Euskara

Krisiari eta diru laguntzen murrizketari aitzin egitea izanen du xede Herri Urratsek

Maiatzaren 9an eginen da Senpereko aintziran. Bildutako diruarekin Lekornen eta Itsasun ikastola berriak eraikiko dituzte.

2010eko apirilaren 23a
17:05
Entzun
Ipar Euskal Herriko ikastolen egoera ekonomikoa zaildu egin da aurten. Hori eragin dute nazioarteko krisiak, alde batetik, eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzaren murrizketak, bertzetik. Egoera zailaren aitzinean, Seaska Iparraldeko ikastolen elkarteak aurtengo Herri Urrats-en parte hartzeko deialdi berezia egin du, "sekula baino gehiago denen beharra" dutelako.

Jaialdia urteroko tokian izanen da, Senpereko aintziran (Lapurdi), maiatzaren 9an. Bildutako diruarekin bi ikastola eginen dituzte Lapurdin: Lekornen eta Itsasun. Gaur egun 23 ikastola, hiru kolegio eta lizeo bat kudeatzen ditu Seaskak, eta guztira 2.645 ikasle ditu bere gain.

Seaskak urtero 200 ikasle inguru gehiago hartzen baditu ere, egoera zaila bizi dute ikastolek, eta hobera egiteko "itsasontzi azkar bakarra" Herri Urrats da oraingoz, Ur Gorostiaga Seaskako zuzendariaren iritziz.

Aurtengo ekitaldian Pirinioetako herrien kulturak ezagutaraziko dituzte, eta Herrialde Katalanetatik eta Okzitaniatik etorritako taldeen ikuskizunak egonen dira. Horretaz gain, urtero bezala musika emanaldiek bilduko dute jenderik gehien: Jean Mixel Bedaxagarrek, Mikel hatsek, Sorotan Babiesek, Zea Maysek, Anarik eta Bizardunek joko dute, bertzeak bertze.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.