Lehendakaritzak argitaratu duen oharrean jasotzen denez, "normalizazio politikoan aurrera egiteko alderdien arteko foro bat martxan jartzeari buruz" hitz egin dute bileran. Ibarretxek eskertu egin dio Hitzarmenerako Mahaiari "norabide horretan egiten ari den lana", baina foro hori "indarkeria eta bazterketarik gabe soilik" egin daitekeela azpimarratu die.
Hitzarmenerako Mahaiko kideek eskertu egin diote Ibarretxeri, egindako "harrera beroa eta elkarrizketa osoan erakutsi duen konponbidearen aldeko borondate eta konpromisoa". Ibarretxek Eusko Jaurlaritzako lehendakari kargua hartu zuenean esandako hainbat gauzarekin ados daudela azaldu dute Mahaiko kideek, zehazki, hauekin: "konponbiderako Mahaiak modu adostuan lortuko dituen erabakiak herritarrok bozka bitartez berretsi beharko ditugula; Konponbiderako Mahaia bazterketarik gabe eratu behar dela; eta Konponbiderako Mahaian, indar politikoak izan behar direla prozesuaren motorea".
Hitzarmenerako Mahaiko kideek azpimarratu duenez, Euskal Herriko pertsona zein lurralde guztiek prozesuan parte hartzeko eskubidea dute, eta beraz, "Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbidea ezin du hiru lurraldetako mahaiak bideratu". Gainera, lurralde guztietako mahaia eratzea posible dela beraiek frogatu dutela diote.
Horregatik guztiagatik, OHD Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoarekin bat egiteko eskatu diote Ibarretxeri.
politika