Mapa interaktiboa

Koronabirusaren zabalpena herriz herri

2020ko martxoaren 28a
20:51
Entzun

Martxoaren 19an hasi zen Eusko Jaurlaritza datu xeheak ematen eta, besteak beste, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri bakoitzean koronabirusak kutsatutako zenbat gaixo dauden jakinarazten; erreferentziako osasun zentroaren arabera ere ematen ditu datuak. Nafarroako Gobernua, berriz, martxoaren 26an hasi zen datu lokalagoak ematen, baina ez ditu gaixoak bereizten herrika: osasun eremu bakoitzean zenbat kutsatu detektatu dituzten azaltzen du.

BERRIAk bildu egiten ditu datu guzti horiek, eta mapa interaktibo batean kokatzen ditu osasun zentroen eremuen arabera atzemandako kutsatuak. Pandemiaren bilakaera momentu bakoitzean zer-nolakoa den begi kolpe batean ikusteko, azkeneko zazpi egunetan zonalde bakoitzean antzemandako kasuak erakusten ditu mapak. Baita zonalde horretan bertan guztira orain arte antzemandako kasu positibo guztiak ere.

Beste mapa batean ikus daiteke osasun eremu bakoitzean koronabirusaren intzidentzia tasa zenbatekoa den (eremu horretako biztanleen arabera); eta beste mapa batean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herriz herriko datuak ikus daitezke —erabili eskuineko goiko botoiak, mapa batetik bestera aldatzeko—.

Datuak eguneratu ahala, egunero berritzen da mapa hau, asteburuetan izan ezik. Herriak bilatzeko aukera ere ematen du. Datuak taula batean ikusi eta bilatu nahi izanez gero, jo albiste honen bukaerara.

Mapa hauetan ikusten da Nafarroan intzidentzia handiagoa pilatzen ari dela azkeneko egunetan, baina bada hori esplikatzen duen datu bat: Jaurlaritzako Osasun Saila ari da ematen eskualde eta herri bakoitzean PCR testetan aurkitutako kasu positibo berriak. Nafarroako Gobernua, ordea, PCRekin eta test azkarrekin antzemandako positibo guztiak ari da ematen zonalde bakoitzarentzat; horregatik agertzen dira kasu gehiago Nafarroan.

Ipar Euskal Herriko daturik ez du ematen Frantziako Gobernuak. Pirinio Atlantikoetako edota Akitania Berriko datuekin nahasita ematen ditu, eta ezinezkoa da jakitea gaixotasunaren eragina Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako probintzietan eta hango eskualde zein herrietan.

Nafarroa

Tafallan eta Artaxoan du COVID-19ak eraginik nabarmenena, baina Zangoza aldean eta Cintruenigon ere nabarmenak dira intzidentzia tasak. Agoitz eta Gares inguruetan ere intzidentzia handitu egin da azkeneko asteetan. Osasun eremu horiez gainera, azpiko mapak erakusten duenez, Iruñeko auzo askok eta inguruko herriek ere tasa handiak dituzte; batez ere Azpilagañan, Donibanen, Zabalgunean eta Burlatan, Adibidez. Iruñeko beste auzo batzuetan ere (Txantrean, Iturraman, Ermitagañan...) Euskal Herriko batez bestetik gorako datuak dituzte.

Araba

Herrialdeko fokuak ezagunak dira, han hasi baitzen gaitza zabaltzen, Bastidan aurrena, eta Gasteizko Txagorritxuko osasun zentroaren bueltan gero. Nabari da eragina datuetan: proportzioan eta zenbaki absolutuetan, Gasteizen du gaitzak eragin gehien —hori da Euskal Herriko foku nagusietako bat, eta zenbaki absolutuetan gaixo gehien dituen eremua—”. Auzo edo osasun eremu gutxi libratzen dira: Abetxuku, San Martin, Olagibel, Txagorritxu, Sansomendi... Guztiak daude Euskal Herriko intzidentzia tasa handienak dituzten eremuen artean, eta aipatutako horiek oso gainetik, azpiko mapan ageri denez. Bestela, Gasteizen atzetik, Trebiñun, Arabako Errioxan eta Mendialdean dituzte tasarik handienak, biztanle gutxi izan arren. Lautadan eta Aiaran ere intzidentzia tasa handiak dituzte, ia Gasteizko eremuen tasarik txikienen parekoak.

Bizkaia

Zenbaki absolutuetan, Bilbon ari dira agertzen gaixo gehien, Gasteizen atzetik, baina Barakaldon, Getxon, Basaurin, Santurtzin, Galdakaon, Leioan eta Portugaleten ere positiboen kopuru handiak ari dira metatzen. Intzidentzia tasei begiratuz gero, ordea, beste zerbait erakusten du azpiko mapak. Biztanleko kasu positibo gehien duten osasun eremuen artean daude Bilboko zenbait auzo (Txurdinaga, Zurbaran, Alde Zaharra, Miribilla, Errekalde, San Adrian...), Barakaldoko Lutxana, Urban eta San Vicente, Basauriko Ariz eta Kareaga, Balmaseda inguruak eta Zallako osasun eremuak. Trapagaranen eta Txorierrin ere intzidentzia tasa handiak dituzte herrialdeko beste osasun eskualdeekin alderatuta.

Gipuzkoa

Batez besteko intzidentziarik txikiena duen herrialdea da Gipuzkoa; hala izan da koronabirusa zabaltzen hasi zenetik, eta hala da oraindik ere. Baina gaitza gero eta gehiago zabaltzen ari da. Eta foku nabarmen bat bada Arrasate aldeko osasun eremuan; hura da Gipuzkoan intzidentzia tasarik handiena duen ingurua. Haren atzetik daude Eibarko bi osasun eremuak eta Ordizia inguruetakoa eta Tolosaldekoa. Kopuru absolutuetan, Donostian dago kutsatu gehien, baina intzidentzia tasak Euskal Herriko txikienetakoak dira han ere, azpiko mapan nabari litekeenez. Hiriburuan, Altzako eremua da salbuespena: herrialdeko batez besteko intzidentzia tasaren gainetik dago. Herrialdeko foku horiek, gehienetan, zaharren egoitza batzuetan pilatu diren kasu ugariekin lotuta daude. Urola aldean, daude, aldiz, intzidentzia tasarik txikienak, Azkoitian, Azpeitian eta Errezil aldean.

Datuak

Beti gogoan eduki behar da administrazioek gorabehera handiak ibili dituztela testak egiteko orduan, positiboei buruzko datuetan agertzen diren baino gaixo gehiago daudela, eta datu hauek behin-behinekoak direla. Krisiaren hasieran osasun zerbitzu publikoek ez dute aski baliabide eduki, eta ez dira testak egiten aritu gaixo guztiei; probarik eta diagnostikorik gabe, etxean itxita pasatu dute gaitza gaixo askok. Apiril bukaeratik aurrera, test azkarrak egiten hasi dira, eta gaitza lehenago pasatako jendea aurkitzen hasi dira. Metatutako datuetan, beraz, garai desberdinetan eta metodologia ezberdinekin antzemandako kasu positiboak agertzen dira.Mapan jasotako datuak eta ondorioak behin-behinekoak dira, horrengatik guztiagatik; eta aldakorrak, gainera. Halere, argi erakusten dute non egon diren koronabirusaren fokuak.

Azpiko taulak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herriz herriko datuak kontsultatzeko aukera ematen du, banaka. Herriak bilatzeko aukera ere ematen du:

Lurraldea banatu eta antolatzeko irizpide ugarietako bat dira osasun eremuak. Administrazioek multzotan banatzen dituzte herritarrak (gutxi gorabehera 10.000 eta 35.000 pertsona arteko multzoak izan litezke, lekuaren eta ezaugarrien arabera), eta erreferentziazko osasun zentro baten arabera antolatzen dituzte. Hego Euskal Herria 193 osasun eremutan banatua dago.

COVID-19aren datuak emateko, osasun eremu horiek erreferentzia gisa erabiltzen dituzte Hegoaldeko administrazioek. Egunero azaltzen dute osasun eremu bakoitzean zenbat kasu positibo erregistratu diren orain arte. Informazio hori guztia mapak osatzeko erabili du BERRIAk, baina azpiko taula honetan ere kontsulta litezke osasun eremuen araberako datuak, eta bilaketak egin litezke:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.