Enekoitz Esnaola. BERRIAko kazetaria

«Korapilo askatze bat izan zen Luhusokoa»

2011tik ez atzera ez aurrera zegoen egoera bati irtenbidea eman zion armagabetze prozesuak, Esnaolaren ustez; 2018an aro «erabat berria» zabalduko da ETAren desmobilizazioarekin.

jon olano
<i>Donostia</i>
2017ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Soslai askotariko jendearen ikuspuntuak bilduta, armagabetze prozesuak Luhuso aurretik Baionara eginiko bidea jaso du Enekoitz Esnaolak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1970) Luhuso: armagabetze zibilaren kontakizuna liburuan.

«Polizia! Polizia!». Bakegileen B plana zen abenduaren 16an gertatutakoa. Zein zen A plana?

A plana zen bi bideo grabatzea eta horietako baten laburpen bat nazioarteko bi autoritateri ematea. Horietako bat Harold Good apaiz protestantea zen, eta Good bera abenduaren 17an zen joatekoa ikustera zer egin zen bezperan. Ondoren, urtarrilaren erdialdera joango ziren Frantziako Gobernuarengana bideo horrekin, esango zioten zein zen asmoa, eta bi asteko epea emango zioten erantzun zezan lankidetza eskema batean sartuko ote zen armagabetzearen alorrean. Ez bazen sartzen, otsailaren erdian, Euskal Herriko eta Frantziako Estatuko 30 bat lagunek prentsaurreko bat emango zuten Parisen, esanez armagabetzea hasia zela, Luhuson eginiko operatiboaren armak herri batean zeudela; une berean, ordezkari bat Baionako prokuradorearengana joango zen esateko non zeuden armak, eta Luhusokoen eta ETAren arteko gutunak erakutsiko zituzten, erakusteko zein zen asmoa.

Blokeoa zegoen armagabetzean. Norena izan zen armagabetze zibila egiteko ekimena?

Prozesu bat izan zen. 2011n, ustez, konpromiso batzuk zeuden gero Oslon hitz egiteko, eta horietako puntu bat zen armagabetzea aztertzea eta adostea. Hori ez zen aurrera atera. Gero ETAk 2012ko udazkenean eskaintza bat egin zion Frantziari, ondoren NEBen bidea hasi zen, hori ere trabatu zen, gero Ipar Euskal Herriko saio bat egon zen Parisen, Lokarriren plana, Jaurlaritza... gaia hor zegoen. Baina, batez ere, 2016ko hasieratik, gizarte zibilaren jauzi bat zegoen parte aktiboa izateko. 2016ko urtarrilean izan zen hirugarren Foro Soziala, eta, aldi berean, Luhusokoak hasi ziren biltzen eta ETA zundatzen. 2016ko urriaren 12an, zulo bat topatu zuen Frantziako Poliziak Guardia Zibilarekin elkarlanean. Aukera handirik ez zuen ETAk.

Luhusotik bi egunera, atxilo zegoela, polizia batek Jean Noel Etxeberri Txetx-i iradoki zion aske utziko zituztela. Ordu horietan mugitu zen Frantziaren jarrera?

ETAk Parisi eskaintza egin zionean —François Hollande zegoen orduan Frantziako presidentetzan— prestasuna zegoen Parisen, baina ordura arte ez zuen Espainiaren kontrako ezer egin nahi. Luhuson, ordea, gertatu zen ordura arte pasatu ez zena: armagabetzen hasi ziren, eta han zeudenak gizarte zibilekoak ziren; eta, sinatzaileen artean, jende ezaguna: Txetx eta Michel Berhokoirigoin —indarkeria politikoaren aurka azaldutakoak— eta Michel Tubiana, Frantziako Estatuko pertsonalitate bat. Ipar Euskal Herrian azken urteetan ari ziren artikulatzen gizartea eta hautetsiak, eta Luhusokoa eztanda bat izan zen. Gobernura deitzen hasi ziren, baina deitzen zutenak ez ziren ezker abertzalekoak, baizik eta Jean Rene Etxegarai —Baionako auzapeza—, Eric Morvan —Frantziako Pirinio Atlantikoetako prefeta—, Frederique Espagnac senataria... orduan hasten da aldatzen Frantzia.

Polizia harengana iristear zela bidali zituen txioak Etxeberrik. Komunikazioari buruzkoa da liburuaren azpiataletako bat.

Luhusokoek aurreikusi zuten zer gertatuko zen, eta horren arabera jokatu. Aurre hartu zioten bertsio ofizialari. Frantziako Barne Ministerioaren oharra klasikoa izan zen, baina, lehenago, txio horiek zeuden. Gauerdirako, Luhusokoen eta ETAren arteko gutunak zabaldu ziren, oso argiak. Hurrengo egunean, gizarte eragileen batzarra: armagabetze zibila aipatu zuten. Bi ordura, hautetsien bilera,eta arratsaldean, manifestazioa. Dena aurrez pentsatuta zegoen.

Zaindu zituzten hauteskundeen epeak, baina aktore aldaketek ere garrantzia izan zuten.

Abenduaren 1ean, Hollandek esan zuen ez zela berriro bozetara aurkeztuko, eta bakegileek pentsatu zuten libreago egongo zela armagabetzeari heltzeko. 6an, Manuel Vallsek utzi zuen lehen ministro kargua, eta Bernard Cazeneuve Barne ministro zenak ordezkatu zuen. Ordurako erabakita zuten Luhusokoaren data, baina aipatutakoa oso garrantzitsua da, Cazeneuve ezagutzen zutelako. 2015ean, Parisko eraso jihadisten ostean, larrialdi egoeran zen Frantzia, eta garai horretan mobilizazio batzuk antolatu zituen Alternatibak. Arduraduna Txetx zen, eta Cazeneuve eta Vormanekin bildu zen orduan. Kasualitatea... zorte kontua ere bada, baina saria egokitzeko, errifako txartelak erosi behar dira.

David Pla Konponbiderako ETAren ordezkaritzako kidea ere elkarrizketatu duzu. Nola bizi izan zuen prozesua?

Liburuan dio urduri bizi izan zituela lehen uneak, baina erantzuna ikustean baikor zegoela.

Nolabait, haren urduritasunak erakusten du ziurtasunik ez zegoela apirilaren 8an.

Hori dio Etxegaraik ere: apirilaren 6ra arte ez zekiela ondo joango ote zen. Iturri batetik eta bestetik jasotzen zuten atxilotuak izateko arriskua zegoela, Guardia Zibilak zer egingo zuen ere zalantza zegoen, publikoki Frantziaren erantzunik ez... normala da jendea bukaerara arte erne egotea.

Martxoaren 20ko bilera garrantzitsua izan zen, baina hiru egun lehenago iragarri zuten apirilaren 8ko data. Eguna publiko egitearekin ez ziren denak ados.

Aurretik bazituzten harremanak Frantziarekin, baina ez zuen pausorik ematen bakegileekin bilerak egiten hasteko. Bozetarako kanpaina apirilaren 10ean hasten zenez, 8an ezarri zuten. Hiru aste lehenago iruditu zitzaien iragarri behar zutela, hiru aste horietan beste hainbat zeregin zituztelako. Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ez zeuden ados, beste eragile askok dudak zituzten. Normala da, baina iragartzea oso inportantea izan zen, dena azkartu zuelako. Sylviane Alaux diputatuak, Alice Leizeagezahar Akitania Berriko kontseilariak... diote Frantzia behartu zutela posizio bat hartzera. Ezin zen kontra jarri.

Jaurlaritzak eta bakegileek bazituzten tirabira gehiago ere.

Egun berean ekitaldi instituzionala eta soziala egitearekin ez zetorren bat Jaurlaritza; iruditzen zitzaion biktimak kontuan hartu behar zirela. Ekitaldi instituzionala egun bat edo bi lehenago egitea nahi zuen, baina apirilaren 5-6an ikusi zuen ezinezkoa zela. Bakegileek diote kontua ez zela aurreratzea edo ez, baizik eta 500 bat laguneko operatibo bat zutela.

Oraingo perspektibarekin: zer izan zen Luhusokoa?

Korapilo askatze bat. Gatazkaren ondorioen korapilo bat askatzen joateko elementu bat. Armagabetzea hor zegoen bost urte eta erdian, ez zen askatzen, eta Luhuson hasi zen; Baionan askatu zen. Gatazkaren ondorioen korapiloetako bat desegin zen, baina horrek ahalbidetzeko beste korapilo batzuk askatzea; besteak beste, eta nagusiki, presoena.

Hurrengo pausoa, ETAren desmobilizazioa? Luhusoren jiran gertatu denak laguntzen al du ulertzen zer izan daitekeen ETAren desmobilizazio prozesua?

Plak esaten du ETAk armagabetzea zuela lehentasun, baina hori aurrera doan heinean hasten da ETA desegiteari buruzko gogoetan. Korapiloak askatzen joateko beste elementu bat izango da desmobilizazioa, eta egoera erabat berria irekiko da 2018an.

Zer moduz making of-a?

Zortea izan dut, jendea prest egon delako hitz egiteko. Batzuek bazuten kezka, hau ote den momentua... baina hitz egiteko prest azaldu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.