Kontseiluak neurriak eskatu ditu hezkuntzan, pizkunderako funtsezkoa izan dadin

Hezkuntza administrazioei eskatu die bermatu dezatela ikasle orori euskara eta euskaraz ikasteko modua emango dion eredua. Zaurgarritasun soziolinguistikoa eta sozioekonomikoa loturik daudela nabarmendu du.

Kontseiluaren agerraldia, maiatzean. JON URBE / FOKU
Kontseiluaren agerraldia, maiatzean. JON URBE / FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko irailaren 4a
18:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egungo larrialdi egoera itzulikatu eta euskarari etorkizuna bermatzeko erronka proposatu zuen maiatzean Euskalgintzaren Kontseiluak: hamar urtean 300.000 hiztun oso eta gaitu gehiago izatea Euskal Herrian. Pizkunde hori bultzatzeko gako nagusietako bat hezkuntza sistema izango dela iritzi diote, eta horregatik, hainbat neurri proposatu eta eskatu dituzte ikasturte berria abiatzearekin batera. «Erronka nagusietakoa da euskarari etorkizuna bermatzea, normalizazio eta biziberritze prozesuan pizkunde berri bat eragitea», adierazi dute ohar batean. 

Kontseiluaren hitzetan, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan «oinarrizkoa» da hezkuntza administrazioa bera izatea euskara erdigunean izango duen ereduaren proposatzaile eta bultzatzaile, «eta ez, orain arte bezala, horretarako trabak jartzen dituena». Era berean, ezinbestekotzat jo dute ikasle orori bere irakaskuntza ibilbidean euskararekin gutxieneko harremana izango duela bermatzea.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, haatik, premiazkoa zaie egungo ereduen sistema gainditu eta euskarazko eredu inklusiboa orokortzea. «Ereduetan oinarritutako sistema bihurtu da trabarik handiena hezkuntza euskararen normalizaziorako egiazko tresna izan dadin. Izan ere, aspalditik jakin eta frogatu da A eta B ereduek ez dutela balio ikasleei euskara bermatzeko, ezta Hezkuntza Legeak ezarritako helburuetara iristeko ere», adierazi dute. 

D eredua ere, hankamotz

Nolanahi ere, azken urteetan agerian geratu da D ereduan ere zailtasunak daudela ikasleei euskaraz jabetzeko eskubidea bermatzeko, Kontseiluaren ustez. «Logikoa denez, euskararen ikuspegitik zenbat eta eremu soziolinguistikoki zaurgarriagoan egon, orduan eta handiagoa da zailtasuna gaitasun hori eskuratzeko. Horri erantsi behar zaio zenbaitetan zaurgarritasun soziolinguistikoa eta zaurgarritasun sozioekonomikoa loturik daudela, eta nabarmen apaltzen dela euskaraz jabetzeko aukera ikasle askorentzat». Euskal Herrira iritsi berri diren migratuentzat hizkuntzaren ikuspegitik egokia izango den harrera politika bat behar dela erran dute. Honela laburbildu dute erronka: «Euskara gutxien duenari gehiago ematea».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA