Etorkizuna idatziz lotu nahi dute Deustuko Ibaigane eskolako langileek (Bilbo). Ekainaren 20an itxi zuten ikastetxea behin betiko, arrazoi ekonomikoengatik: Eusko Jaurlaritzak aste batean beste eskola batean jarri zituen hango 280 ikasleak, baina 38 irakasleen egoera ez zuen argitu. Lau hilabeteren buruan, bost irakaslek baino ez dute aurkitu lana, euren kabuz. Gainontzekoak enplegua erregulatzeko dosier batean sartu dituzte; gaur-gaurkoz, oraindik ikastetxeko langile dira, baina azaroaren 10ean amaituko zaie kontratua, eta aurretik idatzizko akordioa izan nahi dute.
Kristau Eskolak, IZEA Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoak, ELAk eta CCOOk duela bi aste aurkeztutako akordioari heldu diote irtenbide gisa. Itunpeko ikastetxeotatik kanpo geratu diren irakasleentzat lan poltsa bat sortzea adostu dute, eta hor sartu ahal izatea eskatzen dute langileek. «Hasieran beste ikastetxe batean jartzeko eskatu genuen; jatorrian genituen helburuak asko urritu ditugu», azaldu du Ernesto Galbarriatuk, Ibaigane ikastetxeko langileen eledunak.
«Hitzezko» adostasuna
Kristau Eskolak begi onez ikusi du Ibaigane eskolako 33 irakasleek egindako proposamena. Galbarriatuk azaldu du patronalaren abokatuek «hitzez» eman dietela baiezkoa; ordea, idatziz emateko eskatzen dute langileek. Idatzizko agiririk gabe ez diote berme handirik sumatu proposamenari. Galbarriatuk jakinarazi duenaren arabera, oraindik ez dago sinatuta Kristau Eskola, IZEA, ELA eta CCOOren arteko akordioa, ezta bertako lan poltsa ere. Hortaz, kontuan izanda kontratua azaroaren 10ean etengo dietela, idatzizko akordiorik ezean «kale gorrian» geratzeko arriskua antzeman dute langileek.
Kristau Eskolarekin irtenbidea lotzen dabiltza oraindik ere. Galbarriatuk gogorarazi du abuztuan kobratu zutela azken soldata. Azaroaren 10ean, kontratua etetean, kalte-ordaina eta atzeratutako soldatak kobratuko dituzten itxaropena agertu du.
Kristau Eskolari idatzizko akordioa eskatu diote Ibaiganeko irakasleek
Langileek azaldu dute patronalak «hitzezko baiezkoa» eman diola lan poltsan sartzeko asmoari.Azaroaren 10ean amaituko zaie kontratua

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu