egin zuen. Kongresurako bozketan lau alderdiek guztira 160.860 bildu zituzten. Senatuan, hala ere, ez ziren gauza izan UPN eta PPren hiru hautagaiei aurrea hartzeko. Aldaketak 58.959 boto galdu zituen, beste alderdien mesedetan edo baliogabe zein zurien zakua handitzeko. Dena den, baikortasunez hartu du erronka Tuterako Argia ikastolako zuzendari ohi eta Geroa Baiko kideak. Ez da bakarrik egongo, gainera. Parlamentuak hautatuko senatari autonomikoa, Ahal-Dugu-ko Idoia Villanueva, izango du alboan.

Emaitza gazi-gozoa izan da?

Ez zen nahi genuena. Hiru hautagaiak Senatura joatea zen gure helburua, eta ez dugu bete. Ez da pozik egoteko modukoa.

Kanpainan antzematen zenuten arazoak egon zitezkeela Aldaketaren izenarekin?

Kanpainan gure artean komentatzen genuen, sentsazio hori bagenuen. Hitzaldietan nabari genuen jendearen artean ezezaguna zela. Hori oso agerian geratu zen hauteskunde egunean. Tuteran, igande goizean nire hauteskunde eskolan egon nintzen, eta pertsona batzuk hurbildu zitzaizkigun galdezka Kongresurako botoa eman nahi zioten alderdia ez zutela Senaturako aukera gisa ikusten. Azaltzen genien batera gindoazela, hautagaitza Aldaketa deitzen zela, baina beste asko ez zitzaizkigun hurbildu. Beste aukera bati eman zioten botoa. Jakinez gero, beste gauza bat egingo zuten.

Zerk huts egin du?

Aldagai batzuk izan dira. Batetik, alderdi politikoak gehiago zentratu dira Kongresuan. Bestetik, konfiantza gehiegi egon da Aldaketarekin. Gu hirurok ateratzea erraz ikusten zen, inertziaz irabaziko zela, eta neure baitan ikusten nuen ez zela hain erraza. Ez da hainbeste landu Aldaketaren kanpaina. Gainera, zailtasunak izan ditugu, legeak mugatzen gintuelako. Hauteskunde elkarte bat zen, eta arazoak egon dira botopaperetan alderdien ikurrak edo izenak agertzeko eta finantzaketa lortzeko. Horrez gain, lau kanpaina egin dira Kongresura begira, eta bat, denona, Senaturako. Hori dena batera eramatea ere ez zen erraza. Denborak ere gure aurka egin du. Berandu erabaki zen elkarrekin joatea, azaroaren hasieran. Dena pilatu da.

Ikusita azken bozetan botoa jada ez dela hain fidela, kanpainek garrantzi berezia dute?

Nik uste dut kanpainek bere garrantzia dutela, baita testuinguruaren arabera ere. Kasu honetan, pisu handia izan du. Madrilen ikusi den kanpaina denen ahotan zegoen, telebistan ageri zelako. Madrilgo gobernuari begirako mezua izan da, eta uste dut alderdi batzuek oso ondo egin dutela kanpaina. Euren mezua jendearengana iritsi da, eta, Nafarroan maiatzean gertatu bezala, batzuek ikusi dute posible zela aldaketa izatea Madrilen.

Azkenean, Senatuan zein Kongresuan, Nafarroako ordezkari abertzale bakarra izango zara. Zer esan nahi du zuretzat?

Izugarrizko ardura. Egunak pasatu ahala hasi naiz gauzak beste modu batera ikusten. Ez naiz lehenengo pertsona izango, ezta azkena ere. Lan handia egin beharko da, eta oso argi dut aukerak aprobetxatu behar direla.

Zer analisi egiten duzu Nafarroari begira?

Nik uste dut Nafarroako Gobernua ez lukeela ahulduta utzi behar. Jokaleku desberdinak dira. Bozkatu da beste ikuspuntu batekin, eta begirada Madrilen jarri da. Ez dut uste ezer ekarri behar dionik gobernuari. Hiru urte eta erdi daude aurrean egunez egun adierazteko Nafarroan gauzak aldatu ahal direla.

Senatuan gehiengo osoa du PPk. Zer egin dezakezu?

Senatuak dituen funtzioen barruan, argi dago alderdi batek bere gehiengo osoarekin blokeatu ahal dituela hainbat erabaki. Adibidez, konstituzioaren aldaketa bati buruzkoak. Alde horretatik gauza gutxi egin daiteke eraginkorra izateko, baina uste dut garrantzitsua dela beste ahots bat entzutea pentsamendu bakarreko Nafarroaren aldean. Beti PSOEko eta PPko ordezkariak izan direnez Senatuan, orain bi pertsona desberdin gaude. Idoia Villanueva eta biok Nafarroari buruzko beste planteamendu batzuk eraman ahal ditugu. Baikor nago horregatik.

Gaur egun gobernuaren osaera airean da. Senatuan PPk gehiengo osoa izateak baldintzatuko du gobernuaren osaera?

Abantaila da PPren alde, baina ez dakit zenbaiteraino baldintzatu ahal izango duen.

Kanpainan iragarri zenuten kode etiko bat izenpetuko zenutela. Zertan datza?

Gure soldata izango da lanbide arteko gutxieneko soldata halako hiru, 1.950 euro inguru. Gainerakoa jarri behar dugu komunean, eta egingo zaio ekarpen bat aukeratutako proiekturen bati. Dieten gastua mugatuta egongo da gure beharretara: Madrilen bizitzeko 800 euro inguru behar dira, eta bazkarien gastua beti justifikatua egongo da. Ezin dugu beste inondik dirurik jaso, Senatua izango da gure lana %100ean. Uko egitendiegu gainerako pribilegioei.

Zer gairi eman nahi diozu garrantzia Senatuan?

Nafarroari dagokionez, garrantzitsua dira itun ekonomikoaren akordioa eta gai sozialak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.