2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen deialdia egiteko ez zaio denbora askorik joango Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri, eta, bozen atarian, ez du erraza ematen gobernuak eta oposizioko talde nagusiak aurrekontu orokorren inguruko akordio bat erdiesteak. EH Bilduko ganberako bozeramaile Nerea Kortajarenak garbi esan dio Urkulluri «betikoa egiteko» aurrekontuak direla, «diru pixka bat gehiagorekin», eta gizarteko errealitatea «irakurri gabe» jarraitzen duela gobernuak, «Osakidetzaren, mendekotasunaren eta zaintzaren alorreko arazoei eta inflazio handiari» ez baitiete erantzuten.
Kortajarenak uste du aurrekontuak ez direla anbiziotsuak, «esate hutsagatik». «Izenburuak bilatzeaz harago», koalizioko eledunak esan duenez, «benetako arazoei erantzuteko» aurrekontuak behar dira, «geroari begiratzeko». EH Bilduko kideak esan dio Urkulluri «herritarrengandik deskonektaturik» dagoela, aurrekontuek islatzen dutenez: «Ez dute erdigunean jartzen herritarren bizitza zeharkatzen duen errealitatea». Garraiorako deskontu onartu berriei erreparatu die, halaber, eta esan aurrekontu horiek «dagoeneko zuzenduak» dituztela.
Hori guztia esanda, Kortajarenak leporatu dio Urkulluri taldeek ez dutela hitz egin elkarren artean, aurrekontuak aurkeztu aurretik, eta ez dela nahikoa esatea gobernuak «akordiorako borondatea» duela. «Akordioek zerbait behar badute, hori elkarrizketa da, eta baldintzak sortzea eta konfiantza lantzea», esan dio koalizioko bozeramaileak lehendakariari.
Gogoratu dio, 2022ko aurrekontuen akordioa egin aurretik, irailean hasi zirela hitz egiten EAJ eta EH Bildu. «Alde bakarreko eztabaida bat egin nahi duzue, eta, bat edo beste batzen bada, ba ongi, eta bestela ere bai; ze gogoratzen duzue gehiengo absolutua duzuela, edonola ere». Eta hori esanda aholku bat eman dio Kortajarenak Urkulluri: «Kontuan hartu beharko zenukete, agian, agian, ez zaretela zuek aurrekontu hauek kudeatuko dituzuenak».
Nolanahi ere, aurrekontuen eztabaidari «seriotasun handiz» helduko dio EH Bilduk, «egingarriak diren proposamenak» ekarrita Legebiltzarrera, negozia dadin, koalizioak «dagoen gainbilketa handia baliatu» nahiko bailuke «herritarren benetako arazoei erantzuteko».
Urkulluren erantzuna
Jaurlaritzako lehendakariak, hitza hartu, eta galdera bat egin dio Kortajarenari: «Ez al da izenburu bat anbizio hitza etengabe errepikatzea irailetik hona?». Osakidetza aipatzean ere, ez ote duen lerroburu bat lortu nahi galdetu dio berriro Urkulluk EH Bilduko eledunari. Aurrekontuak anbiziotsuak direla esan du, «inoiz baino baliabide gehiago» jaso dituztelako, «herritarrei eta enpresei esker». Urkulluk esplikatu du anbiziotsuak izan daitezen «ezinbestekoa» dela beste aldagai batzuei erantzutea: «Eguneroko gastuei, zorpetze mailaren kontrolari».
Kortajarenari hitz eginez jarraitu du Urkulluk aurrekontuen inguruko eztabaidan: «Zein erraza den esatea administrazioaren baliabideak mugagabeak direla». Jarrera hori «arduragabekeria galanta» dela esan dio, «populismoa», eta erantsi du Kortajarenak ez duela inolako arazorik «gizartearen etorkizuna hipotekatuko duten eskaerak» egiteko. Bi kontzeptu lotu ditu Urkulluk hori esan eta gero: «bideragarritasuna eta anbizio arduratsua».
Horiek horrela, Jaurlaritzako lehendakariak datuak emateari ekin dio. Aurrekontuek 15.000 milioi euroko langa gainditu dute estreinakoz, eta lau eurotik hiru «politika sozialentzat» dira. Osasun alorreko aurrekontua 246 milioi euro handitu da; hezkuntzakoa, berriz, 190 milioi; eta mendekotasunean, «Euskadik 2.350 euro inbertitzen ditu herritar bakoitzeko; gehien inbertitzen duen erkidegoa». Urkulluk helarazi dituen datuetako batzuk dira horiek, eta, kopuruak nabarmendu ondoren, ziurtatu du «kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea» dela gobernuaren «helburua».
Amaitzeko, gogoratu du euskal herritarrek dutela «estatu osoan» errentarik handiena, eta, hori horrela izan dadin, «anbizio handiko herri bat eta ehun ekonomiko bat, anbizio handiko erakundeak eta anbizio handiko aurrekontuak» behar direla. «Hori dena» aurkituko ei du EH Bilduk aurrekontu proiektuan: «Negoziatu nahi baduzu, denen onerako izango litzateke».