Nafarroako Suhiltzaileek hiru sute kontrolpean hartu dituzte gaur arratsaldean. Lehena Iruñerrian piztu da, Badoztain eta Sarriguren artean. Nafarroako suhiltzaileek arratsaldeko zazpietatik aurrera lortu dute suak kontrolpean hartzea; hamabost hektarea erre dira guztira. Nafarroako larrialdi zerbitzuek adierazi dutenaren arabera, labore zelaiak erre dira batez ere sute horretan. Suhiltzaileez gain, bi helikoptero eta hidrohegazkin bat ibili dira sute hori itzaltzeko lanetan.
Sartagudan ere sutea piztu da gaur arratsaldean, mendialdean. Nafarroako suhiltzaileez gain, helikopteroz garraiatutako brigada bat, bi helikoptero eta Agoncilloko (Errioxa) bi hidrohegazkin aritu dira sutea itzaltzeko lanetan. Jada kontrolpean daude garrak.
Azkenik, Beiren ere beste sute bat atzeman dute larrialdi zerbitzuek, basoan, eta hori ere kontrolpean hartu dute suhiltzaileek, bi helikoptero eta hidrohegazkin baten laguntzaz.