Eusko Legebiltzarrak onartutako Kontsultaren legeaz erabakitzeko abuztua ere erabiliko du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, aho batez hartutako deliberoan. Helegitea dela-eta, gaur Lakuako iturriek jakinarazi dute datorren astean aurkeztuko dituztela haren kontra alegazioak.
Espainiako Gobernuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak hala eskatuta erabaki du hori. Hain justu, Madrilek legeari jarritako helegitea aztertzeko prozesua bizkortzeko abuztuko oporraldia erabiliko du. Atzo tramitera onartu zuen Konstituzionalak Madrilgo gobernuak jarritako helegitea, eta bost hilabeteko epea izango du ebazpena emateko.
Herri galdeketa urriaren 25ean egiteko asmoa du Eusko Jaurlaritzak, baina Espainiako Gobernuak jarritako helegitea dela-eta, honen gaineko ebazpena bost hilabeteko epe hori baino lehenago kaleratu ezean, hutsaren pare geratuko da asmo hori.
Eusko Legebiltzarrak ekainaren 27an onartu zuen aipatutako legea, eta horren xedea EAEn erreferenduma egitea dela uste du Espainiako Gobernuak. Espainiako Konstituzioak erreferendumak egiteko eskumena “Espainiako nazioari” ematen diola ohartarazi du.
EAEko lehendakari Juan Jose Ibarretxeren aburuz, helegitea “ahula” da, “galdeketa kontsulta baita, ez erreferenduma eta loteslea”. “Hortaz, atzo [herenegun] baino arrazoi handiagoa dugu galdeketaren bidean segitzeko”.
Ibarretxek dio, galdeketaren legearen aurkako helegitea dela-eta, “[EAE] autonomia bertan behera" utzi duela Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak. Halere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskundeak ez dituela aurreratuko adierazi zuen herenegun, ez duela hori aurreikusten, behintzat. 2005eko udaberrian egin zituzten EAEko bozak azkeneko aldiz eta, beraz, hurrengo urteko udaberrian egingo lirateke berriro berez.
Alegazioak aurkeztuko dituzte
Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi du heldu den astean, asteartean egingo duten bilkuran, alegazioak aurkeztuko dituela Espainiako Gobernuak Kontsulta legeari jarritako helegiteari kontra egiteko. Lakuako iturriek espero dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalak "oinarri juridikoak politikoen aurretik" jarriko dituela, helegitearen gaineko erabakia hartzeko tenorean. Horrenbestez, galdeketa egiten uzteko eskatu dio auzitegiari.
Gainera, "sortutako arazoaren erantzule bakarra" Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapatero dela berretsi du Lakuak. Konstituzionalak Madrilgo gobernuaren helegitea tramitera onartzeak EAEko "autogobernua bertan behera" utzi duela salatu dute Jaurlaritzako iturriek.
Kultura sailburu eta Jaurlaritzako eledun Miren Azkaratek Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde Maria Teresa Fernandez de la Vegarekin haserre agertu da, honek Kontsulta legearen gaineko ebazpena baldintzatu nahi duela iradokita. "Auzitegi Konstituzionaleko presidentea dela uste" duen galdetu dio Azkaratek.
Politika
Kontsultaren legeaz erabakitzeko abuztua ere erabiliko du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak
Madrilek eta EAEko lehendakariak eskatuta erabaki du legeari jarritako helegitea aztertzeko prozesua bizkortzeko abuztuko oporraldia erabiltzea. Eusko Jaurlaritzak heldu den astean aurkeztuko ditu helegitearen kontrako alegazioak. "Arrazoi juridikoak politikoen aurretik" jartzeko eskatu dio auzitegiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu