Koronabirusaren agerraldiak

Koronabirusaren aurreneko olatua makaldu eta konfinamendua arintzen hasi ondoren, agerraldi gehiago izan ditu COVID-19ak.

2020ko ekainaren 23a
16:58
Entzun

Hauek dira ekainetik aurrera Euskal Herrian sortu diren koronabirusaren agerraldi nagusiak. Teknikoki, etxe batean (edo leku batean) baino gehiagotan elkarrekin bizikidetza harremanik ez duten hiru pertsona gutxienez kutsatzen direnean kontsideratzen da gertatu dela agerraldi bat. Nafarroan, uztailaren 23 arte, 26 agerraldi zenbatuak zituzten guztira. Zerrenda honetan bildutakoak agerraldi nagusiak dira, jende gehien kutsatu dutenak —abuztuaren 3ra arteko datuekin eguneratua dago artikulu hau—:

19. Zangozako lantegi batean  (abuztuak 3)

Zangozako Udalak neurri berriak ezarri beharra adierazi zuen. Pasa den ostegunean PCR probak egin zizkieten herriko enpresa bateko langileei, behargin bat beste agerraldi batekin kontaktua izan zezakeelakoan. 181 proba egin zituzten, eta hemezortzi lagunek positibo eman dute.

18. Bilboko diskoteka batean (uztailak 22)

Uztailaren 22an itxi zuten Bilboko diskoteka bat. Hurrengo egunean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman zuen 33 kasu positibo antzeman zituztela dantzaleku horrekin lotura zutenak.

17. Iruñeko Mendillorri auzoan (uztailak 17)

Uztailaren 11ko asteburuan Iruñeko Alde Zaharrean sortu zen foku bat, gau giroko tabernetan, eta horri lotutako kasuak zenbait auzotan zabaldu ziren. Uztailaren 22an, foku horri lotutako positibo gehienak Mendillorri auzoko zegoela azaldu zuten osasun zerbitzuek; 137 kasu positibo zituzten atzemanak ordurako. Gehienak gazteak zirela eta, 17 eta 28 urte arteko auzoko gazte guztiei (2.400 bat) testak egiteko azpiegitura bat jarri dute auzoko bigarren hezkuntzako institutuan. Borondatezkoa izan da proba egitea. Auzoa bigarren fasera itzuli dute, hamabost egunez, ikusi arte zer emaitza duen erabaki horrek: saltokiak, tabernak eta establezimendu publikoak %50 arte soilik bete litezke, eta terrazak %75 arte. Kexak eta protestak sortu dira auzoan, eta gizarte eragileek kritikatu dute gazteak eta auzoa jopuntuan jarri izana. Abuztuaren 5ean, altxatu egin dituzte neurriok, eta oraingoz 224 positibo atzeman dituzte. Diferentzia handiarekin, Nafarroan kasu gehien duen agerraldia da, nahiz eta uztailaren 21ean goia zuenetik beherantz egin duen nabarmen.

16. Bergaran (uztailak 17)

Gipuzkoako herrian eginiko PCR azterketetan, hemeretzi positibo atzeman zituzten uztailaren 17tik 23ra. Eusko Jaurlaritzak neurriak ezarri zizkien taberna eta jatetxeei: ezin barran jan-edanik egin, edukieraren erdia bakarrik, eta 23:30ean itxi behar. Udalak ere neurriak hartu zituen: kiroldegiko gimnasioa itxi zuen, ikastaroak bertan behera utzi, eta igerilekuaren edukiera %40ra murriztu zuen. Uztailaren 21ean Bergarako Udalak esan zuen herrian ez zela positibo gehiagorik izan.

15. Eibarren eta Ermuan (uztailak 18)

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azaldu duenez, selektibitate osteko festa batean zuten sorburua Ermuan (Bizkaia) eta Eibarren (Gipuzkoa) sortutako agerraldiek. Uztailaren 18-19ko asteburuan hasi ziren probak egiten, eta uztailaren 20rako 71 lagunek eman zuten positibo Ermuan —geroztik, uztailaren 24 arte, 82 positibo gehiago agertu dira herrian; 153 positibo izan litezke guztira, hortaz—, eta 45ek Eibarren —geroztik 55 positibo gehiago agertu dira herrian, uztailaren 24 arte; guztira 100 izan litezke, beraz—. 600 PCR probatik gora egin zituzten Ermuan, eta birusa udalera heldu zen: langile batek eman zuen positibo. Uztailaren 24an Ermuko alkateak adierazi zuen kontrolpean zegoela kutsatze katea, baina fokuaren eraginez zenbat pertsona kutsatu diren ez dago argi oraindik. Eibarko alkateak, berriz, esan zuen «kostaleko herri batean» selektibitatearen ostean egin ziren festekin lotura duela herriko agerraldiak, baina ezin da baztertu beste foku batzuekin ere nahastea. Ermuko eta Eibarko agerraldiek elkarrekin zer lotura duten ere ez da erabat argitu. Ermuan mugatu egin zituzten tabernetako ordutegiak eta baldintzak.

14.Iruñean beste bat (uztailak 17)

Nafarroako Gobernuak Iruñeko «bizitza sozialarekin eta gaueko aisialdiarekin» lotutako foku baten berri eman zuen uztailaren 17an. Guztira 36 kasu positibo dira agerraldi horrekin lotutakoak.

13. Zarautzen (uztailak 15)

Talai Mendi kanpineko bezero bati detektatu zioten gaitza aurrena, eta beste bati ondoren. Ertzaintzak itxi egin zituen sarbideak, eta kanpineko bezeroei testak egiten hasi zen. Han egon eta etxera itzulitako nafarrei ere testak egin dizkie Nafarroako Gobernuak, eta hamalau kasu positibo antzeman ditu hurrengo egunetan. Baina arazoa ez zegoen kanpinean bakarrik. Handik aurrera ezagutu da uztailaren 8an eta 11n milaka gazte elkartu zirela Zarautzen, selektibitatea bukatu izana ospatzeko. Kanpineko positiboaren berri izan ostean hasi ziren beste kasu batzuk agertzen, eta uztailaren 17tik aurrera 2.000 PCR proba baino gehiago egin zizkieten herritarrei. Guztira 80 kasu positibo agertu ziren, eta Nafarroak Talai Mendi kanpinean egon ostean positibo emandako hamalauak batuz gero, 94 positibo dira, guztira, Zarauzko agerraldiari lotutakoak.

12. Tolosan (uztailak 13)

Tolosan (Gipuzkoa) ere taberna batekin lotutako kutsatze kate batek piztu zuen alarma. Zerbitzari batek positibo eman zuen, eta, geroztik egindako azterketetan, guztira 29 kasu positibo atzeman zituzten. Uztailaren 15ean hasi ziren PCR probak egiten, Beotibar pilotalekuan; 600 herritarri baino gehiagori egin zizkieten testak.

11. Getarian (uztailak 12)

Hilaren 12an ondoeza sentitu eta Zarauzko (Gipuzkoa) osasun etxera joan zen gaixo batek ireki zuen pista. PCR proba egin eta positibo eman ostean, gaixoaren azken egunetako bidea arakatuta jakin zuten Getariako (Gipuzkoa) Politena tabernan egon zitekeela abiapuntua; Madrilen egondako pertsona batek kutsatu zituen beste zenbait. Ehunka laguni egin diete proba ordutik. Agerraldiari lotutako zortzi kasu positiboren berri eman dute, baina uztailaren 15etik aurrera ez dute fokuari buruzko beste daturik eman.

10. Tuterako ezkontza batean (uztailak 9)

Ezkontza batean zabaldu zen koronabirusa. Nafarroako Gobernuak uztailaren 9an eman zuen horren berri, eta, oraindik ere, PCR probak egiten eta kutsatze katea eteten saiatzen ari dira. Gutxienez, 44 pertsona kutsatu dira, horietako 39 Nafarroan. Ia 300 PCR proba egin dizkiete ezkontzan egon zirenei eta haien gertuko kontaktuei.

9. Iruñeko hamaiketako batean (uztailak 6)

Sanferminetako bezperan bazkari batean eta gero taberna giroan ibili zen lagunarte batean kutsatze foku handi bat sortu da Iruñean. Uztailaren 6an egin zuten hamaiketakoa, eta uztailaren 10ean zabaldu zuen gobernuak fokuaren berri. Kutsatutakoen harremanak detektatzen eta haiei probak egiten ari dira oraindik. Guztira, 25 lagun gutxienez kutsatu dira.

8. Ordizian (ekainak 27)

Lleidatik (Herrialde Katalanak) Gipuzkoara etorritako pertsona bat izan zen 0 pazientea, ustez. Ordiziako Etxezarreta kaleko taberna batean zabaldu zen gaitza, baina, konturatu zirenerako, astebete baino gehiago pasatua zen. Osakidetzak Ordiziako herritarrei eta azkeneko astean kale horretan ibilitako herritar guztiei PCR probak egiteko eskatu zien. Uztailaren 6tik aurrera, 2.700 pertsonari baino gehiagori egin zizkieten testak, eta aurretik atzemandako positibo batzuk foku horrekin lotu zituzten. Guztira, 74 lagun kutsatu ziren, horietatik erdiak baino gehiago Ordiziako bizilagunak, eta gainerakoak beste herri askotakoak —dozenaren bat herritan agertu ziren kasu horrekin lotutako positiboak, gehienak Gipuzkoan—.  Tartean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ere izan ziren, eta neurri bereziak hartu zituzten. Bestela ere, udalak eraikin publikoak itxi zituen, eta Eusko Jaurlaritzak aisialdia mugatu, eta maskara derrigorrezkoa izango zela erabaki zuen, neurri hori leku guztietara zabaldu aurretik. Uztailaren 23an aisialdirako mugak kendu zituen Jaurlaritzak, eta agerraldia kontrolatutzat eman zuen.

7. Malerreka eta Bortzirietan (ekainak 22)

Nafarroako Gobernuak kutsatze kopuruen «gorakada» bat gertatu zela jakinarazi zuen, ekainaren 22an, baina foku hitza erabiltzea saihestu zuen. Sunbillan, itxuraz, familia topaketa batean zabaldu zen gaitza. Doneztebera hedatu zen handik, eta baita Berara ere —Funvera SA lantegian antzeman zituzten gutxienez zazpi positibo; PCR probak egin zizkieten langile guztiei—. Uztail hasierarako kontrolpean zegoela adierazi zuen Nafarroako Gobernuak. Guztira 21 lagun kutsatu ziren gutxienez.

6. Iturraman, Iruñerrian (ekainak 22)

Iruñerrian foku bat agertu zela jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak ekainaren 22an, baina apenas eman zuen xehetasunik. Jakin da otordu bat egiteko elkartutako bikote batzuen artean zabaldu zela gaitza, Iturraman. Santos Indurain Osasun kontseilariak ukatu egin zuen gaitzaren «agerraldiak» zirela hori eta Sunbillakoa, familia giroan gertatu zirela argudiatuta; baina, gerora, ekainaren 25ean, gobernuak berak «agerraldi» izendatu zituen. Iruñerrikoan gutxienez hamalau lagun kutsatu ziren.

5. Jesusen Zerbitzarietan, Bilbon (ekainak 20)

Basurtuko erietxean bisitan izandako moja batek bere kongregaziora eraman zuen gaitza, eta, ondoren, beste zazpi lagun kutsatu ziren Bilboko Jesusen Zerbitzarien zahar etxean. Ekainaren 20an jakinarazi zuten bi moja, hiru egoiliar eta hiru langile kutsatu zirela han (zortzi guztira, beraz). Gaixotu guztien berri, hain zuzen, batera eman zuten, eta, harrezkero, ez zuten bete positiborik jakinarazi.

4. Orion (ekainak 19)

Elkarrekin harremana duten familia batzuen eta haien ingurukoen artean 23 lagun kutsatu ziren ekain erdialdean. Agerraldia Orion detektatu zuten aurrena, Gipuzkoan, baina ondoko herri batean ere, Aian, familia horrekin harremana zuen beste lagun batzuk ere kutsatu zirela ohartu ziren gero. Ekain bukaerarako, kontrolpean zegoela jakinarazi zuten, eta uztailaren 18an, Jaurlaritzako Osasun Sailak itxitzat jo zuen.

3. Aita Mennin, Arrasaten (ekainak 13)

Aita Menni erietxeko (Arrasate, Gipuzkoa) lau langileri eta tutoretzapeko pisu batean lan egiten duen langile bati aurkitu zieten gaitza, ekainaren 13aren bueltan. Etxean bakartzeko agindu zieten bost langileei, eta kezka sortu zen, kasuak oso inguru gertukoak eta bat-batean agertu zirelako, baina geroztik ez da kasu berririk agertu horiei lotuta.

2. Txagorritxun, Gasteizen (ekainak 6)

Basurtuko agerraldiarekin ia batera ezagutu zen Txagorritxukoa. Ekainaren 6an atzeman zuten lehen gaixoa, eta, ekainaren 16rako, hamabost ziren kutsatutakoak; tartean, pazienteak, langileak eta bisitariak. Harrezkero, ez da beste positiborik ezagutu erietxe horretan. Agerraldian kutsatutako gaixo bat hil egin zen. Eguneko zentroa ere itxi zuten ekainaren 22an, erabiltzaile bat gaixorik zegoela konturatu baitziren. Aste pare batean kontrolatu zuten. Txagorritxu zen koronabirusarentzako Arabako erreferentziako ospitalea, eta hura izan zen gaitzaren aurreneko fokua, otsail bukaeran han agertu baitziren aurreneko gaixoak.

1. Basurtun, Bilbon (ekainak 4)

Basurtuko erietxean sortu zen ekainetik aurrerako lehen fokua: Revilla pabiloian zegoen gaixo bati detektatu zioten, eta berehala haren laguntzaileari. Gaitzak 45 pertsona kutsatu zituen; tartean, langileak, gaixoak, eta bisitariak ere bai. Hil egin zen agerraldian kutsatutako gaixoetako bat. Ospitale bereko beste pabiloi batean ere alertan egon ziren: Iturrizarren haurdun bati detektatu zioten gaitza. Erditzeko gelak itxi egin zituzten. Ekainaren 15etik aurrera, moteldu zen da kutsatze katea, eta, ekainaren 23tik aurrera, ez da beste positiborik ezagutu foku honi lotuta. Hiru bat aste behar izan zituzten kontrolatzeko.

Beste batzuk

PCR proba batean positibo eman ondoren etxean bakartuta zegoen pertsona bat hil zen Eskoriatzan (Gipuzkoa), uztailaren 12an. Osasun zerbitzuak jabetu ziren heriotzaz, gizonak haien deiei erantzuten ez zielako. Aurreko egunetan, foku bat sortu ote zen kezka bazegoen, eta dozenaka proba egin zituzten herrian, herrian zenbati positibo agertu eta gero, baina ez dute argitu agerraldia bat ote den, edo Ordiziakoari lotua ote dagoen, edo zer gertatu den.

Uztailaren 12an, Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen Lizarraldean eta Iruñerrian bazirela beste bi foku txiki, baina ez zuen xehetasun gehiago eman. Horiez gain, Iruñean eta mendialdean, familia eta lagunarteko eremuetan beste hainbat foku txiki atzeman dituztela ere jakinarazi zuen, uztailaren 17an.

Uztailaren 10ean jakinarazi zuten Gasteizko gimnasio bateko ikasle batek positiboa eman zuela PCR proban. Harekin kirolean ibilitakoak aztertu zituzten. Kutsatuak borroka arteen eskoletan parte hartu zuen. Ez zuten gimnasioa itxi, kutsatuaren ikaskideen artean ez zutelako beste kasurik atzeman.

Baionako Belharra klinikan, kasu bat atzeman zutela jakinarazi zuten uztailaren 10ean. Hango zirujau bat zen kutsatutakoa, eta gutxienez laurehun lankide aztertu zituzten, eta guztiek negatibo eman zuten. Erietxeko zuzendaritzak ondorioztatu zuen kanpoan kutsatuko zela zirujaua. Badaezpada ere, erietxeak murriztu egin zuen ospitaleratuen senideak laguntzera sartzeko aukera.

Ekainaren 29an jakin zen Seaskak itxi egin zituela Angeluko, Miarritzeko eta Baionako hiru ikastola, 4 urteko bi anaiak probatan positibo eman ondoren. Badaezpada, umeek eta haien gurasoek eta ingurukoek harremanak izandako zentroak ixtea erabaki zuten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.