Barkamena eskatu du kontrako bidean gidatzeagatik bi hildako eragin zituen gidariak

Epaiketa gaur amaitu da. Fiskaltzak eskatu du kasua bidegabeki luzatzearen aringarria aintzat hartzeko; defentsak, berriz, kasuari buruz dauden «zalantzei» eusteko.

Epaiketa gela, Gipuzkoako Auzitegian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Epaiketa gela, Gipuzkoako Auzitegian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
nerea intxausti
2024ko maiatzaren 22a
17:30
Entzun

Gidariak barkamena eskatu dio, beste behin, «mundu guztiari», eta berretsi du ez zekiela kontrako bidean zihoala «anbulantzia aurrez aurre izan arte». Azken hitza esateko aukera baliatu du horretarako. 2017ko otsailaren 11ko goizean autoa kontrako bidean gidatu, eta istripu bat eragin zuen akusatuak. Autoak anbulantzia bat jo zuen, eta autoko sei bidaiarietatik bi hil ziren, AP-8 autobidean, Bilbora bidean, Usurbil parean (Gipuzkoa). Epaiketa gaur amaitu da, eta zinpeko epaimahaiaren esku geratu da erabakia.

Gaurko saioan, alderdiek azken txostenen berri eman dute. Fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du akusatuarentzat. Hori bai, aringarri bat aintzat hartzeko eskatu du, kasuaren modu bidegabean luzatzeagatik: arrazoitu du auzipetuak lau urte itxaron behar izan duela epaiketa hau egin arte. Aringarri horrek «zigorra asko gutxitzea» ekar dezakeela adierazi du, «gradu bat edo bi». Eskatu du kontuan hartzeko akusatuak azken lau urteetan izan duen «sufrimendua». 

Fiskaltzak argitu du akusatua «gidari txarra» izan zela gidatzeko praktika faltagatik, baina ez zela «kamikaze» bat izan. Gaineratu du gidariak ez zuela inor hiltzeko asmorik, baina bazekiela arrisku larria eragin zezakeela eta ez zuela ezer egin hori eragozteko.

Defentsak akusatuaren «errugabetasun presuntzioa» errespetatzeko eskatu du, eta uste du zalantza asko daudela oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.