Danimarkako Fiskaltzak espetxe zigorrak eskatu ditu 2009ko abenduan Kopenhageko Klimaren goi bileran protesta egin zuten Greenpeaceko hamaika kideentzat, tartean, Juan Lopez de Uralde donostiarrarentzat. Legez kontra sartzea, agiriak faltsutzea eta funtzionario publiko bat ordezkatzea leporatzen die. Greenpeacek jakinarazi duenez, sei urtetik gorako espetxe zigor eskaera izan daiteke.
Elkarte ekologistaren hitzetan, garbi geratu da Klimaren goi bileraren porrota ordainarazi nahi dietela orain, "eskaera neurrigabekoak eta bidegabeak eskatuz". Lopez de Uraldek esan du behinik behin espetxean igaro zituen hogei egunak bidegabeak izan zirela jada. Greenpeaceko zuzendari Kumi Naidook protesta modu baketsuak egiteko eskubidea aldarrikatu du.