Nahiz eta Patxi Lopez EAEko lehendakariak oraingoz legealdia osorik betetzeko asmoa duela berretsi duen, zantzu guztien arabera, hauteskundeak aurreratu beharrean egongo da PSE-EE. Hauteskundeak udazkenera aurreratu edo ez, argi dago pil-pilean egongo diren bi gaiak bakegintza eta krisi ekonomikoa izango direla. Uneotan, hegemonia politikoa erdiesteko lehian izango diren bi indar nagusiek, EAJk eta ezker subiranisten batasunak, etorkizunerako proposamen ekonomikoa egin dute. Bi ikuspuntu ideologikotatik egin arren, krisiari irtenbidea bilatzeko saioa da biena, eta puntu komun batzuk ere badituzte.
EAk, Aralarrek, ezker abertzaleak eta Alternatibak Maiatzaren Lehenean aurkeztu zuten proposamen sozioekonomikoa. EAJk, berriz, duela hiru aste aurreratu zuen bere proposamenaren zirriborro bat, eta ekainaren erdialdera aterako du argitara behin betiko agiria. Nahiz eta EAJren eskaintza oraindik ez den osoa, irizpide eta proposamen orokor batzuk agertzen ditu. Horregatik, partzialtasunetan erortzeko asmorik gabe, bi indar abertzale nagusien proposamenak parekatu eta aztertu nahi izan ditu BERRIAk Mikel Zurbano ekonomistarekin eta Xabier Aierdi soziologoarekin, EHUko irakasleak biak ere.
Diferentzia nagusiak
Mikel Zurbanok uste du«diferentzia handiena programaren egituraketan eta proposamenen xehetasunean» datzala. Ezkerreko subiranistek programaren gain arloen irizpide eta lerro nagusiak irudikatzen dituzte, eta EAJk, berriz, «programa xehetasun handiagoekin» garatzen du. Dena den, batak zein besteak krisiari erantzuteko ahalegina egiten dute.
Xabier Aierdik nabarmendu duenez, «bi testuak oso diferenteak dira». Ezker subiranisten proposamena etorkizunera begira dagoen «proposamen zabala da»; EAJ, aldiz, «une zehatz honi» lotuagoa dago. Ezker subiranisten proposamenaren helburua subiranotasun ekonomikoa lortzea da: «Badu heldu berriaren izaeratik nahiko. Programa oso bat da, nola sortu herrialde independente bat, eta hari zer-nolako egitura ekonomikoa dagokion». Aitzitik, EAJren proposamena «oso lotuta dago» une jakin honetara. Aierdiren arabera, EAJk bere proposamenean ondorioztatzen du euskal ekonomiak badituela berezko berezitasun batzuk eta horiek baliatu behar direla egoera ekonomiko berrian. «EAJrena ez da heldu berri baten proposamena, sistemaren barruan dagoen batena baizik».
Zurbanoren irudiko, ezker subiranisten proposamenak «ikuspegi keynesiarra» garatzen du, «ukitu berde eta sozialekin, maila deklaratiboan bederen». EAJrenak, berriz «ikuspegi sozio-liberaletik» edaten du. EA, Aralar, Alternatiba eta ezker abertzalearen agiriak krisi ekonomikoari ez ezik, krisi sozial eta ekologikoari erantzuteko asmoa adierazten du, eta, horregatik, Zurbanoren irudiko, garapen iraunkorrak «presentzia handia» du. EAJrentzat, berriz, «ingurumena sektore instrumental berri bat garatzeko tresna da».
Adostasunerako tartea
Oso testu diferenteak izanagatik, Aierdik uste du «sakon-sakonean» adostasun bat antzematen zaiela bi proposamenei. «Biek nahiko lukete eremu ekonomikoan ahal den Euskal Herri autonomoena sortzea. Biek argi dute Espainiak inplizituki enbarazu egiten duela, eta autonomoak bagina beste egoera batean geundekeela. Egiten den interpretazioa da Espainia zama bat dela, ez digula uzten aurrera egiten». Interesgarritzat jo du adostasun hori, nahiz eta era berean «ezkutuko chauvinismo moduko» bat egon daitekeela susmatzen duen: «Ondo doakigunean urrundu egiten gara, eta txarto doakigunean batek daki zer...». Aierdik uste du «harrokeriak» alboratuta, interesgarria dela denbora luzera begirako gogoeta hori.
Mikel Zurbanori iruditzen zaio «borondate politikoa» egonez gero baldintza programatikoak ere egon daitezkeela politika ekonomikoan estrategia subiranista garatzeko. «Ardatz programatikoan diferentziak badaude, baina antzekotasunak ere badaude zenbait arlotan». Zurbanok nabarmendu duenez, industriaren eredua dibertsifikatzeko beharra ikusten dute biek, sektore berriak garatzea, enpresa txikiei eta ertainei laguntzak bideratzea, zerbitzu instituzional erdi publikoen beharra... Adostasunerako tartea badago. «Ez dago adostasun taktiko komun bat oztopa dezakeen polarizazio gaindiezinik».
Garapen ereduaren gaineko eztabaida interesgarritzat jo dute Aierdik zein Zurbanok. Ezker subiranisten proposamenean, kontzeptu bat gailentzen da: «Garapen endogenoa», hots, tokiko ekoizpenari ematen zaio garrantzia, eta «energia, garraioa eta materialak aurrezten dituen garapen harmoniko eta orekatua lortu nahi du». Euskal ekonomiaren izaera irekia aitortzen du, eta kanpo merkataritza sustatzearen alde azaltzen, baina harreman horiek bidezkoak izan behar dutela dio; besteak beste, deslokalizazioak oztopatuz eta atzerriko langileen baldintzak errespetatuz.
Aierdiren ustez, planteamendu horri «errealismo puntu bat» falta zaio, baina logikoa dela uste du. «Azken finean, independentziarako ekonomiak nolakoa izan beharko lukeen planteatzen du planak, baina nazioarteko harremanetan kateatuta ez bageunde bezala». Haren ustez, proposamena «abiapuntu gisa» eraiki dute ezker subiranistek; euren «goiburu normatiboak dira».
Zurbanoren irudiko, euskal ekonomia «oso irekita» dago, eta irekitasun horrek «neurri batean kalte egiten du, baina beste onura batzuk ere ekartzen ditu». Era berean, gaur egungo nazioarteko testuingurua «oso konplexua» da, eta nola erantzun dakontua: «Faktore endogenoen garapena lehenestea ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Euskal Herriak oso dimentsio txikia du, eta inportantea da erreaktibo izeneko ahalmena garatzea. Horrek eskatzen du ezinbestean proiektu sendoa eta partekatua izatea».
EAJk ere inplizituki ekonomiaren berezko ezaugarriak sendotzeko beharra azpimarratzen du. Nazioartera hedatzeari garrantzi berezia ematen dio, baina batez ere lehentasuna ematen dio industriari, ikerketari eta prestakuntzari. Lehentasun horietan bat datoz ezker subiranistekin, Aierdiren ustez: «Batzuek eta besteek argi dute jendea prestatu egin behar dugula, produktibitatea ere handiagoa den heinean, automatikoki gizarte politikak handiagoak izango direlako. Argiago edo ilunago, biek sakontzen dute behar horretan».
Hain justu ere, industria politikaren garapenean zein ikerketaren eta berrikuntzaren alorrean ikusten da zehaztasun handiena bi proposamenetan. Eremu horien gainean analisia oso zabala egin badaiteke ere, ohar bat egin nahi izan die Zurbanok bi proposamenei.
Batetik, EAJren proposamena azkeneko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Planak ezarritako bide beretik doa: «Euskal berrikuntza sistemaren jarraipena proposatzen du, inbertsio publikoaren eta pribatuaren arteko uztarketarekin eta berrikuntzaren ikuspegi tekniko hutsa garatuta». Ezker subiranisten kasuan, «nolabaiteko berritasuna da zerbitzu erdi publiko bateneraikuntza planteatzen dela», Zurbanoren irudiko. «Hala ere, badirudi bakarrik enpresa txiki eta ertainei zuzendutako laguntza dela, eta ez dagoela berrikuntza politika oso baten definiziorik, nahiz eta berrikuntzaren kontzeptu integralagoa azaltzen den hainbat ataletan: ingurumenean, energian, parte hartze prozesuetan, zainketan...».
Zerga politika
Krisiak bete-betean eragin die baliabide publikoei. Jarduera sustatzeko orduan, EAJren politika ekonomikoaren ardatza enpresa da, eta «botere publikoei dagokie enpresak sortzeko eta garatzeko baldintzak hobetzea. Zerga politikaren kasuan, ez du oraindik zehazten nondik nora jo behar duen, baina aurreratzen du «ekonomia suspertzeko baliatu» behar dela. EAJren interpretazioa da baliabideak «mugatuak diren heinean, zorroztasun fiskalaren eta politika publikoak bermatzearen arteko oreka» bilatu behar dela. Defizitaren helburuak bete eta ez gainzorpetzeko konpromisoa hartzen du. Zurbanoren ustez, «EAJk ez du bere burua definitu nahi, baina nolabait defizitaren mugaren irizpidea ezartzen du».
Ezker subiranistek zerga politikaren erreforma sakon bat proposatzen dute, eta sektore publikoaren defentsa irmoa egiten. Zurbanoren ustez, politikaren aldaketan jartzen dute enfasi guztia.
Aierdiren ustez, interesgarria izango da hemendik aurrera ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak egingo duten ekarpena ikustea. Haren ustez, «EAJren politika baldintza dezakete», baita gainerako indarren «estatusa itxuraldatu» ere. «Adibidez, gerta liteke Bizkaia alde batetik joatea eta Gipuzkoa bestetik, baina bizkaitarrek ikusten badute politika murriztaileagoak egiten direla eta Gipuzkoan zerbitzu sozial handiagoak dituztela, horrek behartuko du Bizkaian politika murriztaileak ez egitera. Joko interesgarri hori ikusko dugu hemendik aurrera».
Bestalde, Aierdiren irudiko, ezker subiranisten apustua politikaren aldekoa da. «Planteamendua da ez uztea erabaki ahalmena teknikoen esku, ez delako arazo ekonomiko bat. Politikaren garaia da». Aierdik nahi bat agertu du: batzuek zein besteek gizarteari azaltzea «elkarri lagundu» behar diogula. «Zerga politikarik gabe ez dago gizarte gasturik. Gizarte politikak izan behar du xedea, inor ez dadin atzean geratu. Nire ustez, biak logika horretan sartuta daude, EAJ ez baita neoliberala».
Proposamen sozioekonomikoak. Ezker subiranisten eta EAJren proposamenen analisia
Krisiari irtenbidea bilatzen
«Diferentzia handiak» daude ezkerreko subiranistek egindako proposamen sozioekonomikoaren eta EAJren proposamen ekonomikoaren artean. Baina batzuek zein besteek eredu autonomoagoa izateko beharra azpimarratzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu