Kontseiluak agentzia nazional bat proposatu du helduak euskalduntzeko

Euskaraz jakin beharra sustatzeko proposamen bat aurkeztu dute Gasteizen. Haren arabera, euskaltegien zerbitzua doan izango litzateke, dirua aurreratu beharrik gabe eta tituluetatik deslotuta

Otaño, Olano, Iribarren eta Bilbao, atzo, proposamenaren aurkezpenean, Gasteizen. EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA.
Julen Aperribai.
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herri osoa aintzat hartuko duen egitura «egonkor eta iraunkor» bat sortzea proposatu du Euskalgintzaren Kontseiluak, helduen euskalduntzea eta alfabetatzea koordinatuko duena eta Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Euskararen Erakunde Publikoak, Euskaltzaindiak eta herri ekimeneko euskaltegiek osatua. Aize Otaño AEK-ko kideak eta Joxerra Olano IKAkoak aurkeztu dute proposamena, Gasteizen, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko jardunaldietan.

Helduengan euskaraz jakin beharra sustatzeko proposamen integralago bateko puntuetako bat da agentzia sortzea. Egungo erronkei eta urteetako gabezia bati erantzun nahi die, Kontseiluaren arabera. Honela arrazoitu du beharra: «Bada, gure ustez, Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakar baten premia, helduak euskalduntzea estrategikotzat joko duena, alor hori koordinatuko duena, euskal herritar heldu guztiek euskaraz jakitea helburu izan, horretarako epeak ezarri, eta behar adina bitarteko izango duena, aldian aldiko gorabehera politikoen menpe ibiliko ez dena, eta euskalduntzeari, zentzurik zabalenean ulertuta, bultzada atzeraezina emango diona».

Agentziak «oso-osorik» finantzatuko luke helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko jarduna, eta «epeak» eta «bidea» finkatuko lituzke, «euskara Euskal Herri osoan eta bizitzaren alor guztietan nagusi izan dadin». Besteak beste, agentziak bermatuko luke herritarrei zerbitzua doan emango dien euskaltegiak izatea herri eta hiri guztietan. Egungo sistema guztiz aldatuko litzateke, eta herritarrak ez luke dirurik aurreratu beharko zerbitzua jasotzeko. %75eko asistentzia izanez gero, doan jasoko luke ikastaroa. Ez luke ikasmailarik ezinbestean egiaztatu beharrik izango.

Egiteko gehiago ere izango lituzke agentziak; esaterako, euskal herritarrei euskaraz jakiteko beharra helarazteko hizkuntza politika eraginkorrak eskatzea erakundeei, glotodidaktikan ikertzea, helduen euskalduntzean ari diren irakasleen formakuntza hobetzea eta Euskal Herri osorako baliagarria izango den azterketa batzorde bat sortzea, zeinak administrazioan lanean aritzeko hizkuntza eskakizunak finkatuko baititu.

Bi hankaren gainean

Euskalgintzaren Kontseiluak sustatutako Batuz Aldatu dokumentuan —ehundik gora eragilek izenpetu dute— zehaztutako helburuetako bat da «euskararen erabilera erosorako baldintzak sortu eta bermatzea». Hori lortzeko, ordea, bi aurrebaldintza beharrezkoak direla gogorarazi du: «Alde batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatu beharko da, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten, eta, bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotu beharko dira, hala nahi duen edonork ez dezan izan inolako eragozpenik euskara erabiltzeko».

Oinarri horren gainean, ezagutzaren unibertsalizaziorako eta helduen euskalduntzearen sektoreari begirako hizkuntza politikek nolakoak izan behar luketen zehaztu dute helduen euskalduntzearen sektorea osatzen duten Kontseiluaren baitako eragileek. Batetik, Euskal Herriaren zatiketa administratiboa gaindituko lukeen hizkuntza politika koordinatua galdegin dute: «Euskal Herri osoan bizitzaren alor guztietan euskara nagusi izatea ipartzat hartuta, hizkuntza politika koordinatu, bateratu eta bakarra behar dugu, erdaldun elebakarrari euskara ikastea gero eta beharrezkoagoa gertatuko zaiola argi sentiaraziko diona, helduen euskalduntzea eta alfabetatzea arnasberrituko duena, euskaldunon hizkuntza eskubideak lehenbailehen bermatuko dituena». Bestetik, eta hizkuntza politika horren zutabeetako bat ezagutzaren unibertsalizazioa izanik, bi ardatzetan kokatu dituzte erronkak: «Euskalduntze prozesu osoan euskara ikasteko eskubideari erantzuten dion doakotasuna ezartzea» eta «ezagutzaren beharra sozializatzea».

Helduen euskalduntze-alfabetatzea «estrategikoa» da Kontseiluarentzat, eta, agirian jaso duenez, horrek izan behar du datozen hamarkadetan «herria euskalduntzeko prozesuaren ardatza». Horrek ekarriko luke, haren arabera, «herritar guztiek euskaraz jakitea, euskararen erabilera nabarmen areagotzea, euskaltzaletasuna eta euskal kulturaren ezagutza hedatzea eta handitzea, euskal kultur produktuen kontsumoa haztea, euskarazko irakaskuntza Euskal Herri osoan nagusitzea, euskararen aurkako jarrerak neutralizatzea eta hizkuntza politika egokiak egitea erraztea».

Helduen euskalduntze-alfabetatzearen sektoretik harago ere hartu beharko dira neurriak, haien ustez, eta zerrendatuta daude atzo aurkeztutako dokumentuan. Administrazioa, hezkuntza ez-formala, eremu sozioekonomikoa eta ingurune digitala euskalduntzeko neurriak daude proposamenean, Kontseiluak aurrez alor horietako bakoitzean proposatutako neurrien ildokoak: administrazioko lan deialdietan euskara balioztatzeko merituen sistema amaitu, eta lanpostu guztietan euskarazko gaitasun «egokia» eskatzea; eremu ez-formalean diruz lagundutako eskaintza euskarazkoa izatea; langile guztiei lanorduetan euskara ikasteko eskubidea aitortzea...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.