Atutxa auzia

Kontxi Bilbaok legebiltzarkide izateari utzi beharko dio

Auzitegi Gorenak gaur zehaztu du Juan Maria Atutxari, Gorka Knörri eta hirurei jarritako inhabilitazio zigorra parlamentario posturako dela. Bilbao Eusko Legebiltzarrean parlamentarioa da gaur egun ere. Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du zigortuek jarritako babes helegitea.

2008ko apirilaren 28a
19:03
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak gaur zehaztu duenez, bertako Zigor Salak Juan Maria Atutxa, Gorka Knörr eta Kontxi Bilbao Eusko Legebiltzarreko mahaikide izandakoei jarritako inhabilitazio zigorra parlamentario posturako da, ez beste karguetarako. Auzitegi Konstituzionalak, berriz, atzera bota du zigortuek Gorenaren epaia dela-eta jarritako babes helegitea.

Hiruren artetik, Bilbaok baino ez du segitzen politikan kargu publiko izaten: parlamentarioa da Eusko Legebiltzarrean, EBtik. Beraz, Auzitegi Gorenak gaur esan duenaren arabera, kargua utzi beharko du. Atutxak gaur egun Sabino Arana Fundazioko lehendakaria da, Knörr Bartzelonan bizi da.

Atutxa Legebiltzarreko Mahaiko lehendakariari beste biei baino zigor handiagoa ezarri dio Gorenak: urte eta erdiko inhabilitazioa eta 18.000 euroko isuna. Knörri eta Bilbaori, aldiz, urtebeteko inhabilitazioa eta 12.000 euroko isuna.

Legebiltzarreko Mahaiko kide zirela 2003an Sozialista Abertzaleak ez desegiteagatik "desobedientzia" jarrera "agerikoa" izatea leporatu die Gorenak hiru haiei. Epaia joan den urtarrilaren 21ean erabaki zuen Gorenak, baina orduan zigorra ezarri ziela baino ez zuen jakinarazi. Epaiaren argudioak, zigor zehatzak eta boto partikularrak apirilaren 16an jakinarazi zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.