Pobreziaren aurkako nazioarteko eguna

Krisiak pobrezia areagotu duela nabarmendu dute bazterketa sozialaren kontrako sareek

Nafarroan, herritarren %17 pobrezian erortzeko arriskuan daude, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, %20.

Nafarroako Pobreziaren aurkako sarearen agerraldia. IDOIA ZABALETA, ARP
Lohizune Amatria.
2014ko urriaren 17a
11:17
Entzun

Krisiaren eragin gordina milaka biztanlek jasaten dute Hego Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzaren 2012ko datuen arabera, biztanleen %20 pobrezian erortzeko arriskua daude. Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, berriz, foru erkidegoan 80.000 pertsona daude pobrezia arriskuan; biztanleriaren %13. Hala ere, Nafarroako pobreziaren aurkako sarearen arabera, azken datu hori handiagoa da, eta 100.000 pertsona bizi dira “gaizki edo oso gaizki”.

 "Kontua ez da %13 edo %17 den ehunekoa; larriena da 80.000 edo 100.000 nafar gaizki edo oso gaizki bizi direla. Premiazkoa da horiek laguntzeko neurriak hartzea", azaldu du gaur Iruñean sareko presidenteorde Eduardo Jimenezek. Pobreziaren aurkako nazioarteko egunarekin bat eginez, "pertsonen aldeko" ehun neurri baino gehiago aurkeztu ditu elkarteak Krisiari aurre egiteko proposamenak txostenean, gaur.

Baliabide gehiagorekin lagundutako politika sozialak behar dira Jimenezen ustez: "Galdutako bidea berreskuratu behar dugu; hori da modurik hoberena pobrezia erauzteko". Erreforma fiskal "sakon" eta "progresiboa" eman beharko litzatekeela uste du elkarteak, "politika fiskala erabakigarria delako ongizate estatuaren garapenean". Hala ere, 2015eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan du esperantza Jimenezek: "Esaten duten bezala berreskuratze egoeran bagaude, aukera ederra dugu aurrekontu publikoa birbideratzeko eta gizarte politikei baliabide nahikoa emateko".

Plana berresteko eskaera

Nafarroako pobreziaren aurkako sareak hogei urte daramatza lanean, eta EAEkoak, hamar urte. Sare horrek ere prentsaurrekoa eskaini du Bilbon, eta nabarmendu du “ezinbestekoa” dela gizarteratzeko diru sarrerak bermatzeko sistema sendotzea. Hala, Eusko legebiltzarreko taldeei eskatu die duela 25 urteko pobreziaren aurkako ekimena berrets dezatela.

Sareak nabarmendu duenez, duela 25 urte abian jarritako pobreziaren aurkako planen ondorioz Europako batez besteko datuetatik behera dago. “Sistema honen bidez 26.770 lanposturi eustea lagundu da, eta laguntza horiek gabe BPGa %2 murriztuko zen”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.