Ez alde batetik, eta ez bestetik. Langabeziak gora egin zuen Hego Euskal Herrian joan den uztailean. Gainera, aldi baterako kontratuen kopurua ez zen murriztu, Espainiako Gobernuak CEOE patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin hitzartu zuen lan erreforma indarrean sartu arren.
Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan 96.270 kontratu sinatu ziren joan den hilabetean. Horietatik 7.947 (%8,25) baino ez ziren mugagabeak izan. Lan erreformaren baitan aldi baterako kontratuak finko bihurtzeko pizgarriak onartu ziren, baina 4.843 kontratutan baino ez zen aukera hori erabili. Orotara, aldi baterako hitzarmenak sinatutako kontratu guztietatik %91,75 izan ziren.
Bizkaian izan ezik, beste herrialdeetan igo zen langabezia. Bizkaian 338 langabe gutxiago izan ziren uztailean. Hala eta guztiz ere, tasarik handiena izaten jarraitzen du: %7,71. Nafarroan eta Gipuzkoan, aldiz, ekainean baino 771 (%3,9) eta 513 (%2,3) pertsona gehiagok eman zuten izena INEMeko erroldan, hurrenez hurren. Langabezia tasarik apalena Arabak du berriro ere: %6,62. Jaitsiera txikia izan zen, %0,93 ekaineko datuarekin alderatuz gero.
Guztira, 1.043 langabe gehiago zenbatu zituen INEMek joan den hilabetean Hego Euskal Herri osoan. Tasa orokorra %7,14 da.
Kontratuen %91,75 aldi baterakoak izan dira uztailean, lan erreforma indarrean sartu arren
Hego Euskal Herrian 1.043 langabe gehiago zenbatu zituen INEMek joan den hilabetean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu