Duela 52 urte sortu zuten ETA erakundea, eta hauek dira geroztik izandako datu, gertakari eta data nagusietakoak. BERRIA Telebistak kronologia honen bideoa zintzilikatu du.
1959. ETA sortu zuten. "Nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzailea".
1961. Poliziaren torturen ondorioz lehen hildakoa: Maria Mercedes Antxeta. Euskal Memoria Fundazioaren arabera, hamabi lagun hil dira torturatuta "atxiloketa zentro ofizialetan", eta haietan tratu txar eta tortura kasuak 11.000 inguru izan dira.
1968. Ekaina: ekintza armatuetan lehen hildakoak. Billabonan guardia zibil bat hil zuen ETAk, errepide kontrol batean topo egitean: Jose Pardines. Guardia Zibilak Txabi Etxebarrieta etakidea hil zuen Tolosan, ihesean zihoala.
1968. Abuztuan Meliton Manzanas poliziaburua hil zuen ETAk. Aurrez antolatutako ekintza armatu batean hildako lehenengoa.
1970. ETAren lehen bahiketa, abenduaren 1ean: Eugenio Beihl kontsul alemana. Historian zehar 77 lagun bahitu ditu.
1970. Burgosko prozesua. ETAko hamasei kideren kontrako epaiketa hasi zen, abenduaren 3an. Nazioarteko oihartzuna eduki zuen.
1973. Luis Carrero Blanco hil zuen ETAk. Francisco Franco Espainiako diktadorearen ondorengotzat jotzen zuten.
1974. Zatiketa ETAn: ETA militarra eta ETA politiko-militarra.
1975. KASen sorrera, abuztuan. Hasieran Koordinadora Abertzale Sozialista barnean zen ETA.
1975. Iraila: Juan Paredes Txiki eta Anjel Otaegi etakideak fusilatu zituen frankismoak. Honen azken hildakoak.
1975. Azaroa: Franco diktadorea hil zen. ETAk bere borroka jarraitu egin zuen.
1977. Espainiak emandako amnistia osoa. ETAk ez zuen aintzat hartu, eta segitu egin zuen.
1978. Espainiako Konstituzioa martxan. ETAk ez zuen onartu.
1979. Gernikako Estatutua martxan. ETAk ez zuen onartu.
1981. Joxe Arregi atxilotua torturatuta hil zen, otsailean. Guardia Zibilak atzeman zuen. Tortura kasurik ezagunenetakoa.
1981. Lemoiz zentral nuklearraren aurka ari zen euskal gizarteko zati handi bat urteetan. ETAk 1981ean Jose Maria Ryan zentraleko ingeniariburua hil zuen, otsailean.
1982. ETA politiko-militarrak desegin egin zela jakinarazi zuen, irailean.
1982. Euskal presoen sakabanaketa politikaren ondorioz kartzeletarako bidaian hildako lehen senide edo lagunak, 1982ko irailean: Rosa eta Arantza Amezaga. Hamasei herritar zendu dira horrela. Horrez gain, eta Etxeraten arabera, sakabanaketa politikagatik 21 euskal preso hil dira.
1983. GAL hasi zen, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren bahiketarekin (Baiona, urria; 1995ean aurkitu zituzten bien gorpuak Alacanten, Herrialde Katalanetan). GALen atentatu bidezko lehen hildakoa: Ramon Oñederra, 1983ko abenduan. 1987ra artean 27 herritar hil zituen GALek, eta Espainiako Gobernuko eta Guardia Zibileko arduradun izandako batzuk zigortu egin zituen Justiziak. Euskal Memoria Fundazioaren arabera, gerra zikinak —GALenak barne—, 85 pertsona hil ditu; haietatik %50, 1980-1984 artean.
1985. ETAk hildako lehen ertzaina: Carlos Diaz Arkotxa. Denera hamabost ertzain hil ditu.
1986. Maria Dolores Gonzalez Katarain Yoyes etakide ohia hil zuen ETAk.
1987. Txomin Iturbe ETAko buruzagiaren heriotza Aljerian, otsailean, errepide istripuan.
1987. Hipercor-eko atentatua Bartzelonan ETAk, ekainean: 21 hildako. Jende gehien hil duen atentatua. 1987ko abenduan Zaragozako kuartelean atentatua: 11 hildako.
1988. Ajuria-eneko Ituna alderdiek, ezker abertzaleak salbu.
1989. ETAren su-etena —bere lehen menia nagusia—. Aljeriako negoziazioak Espainiako Gobernuarekin (PSOE). Su-etenaren haustura, 1989ko apirilaren 4an.
1992. Bidarten ETAko zuzendaritza atxilotu zuen Frantziako Poliziak.
1995. Gregorio Ordoñez Donostiako PPko hautetsia hil zuen ETAk, urtarrilean. Eta apirilean Jose Maria Aznar PPko presidentegaia zauritu zuen beste atentatu batean —1996tik 2004ra Espainiako gobernuburu izan zen Aznar—.
1995. Alternatiba Demokratikoa aurkeztu zuen ETAk, apirilean —Aznarren aurkako atentatuaren hurrengo egunean datatutakoa—. "KAS Alternatibaren gaurkotze" gisa aurkeztu zuen.
1996. Jose Antonio Ortega Lara kartzela funtzionarioa bahitu zuen ETAk, urtarrilean. Erakundearen bahiketarik luzeena: 532 egun. Guardia Zibilak askatu zuen Ortega Lara.
1997. Ezker abertzaleko erakundeen aurkako operazio polizial eta judizial sortaren hasiera, ETArekin lotuta: HBko Mahai Nazional osoa kartzelara 1997ko otsailean, KAS legetik at 1998an, Amnistiaren Aldeko Batzordeak 2001ean, Batasuna 2003an... Halaber, 1998an Egin egunkariaren itxiera —2003an Egunkaria ere bai—.
1997. Miguel Angel Blanco Ermuko PPko hautetsia hil zuen ETAk, uztailean. ETAren eta ezker abertzalearen aurkako mobilizazio handia.
1998. ETAren su-etena. Lizarra-Garazi (alderdi abertzaleek). PPren gobernuarekin negoziazioak ETAk. Ezker abertzaleak eta Espainiako Gobernuak ere hitz egin zuten. Su-etenaren haustura, 1999ko abenduaren 3an.
2000. Jose Mari Korta enpresaria hil zuen ETAk.
2006. Martxoan ETAren su-etena. Loiolako negoziazioak Batasuna, EAJ eta PSEren artean. ETAk eta Espainiako Gobernuak (PSOE) ere negoziazioak.
2006. Abenduan Madrilen Barajasko atentatua egin zuen ETAk, artean su-etenean zela. Bi hildako. Su-etenaren haustura, 2007ko ekainaren 6an.
2008. Inaxio Uria enpresaria hil zuen ETAk.
2009. ETAk 50 urte bete zituen 2009 hasieran.
2009. Jon Anza etakidearen desagerpena, apirilean. 2010eko martxoan jakin zen haren gorpua Frantziako Tolosako Purpan erietxean zegoela. Euskal Memoria Fundazioaren arabera, "estatuen errepresioak" 1960-2010 artean 474 lagun hil zituen.
2009. Uztailean ETAren azken hilketak (nahita eragindakoak), Mallorcan (Herrialde Katalanak): bi guardia zibil. 2010eko martxoan jendarme bat hil zuen Paris ondoan, "gogoz kontrako " eta "ustekabeko enfrentamenduan". Denera 850 lagun inguru hil ditu ETAk 1968tik.
2010. Ezker abertzalearen Zutik Euskal Herria adierazpena, bide politiko eta demokratikoen alde, eta ETAk ontzat jo zuen.
2011. ETAren su-etena, urtarrilean. Ezker abertzalearen apustu estrategiko berria berretsi zuen (aldebakarrekoa, nazioartearen inplikazioa eta indar subiranisten metaketa).
2011. Martxoan zerga iraultzailea bukatu zuela iragarri zuen ETAk.
2011. Xabier Etxeberria Jauregi da libre ateratako azken euskal presoetakoa —urriaren 6an—. Etxeraten arabera, 2011ko irailaren 19an 688 preso zeuden Euskal Preso Politikoen Kolektiboan. Beste euskal preso batzuk kolektibotik kanpo daude. ETAko kide izandakoak dira bateko eta besteko gehienak. 2011ko irailaren 25ean EPPK-k bat egin zuen Gernikako Akordioarekin.
2011. Urriak 20: ETAk jakinarazi du "bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki” duela.