Euskal Herri guztia toki batera eraman, edo kanpaina Euskal Herri osora zabaldu». Horixe izan zen AEK-ko arduradunek izan zuten zalantzarik handiena lehen Korrikaren ideia ernatzen ari zenean. Hala gogoratzen du Urtsa Errazti lehen Korrikako arduradun izan zenak. Zalantzak zalantza, azkenean asmatu zuten Euskal Herriko txoko guztietan milaka euskaltzale mugiarazteko eta hunkitzeko formula. Aurten, 20. Korrikaren aitzakian, ideiaren sortzaileak omendu ditu AEK-k.
20. Korrika ospatzeko jaialdia egin zuten Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokan, otsailaren 11n, eta egindako ahaleginaren aitortza jaso zuten Korrikaren sortzaileek. Hunkituta igo ziren Irungo Ficobako oholtzara oroigarria jasotzera, Korrika babestu eta antolatzen duten ehunka lagunen txalo artean. Aurtengoan, ereindakoaren uzta gozoa dastatzea ere badagokie.
Asier Amando Korrikaren egungo arduradunak eskertu egin zuen 1980an Korrika martxan jarri zutenen lana. «Zuek izan zarete milioika pertsonari bultzadatxoa eman diguzuenak. Zuek izan zarete lehen kilometro amaigabe hura korritzen jarraitzen duzuenak, gure oinekin».
Korrikaren lekukoa kilometroz kilometro eta eskuz esku ibiltzeaz gain, belaunaldiz belaunaldi ere igaro dela nabarmendu du Imanol Ostolaza sortzaileetako batek. «Belaunaldien arteko transmisioa agerikoa da: 20. Korrikara iritsi izana eta indartsuago egotea horren froga da».
Ladis Arrosagarai lehen Korrikaren sustatzaileetako baten iritziz, Korrikak «luzaz iraungo du». Euskal Herria euskalduntzeko helburua lortu arte. «Ez dakit zenbat Korrika beharko diren horretarako, baina mugimendua bizia da, eta euskararentzat, oso garrantzitsua».
Gizarte aldarrikapenen aldeko kanpainak ohikoak ziren Euskal Herrian 1980ko hamarkadan, eta ia denek zuten eredu bera, Erraztiren esanetan. «Garai hartako deialdiak kontzentrazioak ziren: Ibilaldia, Kilometroak, Askatasunaren Martxa, Bai Euskarari eta abar. Guk Euskal Herri osora zabaldu nahi genuen». Hala, hamaika bileraren ondotik, afari batean ondu zen ideia. Ez zen lan erraza izan irudimenean baizik existitzen ez zena besteek egingarri ikustea. Herri lasterketa, gau eta egun gelditu gabe, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan... «Batzuek esan ziguten zoratuta geundela, hondamendia izango zela».
Erronkari heldu zioten, ordea, eta 1980ko azaroaren 29tik abenduaren 7ra, eskurik esku egin zuen bidea lekukoak, Oñatitik (Gipuzkoa) eta Bilboraino.
Hunkitzeko ahalmena
Lehen lekukoa abiatu zenetik lasterketak sortzen duen zirrara goraipatu zuen Amandok 20. Korrikaren jaian. «Euskara izan zen mugitu zintuztena, eta mugitu zineten. Gero, gu mugitu ginen. Gutako bakoitzaren barruak mugitu dituzue. Hunkitzen gara gure herritik, auzotik edota etxe azpitik Korrika pasatzen denean».
20. Korrika
Korrikaren hazia erein zutenei, uzta eskaini
Lehen Korrika antolatu zutenak omendu ditu AEK-k, 20. Korrikaren aitzakian. Lehen bultzada eman izana eskertu diete, eta Korrikak euskaltzaleak hunkitzeko duen ahalmena nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu