«Ezin dugu, gure isiltasunarekin, Palestinako sarraskia onartzen jarraitu! Su etena orain! Laguntza humanitarioa orain!». Begirune fundazioak, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eta Pertsonalde Getxoko (Bizkaia) gobernuz kanpoko erakundeak uste dute ahotsa goratzeko garaia iritsi dela: «Ez da nahikoa berri jasanezin horiek bakardadean sufritzea. Kalera atera behar dugu, eta ozen eta argi adierazi gure gaitzespena». Horregatik, kontzentrazioa antolatu dute, etziko, 18:30ean, Bilboko Plaza Eliptikoan (Moyua plaza).
Hiru elkarteek uste dute gizarteak denbora gehiegi daramala, «ikararen eta harriduraren artean», Palestinako herriaren sarraskia ikusten: «Jasan beharko genituzkeen baino milaka eszena gordinago ari dira gure begien aurrean pasatzen». Palestina «sarraskitzea» egotzi diote Israeli. 65.000 hildako dira, horietatik 15.000 haurrak. «Arma militar gisa gosetea eragiteak eta osasun baliabideen faltak jasanezina egiten dute egoera», salatu dute. «Baita ospitaleak eta errefuxiatuen esparruak helburu militar bihurtzeak ere».
Kontzentrazio bat antolatu dute: «Historiak erakutsi digulako herritarren presioak, irmotasunez eta ahots bakarrarekin oihu egiten duenean, egoerak aldatzea lortzen duela».
Nafarroako Yala eta BDZ
Iganderako, berriz, manifestazioa antolatu dute Nafarroako Yala eta BDZ Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak taldeek, Iruñean. Martxa 12:00etan abiatuko da, Baluarte plazatik, Israel Palestinan erabiltzen ari den «indarkeria jasanezina» salatzeko. Gehitu dute Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Gazaren kontrako erasoa areagotzeko mehatxua egin duela.
Herritarrei eskatu diete kalera ateratzeko, egoera gaitzesteko. Nafarroako Gobernuari eta erakundeei, berriz, eskatu diete «benetan» erakuts dezatela giza eskubideekiko eta nazioarteko zuzenbide humanitarioarekiko duten konpromisoa: «Orain da momentua. Erakundeek gizarteari entzuteko garaia da, eta hitzetatik ekintzetara pasatzekoa, genozidioak, apartheidak eta okupazioa jarraitzen duten bitartean Israelekiko harremanak etenda».
Gernika Palestina herri ekinaldiak giza irudi bat eta ekitaldi bat egingo ditu igandean, Donostiako Alderdi Ederren. Bihar emango dituzte xehetasunak.
EH Bairen gutuna Etxegarairi
EH Baik gutuna bidali dio Jean Rene Etxegarai Baionako alkateari. Gogorarazi diote iaz Palestinako bandera kendu zuela San Izpiritu zubitik, eta aurten Israelgoa jarri duela. «Iaz Palestinako bandera kentzea eta aurten Israelgo bandera ezartzea baionarren zati handi batek ez du gehiago malestrukeria bezala interpretatzen, baizik eta beren hiria lotsarazten duen jarrera gisa», esan diote Etxegarairi. EH Baik uste du banderekin erakutsitakoa ez dela alkatearen benetako jarrera, eta, beraz, eskatu diote joka dezala bere benetako jarreraren arabera.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak adierazpen bat kaleratu du, aste honetan, Gazako genozidioa geratzeko exijitzeko. Pentsiodunei eskatu diete bat egin dezatela Palestinaren alde egiten diren mobilizazioekin.