Kriseilua itzaltzeko lanean

'Etxean nahi ditugu' da preso, iheslari eta deserrituen senideen elkarteko lelo nagusia. Helburua lortu arte hurkoen eskubideen alde segitzeko asmoa du, eta hori ondoen nola egin hausnartuko du biharko biltzarrean.

Etxerat-eko kideak, kriseilu eta guzti, urtarrilaren 12an Herrira-k egindako manifestazioan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko otsailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Etxerat elkarteak XII. nazio batzarra egingo du bihar, Leioako Campusean. Duela bi urte egindako biltzarrean jarritako helburuak bete dituen aztertu, egungo egoerari buruzko gogoeta egin, eta aurrera begirako lan ildoak zehaztuko ditu. Horretarako, sei ataletan banatutako txostena eztabaidatu dute, aurrez, elkarteko kideek. Hona hemen hausnarketarako erabilitako idazkiaren laburpena, atalez atal:

1. Funtzioak

«Etxerat euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen senitartekoen elkartea da. Hainbat ideologia politikoko jendea batzen du, baina badugu zerbait komunean: Euskal gatazka politikoaren ondorioz senideren bat dugu ihesean, deportazioan, kartzelan edo, tamalez, hilda», diote txostenaren lehen lerroek. Elkarteak helburua «argi» duela dio: «Etxean nahi ditugu». «Badakigu helburua beteko bada, bizi dugun gatazka konpondu beharko dela».

Bide horretan, hiru lan ildo orokor ditu: batetik, espetxe politika «krudelari» aurre egin, «senide errepresaliatuek» pairatzen dituzten eskubide urraketen testigantza eman eta horien jendaurreko salaketa egin, eta dagozkien giza eskubideen defentsan lan egitea. Bestetik, gatazkaren izaera politikoa ikusarazi eta preso eta iheslariak «errepresaliatu politikoak» direla aldarrikatzea. Eta hirugarrenik, «konponbide politiko eta demokratiko baten alde sortu daitezkeen proposamenetan» parte hartzea.

2. Balantzea

2011n Nazio Batzarra egin zuenetik, hainbat pauso eman ditu Etxerat-ek. Elkarteak aipagarritzat ditu hilero-hilero espetxe politikak eragindako gertaeren bilketarekin kaleratzen duen txostena, baita hainbat instituzioekin egindako kontaktuak ere. Ordura arte biltzeari ezezkoa emana zioten hainbat eragile politikorekin batu zen Etxerat iaz: «Itxita izan ditugun zenbait ate ireki ditugu». Hala ere, ohartarazi du hainbat alderdik ez dutela borondaterik konpromisoak hartzeko, eta konpromisoak hartu zituzten beste zenbaitek ez dituztela horiek bete. Hortaz, lan horretan sakondu behar duela ondorioztatu du.

3. Egoeraren azterketa

2012ko urtarrilean Bilbon presoen eskubideen alde egindako manifestazio erraldoiak «konponbiderako itxaropena» eragin zuen arren eta aurten iazkoa baino mobilizazio handiagoa egin arren, «euskal jendartearen gehiengoaren eskaera» ez dela bete ohartarazi du. «Salbuespen egoerak» indarrean jarraitzen duela, eta presoek zein senideek «mendekua besterik bilatzen ez duen espetxe politikaren ondorioak» bizi dituztela. «Geu ere politika horren helburu gara», diote senideek.

«Bake prozesuaren aurrerapausoak gelditzeko asmoz» Espainia eta Frantziako estatuak sufrimendua areagotzen ari direla uste du; horregatik gogortu dela espetxeetako egoera, salbuespen neurriei eutsi dietela, gaixo dauden presoak gehiago estutzen ari direla, senideen aurka egiten jarraitzen dutela, eta ihesean zein deserrituta daudenen egoera gogorrak ez direla aldatu.

4. Aurrera begira

Elkarteko kideei eman beharreko laguntzan sakontzea jarri du hemendik aurrera egin beharreko lan lagusien artean. Batetik, bisitak antolatzeko kudeaketa hobetzea, eta bestetik, senideei eman beharreko laguntza psikologikoa areagotzea. Elkarteko kideek «arlo pertsonalean, familiarrean, sozialean eta politikoan» muturreko egoerak jasaten dituztela azaldu du Etxerat-ek. Gainera, espetxe politika eta urraketak pairatzen dituztenentzat «garai konplexuak» direla oraingoak. «Beraz, komeni da etxea eta etxekoak prestatuta izatea, edo gutxienez, honek guztiak ekartzen digunaz eta denon artean aurre egiteari buruz hitz egitea guztion artean», dio txostenak. Eremu psikosoziala landu nahi du, hortaz. Banakako laguntza eta taldekakoa antolatu du horretarako. Material didaktikoa egin nahi du, gurasoak espetxean dituzten umeentzat batik bat. Aisialdian egiteko topaketakere bai, horien «berezitasuna naturalizatzeko». Baita tailer psikopedagogikoak eta hitzaldiak ere.

Eragile sozial eta politikoekin lan egiteko asmoa du, bestalde. «Gatazka honen ondorioak lehen pertsonan bizi ditugu, eta ez dugu nahi inork inoiz guk bizi behar duguna berriro jasatea», diote senideek. «Horregatik, konponbidera begira eragile sozial eta politikoengana joan eta haiengan eragiteak gure lana izan behar du», hausnartu du.

Iheslari eta deserrituekiko izan duen jarreragatik «autokritika» egin du Etxerat-ek. Alboratuta izan dituztela dio, eta aurrerantzean okerra zuzentzen saiatuko dela.

Informazioa zabaltzeari dagokionez, hedabide gehienen «boikot komunikatiboa amaitzea» du helburuetako bat. Bere mezua gizarteratzearen garrantzia nabarmendu, eta Etxerat-ek bere lan tresna propioa garatzeko beharra ikusi du. Hilabetekaria baliatu nahi du hartarako, besteak beste.

Sufrimenduaren aitorpenari begira ere jarri da elkartea. «Jendarteak bakerako eta elkarbizitzarako apustua egina duen testuinguru honetan, konponbidearen aldeko eta jendarte demokratikoago eta justuago bat sortzeko apustua egiten dugu», dio eztabaidarako txostenak. Bide horretan aurrera egiteko «trantsiziozko justizia» behar dela uste du, eta horretarako ezinbestekoa dela aitorpena; «gatazka luze batek pertsona askorengan eragin duen eta eragiten duen sufrimenduaren aitortza, bai gizartearengandik, bai agintari eta instituzioengandik». Elkarteak adierazi du minen sailkapenik ez dela egin behar, eta senideak «salbuespeneko espetxe politika baten biktima» direla.

5. Egituraketa

Barne egituraren bidez elkartea «indartu eta kohesionatu» nahi du Etxerat-ek, eta horretarako, herrietatik hasi eta nazio mailaraino duen egituraketaren egoera aztertuko du.

6. Bereizgarriak

Zapi zuria eta kriseilua dira Etxerat ondoen bereizten duten irudiak, eta horri eutsiko dio elkarteak. Etxerat-ek talde gisa antolatutako egitasmoetan erabiliko dituzte ikur horiek gehienbat, eta ez bertako kideek pertsonalki parte hartuko duten beste ekinaldietan zein helburu alderdikoia izan dezaketenetan. «Senide eta lagunon aniztasunari erreparatu behar zaio» esanez arrazoitu du gomendioa.

Urteko plangintzari dagokionez, sakabanaketa bereziki landuko duen gaia izango da aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.