Txutxi Ariznabarreta. Independentistak sarea

«Konstituzioa demokrazia bahitzeko legea izan da»

Independentistak sareko bozeramaileak ez du itxaropen handirik Espainiako Konstituzioa aldatzeko ahaleginetan; uste du hortik «egoera are okerragoa» etor litekeela, egungoa ikusita.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Espainiako Konstituzioa onartu zeneko urteurrena izango da bihar, baina Independentistak sareak uste du ez dagoela «zer ospaturik», eta mobilizazioak iragarri ditu. Independentistak sareko bozeramaile Txutxi Ariznabarretak (Dima, Bizkaia, 1955) ez du Euskal Herriaren burujabetzarako biderik ikusten konstituzioak zedarritako esparruan, eta euskal estatua eraikitzeko pausoak ematea proposatzen du.

Zergatik diozue Espainiako Konstituzioa «herrien kartzela» dela?

Gogoan izan behar dugu 1970eko hamarraldian gezurrezko trantsizio hark ez zuela harremana apurtu diktadurarekin, eta konstituzioa izan zela benetako demokrazia bahitzeko legea. Geroztik igaro diren lau hamarkadetan etengabe ikusi da hori: Euskal Herriaren aldarrikapen eta ilusioak etengabe moztu dira konstituzio horren izenean. Gainera, Espainiako Estatuak testu horren interpretazio oso maltzurra egin du beti, unean uneko bere interes politikoetara egokituz. Guk uste dugu Espainiako Estatuan ez dagoela Euskal Herriaren burujabetzarako aukerarik, eta horren adierazle nagusietako bat konstituzioa bera da. Horregatik diogu «herrien kartzela» dela: herrien nazio izaera eta eskubideak ez dituelako onartzen.

Azken bolada honetan birzentralizatzea eta inboluzioa aipatzen dira Espainiako Estatuaren egungo joerak definitzeko. Bat zatozte azterketa horrekin ?

Bai. Autonomien estatu hori krisian dago aspalditik. Duela hogei urte esaten genuen estatutuak, EAEkoa zein Nafarroakoa, gaindituta zeudela, hilda zeudela, eta estatus berri baten bila joan behar genuela. Estatua horren jakitun da, eta, esaterako, Kataluniako prozesuarekin ikusi dute kinka larrian dagoela erregimen hori. Horren aurrean erreakzio handi bat dago, oso defentsiboa, eta ultranazionalismo espainiarraren alderik beltzena, latzena eta gogorrena atera dute kalera. Konstituzioaren balizko egokitzapen baten aurrean estatua posizioa hartzen ari da, posiziorik okerrena, unea heltzen denean baldintzarik onenetan egoteko.

Konstituzioaren erreforma aipatu duzu. Azken bolada honetan askotan hitz egin da aukera horretaz.

Guk uste dugu jadanik ez dagoela autonomien erreformen bitartez bidea egiterik, Espainiako Estatuaren egituretan ez dagoelako burujabetzarako aukerarik, eta pentsatzen dugu urratsak egin behar direla estatu propioa eratzen hasteko. Etorkizuna oso hipotekatuta daukagu; menpekotasun horretan ez dago gure etorkizun politiko, sozial eta ekonomikoa garatzerik, eta aukera bakarra da estatu bilakatzea eta munduan onartuta dagoen burujabetza estatus homologatua lortzea.

Beraz, konstituzioa erreformatzeko prozesu horretan ez duzue aurrera egiteko aukerarik ikusten?

Oraintxe, ikusita Madrileko erreakzioa eta betiko sektorerik atzerakoienak nola mugitu diren, gerta daiteke horrelako erreforma baten ondorioz oraingoa baino egoera okerragoan gelditzea. Eta konstituzio are ukatzaileagoa garatzea. Partxe bat jartzea izan daiteke beste aukera, promesa batzuk mahai gainean jartzea berriro ere, eta ez betetzea, oraingo autonomismoarekin gertatu den bezala, eta urte batzuetan luzamendutan ibiltzea menpekotasunari eusteko. Ez da horretarako unea: ikusi dugu autonomismoak zer ematen duen, eta noraino mugatzen duen herri honen garapena.

Aurkezpenean esan duzue Euskal Herria ez dela «oasia». Zer esan nahi duzue horrekin?

Batzuetan saldu nahi da Euskal Herria eraso horietatik babestuta dagoela, eta hori ez da horrela. Argi izan behar dugu, Kataluniakoa ikusita, hemen ere burujabetza klabeetan urratsak egiten hasten garenean eraso gogorra etorriko dela. Hori jakinda hasi behar dugu gure gizartea antolatzen eta gehiengo sozial zabala lortzen.

Nolako bidea proposatzen duzue?

Premiazkoa da estrategia bat planteatzea, hemengo eragile politiko eta sindikalek honen guztiaren inguruko hausnarketa sakona egitea, eta estrategia baten inguruan oinarrizko pauso batzuk ematen hastea. Ni konbentzituta nago hori baino lehenago herriaren presioa behar dela,gehiengo sozial independentistak aktibatu, antolatu eta abian jarri, hemengo eragile politiko eta sindikalak kontua serio hartzera behartu nahi baditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.