Konponbidea sustatzeko «beste ziklo bat» abiatuko du Foro Sozialak

Herritarren parte hartzeari buruz arituko dira ostiralean Iruñean, eta presoen itzultzeari buruz larunbatean Bilbon.Nazioarteko adituek parte hartuko dute, eta herritarrei irekita egongo da

Peio Dufau Bake Bideko kidea eta Paul Rios Lokarriko koordinatzailea, atzo, Bilbon egindako agerraldian. LUIS TEJIDO / EFE.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Bake prozesua indartzeko Foro Sozialak konponbideari begirako beste saio sorta bat egingo du ostiralean eta larunbatean. Paul Rios Lokarriko kideak eta Peio Dufau Bake Bidekoak jakinarazi dute «beste ziklo bat» abiatu duela iaz nazioarteko aditu garrantzitsuekin egindako mahai inguruek ekarritako ondorioetan sakontzeko. Bi gairi helduko die foroak ziklo horren lehen bi saioetan: herritarren parte hartzeari buruz jardungo du ostiralean, eta presoen itzultzea izango du aztergai larunbatean. Aurrera begira, iazko saioek utzitako ondorio guztiei heltzeko asmoa dute sustatzaileek, eta, beraz, jardunaldi gehiago egingo dituztela iragarri dute.

Iruñean, Baluarte jauregian egingo da ostiraleko saioa, arratsaldez. Gatazkak konpontzeko gizarte zibilak protagonismoa hartu behar duela sinetsita, beren esperientziak kontatuko dituzte Kolonbian, Filipinetan, Ekialde Hurbilean zein Palestina eta Israelen herritarren lan aktibo hori sustatzen aritu diren adituek.

Euskal Herrikoak ere bai

Baina, nazioarteko adituen iritziak ez ezik, etxekoenak ere bilduko ditu saioak. Nafarrenak tarte berezia izango du ostiralean. Eremu politiko ezberdinetan eragile diren pertsonek beren ikuspegiak azalduko dituzte gizarteak bizikidetzaren eraikuntzan izan beharreko zereginari buruz.

Bilboko saioa larunbat goizean izango da, Euskalduna jauregian. Presoen itzultzea izango da aztergai. Lehenik eta behin, nazioarteko adituek azalduko dute beste prozesu batzuetan nola gauzatu diren presoen kaleratzeak, eta, haien esperientzietan oinarrituta, irizpideak plazaratuko dituzte.

Ondoren, gaia Euskal Herriko egoeran kokatzen saiatuko dira zuzenbidearekin zein presoen gaiarekin lotura duten Euskal Herriko zenbait irakasle eta aditu, eta Espainiako Auzitegi Goreneko magistratu ohi bat.

Azterketak Euskal Herriko prozesuaren errealitatean eta legerian kokatzea izango da larunbateko bigaren atalaren helburua: «presoen trataera humanitariorako bideei» buruzko hausnarketak egitea eta «itzultze prozesu oso eta errealista bat definitzeko bideei buruz» eztabaidatzea.

Beharrezko hausnarketak

Foroak uste du beharrezkoa dela bi egunetan landuko diren gaien inguruan eztabaidatzea; fruituak nahi badira ados jarri behar dela. Eta presoek Euskal Herrira gerturatzeko egin dituzten eskaerak aipatu dituzte sustatzaileek. Diotenez, presoen eskaerak atzera botatzea ez da izan «ezustekoa», eta, hori ikusirik, «herritarren arteko elkarrizketa indartu» behar da, «presoen gizarteratzerako konponbide integral eta errealista bat aurkitzeko behar diren adostasunak sortzeko».

Areago, uste dute Foro Sozialaren garrantzia horretan oinarritzen dela: «Gizarte zibilaren parte hartzea funtsezkoa da, bakea errotzeko proposamen eta konponbide berriak lantzeko». Areago; sustatzaileen ustez, ezinbestekoa da «aldatu nahi ez duten horiek, iraganean bizi diren horiek, gaitasunik izan ez dezaten bake prozesua blokeatzeko».

Gogoratu dute iazkoak prozesuan aurrerapausoak egiteko proposamenak ekarri zituela. Presoen urratsa adibidetzat dute, eta baita ETAko buruzagi izandakoek ez direla armetara itzuliko berretsi izana ere Parisko epaiketa batean, aurreko astean. «Horrek erakusten du gizartearen parte hartzeak gaitasuna duela bake bide berriak irekitzeko».

Hortaz, saioetan parte hartzeko eskatu diete herritarrei, eta hartarako aurrez izen emateko. Saioen ondoren, eztabaidatutakoak bildu eta ondorio edo gomendioen berri emango du foroak, iaz egin zuen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.