Lopezen adierazpenak. Erreakzioak

Kontuak eskatu ditu euskalgintzak, eta euskara politizatu izana salatu

Lekuz eta garaiz kanpoko adierazpenak egin izana leporatu diote Lopezi, eta euskalgintza mugimendu askotarikoa dela adierazi duteAskatasun falta euskaldunek nozitzen dute, eragileen ustez, trabak jartzen dizkietelako

Patxi Lopez, herenegun, batzordearen bileran. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Harrituta eta haserre, kargu hartu dio euskalgintzak Patxi Lopezi, Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. Gogoeta egiteko eskatu diote, eta euskalgintza mugimendu plurala dela nabarmendu. Ulergaitz zaie euskara eta indarkeria erlazionatzea. Lopezek euskararen «askatasuna» indarkeriaren amaierarekin lotu zuela, hala ondorioztatu dute eragile gehien-gehienek, eta hori gaitzetsi —euskalgintzako elkarte batzuek ez dute baloraziorik egin nahi izan—. «Indarkeriarekin lotzeaz gain, guztiz lotu du gure hizkuntza politika eta aurreiritzi ideologikoekin», salatu du Mertxe Mugikak, AEK-ko arduradunak. Bildutakoen artean, bakarrak egin du bestelako interpretazioa, Andres Urrutia euskaltzainburuak: «Ulertu nuen bake egoerak lagunduko lukeela euskararen aurrerakuntzan. Ez zuen inola ere batak bestea baldintzatzen».

Finean, bi esaldik eragin dute zalaparta. Bi adierazpen, elkarren ondoan: «Bortizkeriaren bukaerak gauzak erraztuko dizkio euskarari», bata; «euskarak bat egingo du behin betiko askatasunarekin», bestea. Herenegun esan zuen hori Lopezek. Bildu berri zen Euskararen Aholku Batzordea, Jaurlaritzak berak hainbat kide aldatuta —polemika eragin zuten hainbat izendapenek; kasurako, Jon Juaristirenak, hark euskarari buruz egindako adierazpen gogorrak tarteko—.

Testuingurua gogoan, lekuz eta garaiz kanpo egotea leporatu diote lehendakariari: «Aspaldian entzuten ez zirenak jarri ditu berriro mahai gainean», Mugikaren iritziko. Hartara, «harridura eta haserrea» eragin dizkio Koldo Tellituri, Ikastolen Elkarteko presidenteari. «Bazirudien nahi zutela beste irudi bat eman euskararekiko. Asko harritu nau, hain zuzen, Euskararen Aholku Batzordean egiteak lotura euskararen eta indarkeriaren artean». Tellituk salatu du inguru hori «baliatzea» horrelako adierazpen bat egiteko.

Askatasuna euskaldunek falta dutela, hori erantzun dute Sagrario Aleman euskaltzainak eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. «Euskarari oztopoak jartzen zaizkio, besteak beste, administraziotik. Hizkuntz politika egokia egiten denean izango du askatasuna, eta hizkuntza hautatzeko aukera dugunean», dio Alemanek. Hala uste du Bilbaok ere, eta, horregatik, adierazpena «ezin onartuzkoa» dela uste du. «Ezin da ulertu eskubideei baldintza jartzea». Gainera, beste asmo bat ere ikusi du Bilbaok: «Xantaia kutsua ere izan dezake: inplizituki adierazi du orain arte zaildu egin dela euskalgintzaren lana». Hala uste du Bilbaok berak ere, baina euskalgintzaren aurkako polizia operazioak gogoan.

Lopezen hitzen oihartzuna gogoan, euskararen irudiak kaltea izan dezakeela uste dute zenbait eragilek. «Euskara ikastera edo erabiltzera animatzeko, ez dute mesede egiten horrelako adierazpenek», uste du Alemanek. Euskara politizatzea salatu du Mugikak: «Esaten da euskarak politikatik urrundu behar duela, baina oraingoan erabat politizatu da».

Eta euskarari buruzko polemika horrek ze eragin izango du euskalgintzaren barruan? «Pluraltasuna dago, eta sentimendu asko eragingo ditu. Baina lanean eta mugimenduan ari den jendearentzat, horrek ez du ezer aldatuko». Hala adierazi du Topaguneko kide Iker Martinez de Lagosek.

Euskararen Aholku Batzorde berrituak bidea hasi orduko sortu da polemika. Hango kide dira Mugika eta Urrutia. Ika-mikez gaindi, lanean jarraitzeko itxaropena dute biek. Euskaltzainburuak dio asmo «interesgarriak» dituztela mahai gainean. Gogotsu daudela azaldu du Mugikak ere. «Lanerako garaia dator, eta denborak esango du zein den emaitza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.