2023ko martxoan sartu zen indarrean turismorako etxebizitzak mugatzea helburu duen Euskal Hirigune Elkargoko konpentsazio legea. Hainbat gorabehera juridikoren ondotik, Frantziako Estatu Kontseiluak azkeneko deliberoaren berri eman du: konpentsazio legearen esparrua onetsi du. Erabakia «garaipen juridiko garrantzitsutzat» jo du Euskal Elkargoak.
Epaimahaiaren deliberoak FNAIM higiezinen arloko sindikatuaren eta ULMT64 turismorako etxebizitzen alokatzaileen batasunaren kontra egin du. Erraterako, konpentsazio legea indarrean sartu denetik, bizitegi bat turismorako erabili nahi duen jabe batek bestelako lokal bat bizitegi bilakatu behar du, konpentsazio gisa; bestela, ez du baimenik eskuratuko etxebizitzaren erabilera aldatzeko.
Turismorako baliaturiko etxebizitzak urte osoko alokairu bilakatzea lortu nahi zuten neurri horren bidez, eta, aurreikuspenen arabera, bazitekeen 11.000 bizitegi libratzea. Hori ez baitzen ez higiezinen arloko sindikatuaren ez turismorako etxebizitzen alokatzaileen interesen aldekoa, bi talde horiek bat egin zuten, eta Euskal Elkargoaren legea auzitara eraman.
2025eko martxoan jadanik, Bordeleko Dei Auzitegiak ebatzi zuen turismorako etxebizitzak mugatzeko legea «etxe eskasiak justifikatua» zela. Orduan, justizia instituziorik gorenera iritsi ziren, Estatu Kontseilura, eta, hark ere Bordeleko Dei Auzitegiaren bidetik jo du, azkenean: «Erabilera aldaketari dagokion araudia interes orokorreko behar larri batek justifikatzen du».
Hala, FNAIM eta ULMT64k hiruna mila euro ordaindu beharko dizkiote Euskal Elkargoari.
Iruzurraren kontra
Etxebizitza nagusia urtean 120 egunez baino gehiagoz alokatzen duten jabeei dagokie konpentsazio legea, baita bigarren etxebizitza aldi baterako alokairuan eskaintzen dutenei ere. Halako neurri baten garrantziaz behin baino gehiagotan ohartarazi du Alda auzoetako mugimenduak, konpentsazio legea indarrean sartu aitzinetik ere. Garai hartan, Xebax Christy Aldako bozeramaileak horrela adierazi zion BERRIAri: «Mozten ahal du arrunt urte osoan turistei alokatuak izateko transformatuak diren etxebizitzen joera. Bizpahiru urte barne posible eginen du milaka etxe berreskuratzea».
Aldi berean, bazen arriskua delako etxebizitzak bigarren etxebizitza bilakatzeko: «Jabe batek ez badu gehiago baimenik etxe turistikoa egiteko, etxebizitza hutsik uzten du, edo beste norbaiti alokatzen dio urte osoan, edo saltzen du. Gure helburua urte osoan alokatzea da. Horretara bultzatu nahi ditugu jabeak».
Nonbait, aurreikusi zituzten etortzekoak ziren arazoak, zeren, lege oro indarrean sartzen den ber gertatzen den bezala, hainbat jabek legeari izkin egin nahi izan diote, iruzur eginez. Horren harira izenpetu zuten Euskal Elkargoak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak etxebizitza nagusi faltsuen iruzurrari aurre egiteko konbentzioa, aurtengo martxoan. Bi erakundeen finantza datuak bateratu dituzte, errazago jakiteko jabeak konpentsazio legeari izkin egin nahian ote dabiltzan.
Eta, lan instituzionalaren osatzeko, Alda iruzurrak salatzen ibili da azken urteetan, Baionan, Miarritzen, Donibane Lohizunen, Hendaian (Lapurdi)... hots, tentsio handiko eremuan dauden Ipar Euskal Herriko 24 herrien artean.
Aurtengo herriko bozen inguruan, hainbat auzapez eta hautagai konpentsazio legeaz pleinitu ziren, zeren, iruzurren ondorioz, jabeek ez dute pagatzen herriari zor zaion bigarren etxebizitzen zerga. Argumentu hori baliaturik, konpentsazio araua «malgutzeko» eskaera egin zuten hainbat hautagaik. Christyk ez zuen ukatu iruzurra badela, eta, justuki, zehaztu zuen Aldarekin egindako hainbat ekintzatan hori salatu dutela. Baina argudiatu zuen baldin eta arazoa iruzurra bada eta ez araua iruzurraren kontra egin behar dela, eta horretarako baliabideak eman behar zaizkiola elkargoari.
Gainera, uste du konpentsazio arauari esker «odolustea» gelditu dela.