Kontseiluak dei egin die euskaltzaleei ekainaren 13an Iruñean elkartzeko

Euskaltzaleon Martxa eginen dute euskaraz bizitzeko baldintza errealak eskatzeko: ofizialtasun osoa, jauzia hizkuntza politiketan eta euskaltzaletasuna. Eskisabel: «Batu gaitezen denon artean pizkundea bigarren txinparta batekin suspertzeko».

Agerraldi jendetsua egin du gaur Euskalgintzaren Kontseiluak Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Agerraldi jendetsua egin du gaur Euskalgintzaren Kontseiluak Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko maiatzaren 5a
19:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldi jendetsua egin du, heldu den ekainaren 13an Iruñean antolatu duten mobilizazioa aurkezteko. «Euskaraz bizitzeko behar den dena» eskatuko dute egun horretan: «Norberaren erabakimenaz harago euskaraz bizitzea egiaz posible egingo duten baldintzak, euskaltzale antolatu gisa eskatu behar ditugunak, eta justizia sozialean eta demokrazian sinesten duen gizarte gisa eratu beharrekoak», esplikatu du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak. Abendu bukaeran, euskarak premiazkoa duen pizkundea aldarrikatu zuten Bilbon; «lehen txinparta», Eskisabelen hitzetan. «Batu gaitezen denon artean pizkundea bigarren txinparta batekin suspertzeko».

Hiru zutabetan banatuko da Kontseiluak ekainerako antolatu duen Euskaltzaleon Martxa, eta «euskaraz bizitzeko baldintzak eratzeko ezinbestekoak» diren hiru oinarriak ordezkatuko dituzte. Lehen zutabeak «ofizialtasun osoa» eskatuko du. Kontseiluaren iritziz, euskararen normalizazioan aitzina «irmo eta bermez» egiteko ezinbestekoa baita euskara ofiziala izatea Euskal Herri osoan, «gaztelera eta frantsesaren pare, bestelako baldintza murriztailerik gabe». Bigarren zutabeak, haatik, hizkuntza politiketan eman beharreko jauzia aldarrikatuko du: «Euskarak etorkizunik izango badu eta mundu aldaketa hauetara denetara egokituko bada, premiazkoa da paradigma aldaketa bat gertatzea hizkuntza politiketan, eta euskararen ezagutza orokortzeko eta normaltasunez erabili ahal izateko baldintza errealak sortzea», esplikatu du Eskisabelek. Hirugarren zutabeak, azkenik, euskaltzaletasuna defendatuko du: «Herritarron ardura eta eginkizuna azpimarratu ez ezik balioetsi egin nahi ditugu zutabe honen bidez. Euskarak aurrera egingo badu, herritarron ekarpen eta ekinari esker egingo du aurrera, beste garai ilun batzuetan bezala, euskaltzaleon ekimen antolatuari esker».

Baina «kezkarako eta larritasunerako» motiboak ez ezik, «harrotzekoak eta poztekoak» ere badaudela uste du Kontseiluak, eta horregatik festa kutsua eman nahi diote ekainaren 13ko martxari. Zutabeetako bakoitza txupinazo eta pregoi batekin hasiko da, eta Ion Celestino musikari iruindarrak egun horretarako sortutako doinuaren konpasean egingo du Gazteluko plazara bitarteko bidea. Zutabe bakoitza zabalduko duen pankarta, berriz, artista batek egingo du, Iruñeko peñek erabiltzen duten pankartaren moldean. Asisko Urmeneta, Patxi Huarte eta Malen Amenabar izango dira irudi horien egileak. Zutabeak 17:00etan abiatuko dira Antoniuttitik, Runa parketik eta Askatasuna enparantzatik, eta 18:00etan Gazteluko plaza izango da denen elkargunea, ekitaldi nagusia ospatzeko.

Euskaltzaleon garaia

Kontseiluak uste du Euskararen etorkizuna «jokoan» dagoela, eta ezinbestekoak zaizkio euskaltzaleon «ekarpena eta ekina». Azken urteetako mundu aldaketa «sakon eta bizkorrak» aipatu ditu Eskisabelek, eta aldaketa horiek ekarri dituzten «desafio berri eta erraldoiak». Mundu osoko hizkuntza eta hizkuntz komunitate gehienei eragin dietela iritzi dio, «zer esanik ez hizkuntza minorizatuei». Horiei erantzun ahal izateko hizkuntza politiketan jauzi bat emateko eskatzen ari dira euskalgintzaren eta gizartearen parte handi bat, baina Eskisabelek deitoratu du euskararen etorkizuna oztopatzeko ahaleginak ere erauntsi betean direla. Azken boladako adibide batzuk eman ditu: Ipar Euskal Herriko ikasleei azterketak euskaraz egiteko debeku «zentzugabea» berrestea, Nafarroan euskarazko irakaskuntzak atzera egin dezan iragarri dituzten neurriak, edota Euskal Autonomia Erkidegoan normalizazio neurrien kontra gertatzen ari den oldarraldi antolatua. «Finean, horiek denak euskararen eta euskal hiztun komunitatearen erroko arazoaren ispilu dira: hizkuntza eta hiztun minorizatuak garela».

Horregatik, Kontseiluak berretsi du «euskaltzaleon garaia» dela. «Behin baino gehiagotan ikusi dugu euskararen etorkizuna kinka larrian. Hileta soinuak ere ibili ditugu. Baina une horietako bakoitzean euskaltzaletasunak, milaka jenderen era bateko edo besteko konpromisoak, eman dio aurrera egiteko arnasa euskarari, euskal hiztun komunitateari», erran du Eskisabelek.

Hainbat kulturgileren laguntzarekin irudikatu dute ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxa, hala nola Aritz Ibañez, Ihitz Iriart, Ion Celestino eta Oier Zuñigaren laguntzarekin. Eskerrak eman dizkiete guztiei. «Kontseiluan argi dugu euskarak beste Pizkunderik izango badu kultur ekosistema sendo batek lagunduta izango duela; euskarak kulturgintza indartsu bat behar duela etorkizunik izango badu».

Azkenik, Carlos Garaikoetxea oroitzeko ere baliatu dute agerraldia: «Historia garaikidean arrasto nabarmena utzi duen politikaria eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia ez ezik, euskaltzale handia. Halaxe gogoratuko dugu», erran du Eskisabelek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA