Milaka lagunek euskararen aldeko akordio soziopolitiko berri bat eskatu zuten Bilbon larunbatean. Manifestazioaren bezperan, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak onartu zuen deialdia «zalantzekin» egin zutela maiatzean: «Euskararen inguruko mobilizazioa beste era batzuetara bideratu da azken urte luzeetan; zalantza geneukan ulertuko ote zen egoera zein larria zen». Haatik, larunbateko irudiak argi utzi zuen gizarteak ondo ulertu duela euskararen aurkako «oldarraldi judizialari» aurre egin behar zaiola: Ertzaintzaren arabera, 70.000 lagun baino gehiago bildu ziren. Azaroaren 4ko balorazioa egin zuen atzo Eskisabelek, eta adierazi zuen «aurreikuspenen gainetik» erantzun zuela jendeak. Larunbatean eskatutako itun soziopolitikoa bideratzeko konpromisoa hartu du.
Arrazoi ugari ditu Kontseiluak «pozik» egoteko: «Batik bat, gure kezka eta larritasuna gizartean itsatsita dagoela ikusi dugu». Euskararen sustapenari jarritako oztopoek kezka eragin dute gizartean, baina «borondate oso sendoa» dago euskararen normalizazioan aurrera egiteko. Bestalde, «uztai soziopolitikoaren parterik handienak manifestazioarekin bat» egin izana ontzat jo du Kontseiluak: «Euskararen normalizazioa adostasun sozialak handituz eta sakonduz etorriko da, eta larunbatekoa, alde horretatik ere, noranzko egokian doala uste dugu».
Bide luzea
Manifestazioa «noranzko egokian egindako urratsa» izan arren, Eskisabel ohartzen da oraindik asko dagoela egiteko. Izan ere, azpimarratu zuen «oldarraldi judizialak» gaur-gaurkoz «ez duela etenik». Hori dela eta, Kontseiluaren «ardura eta erantzukizuna» izango da «indar hori guztia ahalik eta ondoen bideratzea». Konpromisoa hartu du horretarako, «betiere, euskararen normalizazioaren alde eta kontsentsu sozialean sakontzearen alde».
Euskarak egun dituen erronkei aurre egiteko moduko hizkuntza politikak bideratzeko, «itun soziopolitiko bat» galdegin zuen Eskisabelek larunbatean. Haren ustez, garaia da «hizkuntza politiketan jauzi bat egiteko aurrera». Bilboko udaletxeko ataritik esan bezala: «Aurre egitetik aurrera egitera». Eta hala berretsi zuen atzo ere. Haren irudiko, akordio hori ezinbestekoa da, «oldarraldirik ezean» ere beharrezkoa litzatekeen bezala, «euskararen normalizazioan aurrera egiteko». Hori bideratzea izango da orain Kontseiluaren asmoa, «adostasunak bilatuz eta landuz».
«Horrek guztiak denon lana, bultzada eta erantzukizuna behar ditu», adierazi zuen Eskisabelek. Hala ere, uste du eragile batzuek ekarpen zehatzagoa egin dezaketela. Hori dela eta, botere judizialari, erakunde publikoei eta gizarte eragileei eskaera bana egin die. Botere judizialari «lanketa bat» egitea proposatu dio: «Uste dugu botere judizialaren eremuan hizkuntza eskubideen gaineko gogoeta egin beharko litzatekeela: sentsibilizazioa eta kontraste lana».
Erakunde publikoek, bestalde, bi esparrutan egin dezakete azpimarra. Batetik, normalizazioaren aurkako epaiak heltzen direnean, haien ardura da «auzibideak azken bururaino eramatea». Hots, «helegite bide guztia» jarri behar dute martxan. Bestetik, «ausart izateko» deia egin die idazkari nagusiak: «Oldarraldiari kasurik egin gabe edo oldarraldia sortzen ari den testuinguru juridiko hertsi horri kasurik egin gabe, euskararen normalizazioak behar dituen arau eta legeak abian jartzea, automurrizketarik gabe». Erakunde publikoei ez ezik, alderdiei ere eskatu die «oldarraldi judizialak etena izango duelako berme» izan daitezen, eta «hizkuntza politika ausartak» babes ditzaten: «Erakunde publikoei eskatutako urratsen sostengu eta indartzaile izan behar dute alderdiek».
Eragile sozialen eta herritarren beharra ere badu euskarak: «Euskararen normalizazioak denok behar gaitu». Azaroaren 4ko manifestazioa ez dadin amaiera izan, Eskisabelek eragileei galdegin die egitasmoak martxan jar ditzatela: «Bide luze baten hasieran gaude: jarri abian oldarraldiaren aurkako eta, orokorrean, euskararen normalizazioan sakontzeko jardunbideak eta ekimenak. Euskararen normalizazioa zehar lerro bat izan dadila bakoitzaren jardunetan». Eragileei eta herritarrei «ekarpen eskaera bat» egin dietenez, Kontseiluak horri bide emateko tresna bat sortu du. Hain zuzen, euskalgintzako eta hainbat sektoretako eragileekin batera, euskararen normalizazioaren aurkako epaiak daudenerako protokolo bat landu dute. «Tresna garrantzitsua da: ez da ezer bukatu, hau luzea izango da, eta, horregatik, garrantzitsua da denon ekarpena».
Esker ona
Atzoko agerraldia eskerrak emateko ere baliatu zuen Eskisabelek. Eskerrak eman zizkien «oldarraldiari aurre egiteko asmoz» Bilboko kaleak hartu zituzten 70.000 lagunei. Eta ez zituen ahaztu azken hilabeteetan «lan nekaezina» egin duten kideak: «Eskerrik asko herriz herri manifestazio honi bultzada ematen aritu diren herritar, elkarte eta eragile guztiei». Adierazi zuenez, «sekulako lana» egin dute: «Eskerrik asko jendearekin hizketan, argazki eta bideoak egiten, kartelak jartzen, autobusak antolatzen, manifestazioan laguntzen... aritu diren ehunka boluntarioei».
Euskararen aurkako oldarraldia. Kontseilua
Kontseiluak akordio soziopolitikoa bideratzeko konpromisoa hartu du
Botere judizialari, erakunde publikoei eta gizarte eragileei eskaera bana egin die. Adierazi du larunbateko manifestazioak aurreikuspenak gainditu zituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu