Larunbatean beteko dira 32 urte Nafarroako Euskararen Legea indarrean sartu zela. Agintaldi honetan hura aldatzea izan da laukoaren helburu nagusietako bat. Kontseiluak kritikatu du, ordea, lgealdia amaitzear izanik, Nafarroako Parlamentuan lege berriaren oinarriak jartzea helburu duen batzorde bereziak ez duela inolako azalpenik eman egiten ari denari buruz.
"Atzerapenez bada ere, ekin zion batzordeak lanari, sei hilabeteko epean proposamena aurkeztu behar zuelakoan. Baina gaur da eguna zeinean ez dakigun zer gertatzen den batzorde horretan", adierazi du Paul Bilbaok.
Bilbaok gogorarazi du azken urteetan Kontseiluak hainbat proposamen helarazi dizkiela gobernuari eta parlamentuari, besteak beste, euskararen lege berri baten "ardatz nagusiak" non egon beharko liratekeen adieraziz. "Iruñerrian eta Lizarraldean ehunka heritarren bizipenak jarri ditugu parlamentarien esku. Orain, beraz, galdera bat besterik ez zaigu geratzen: ba al goaz aurrera?".
Hala, Kontseiluak eskaera egin dio beste behin parlamentuari, indarrean den Euskararen Legea alda dezan: "Hori zor zaigula uste dugu. Finean, guk jarraituko dugu hizkuntza eskubideen, justiziaren, kohesioaren eta berdintasunaren afera erdigunean jartzen, harik eta hizki larriz idatzitako aldaketa erdietsi arte".