Zer immigrazio mota behar dugu eta zer heltzen zaigu? Imanol Pradalesen hitzek soka luzea izan dute azkenaldian. Baretu da giroa, baina galderak hemen dira. Nolakoa izango da etorkizuna? Era guztietako jendea behar dugu? Soilik kualifikatua? Bestelakorik?
Ez da gai erraza. «Enpresariek kualifikatu gabeko atzerritarrak nahi dituzte soldata eskasagoak ordaintzeko», errepikatzen dugu papagai moduan. Salatu egin dugu, gu bai iraultzaileak! Argudio hori ez da, funtsean, eskuinaren leloaren bertsio edulkoratua? «Kanpokoak lana kentzen digu», dio hark. Etorkina arerioa da. Gure esaldiak desberdina dirudi. Ezer gutxi aldatzen du, ordea. Migrantea biktima da, baina arerioa izaten segitzen du: ez dio ardura gutxiago kobratuz behar egiteak. Kolaborazionista dugu, kapitalaren konplizea. Klase-kontzientziarik gabeko lumpena. Lana kentzen digun zorri ziztrina.
Geure egin dugu eskuinaren leloa, makillatua. Hortik harago, zer? Non dago kapitalismoa suntsitu beharra? Soldata da kontu bakarra? Badirudi esplotazioa maila berekoa izatea lortzea dela gakoa, hemengo zein kanpoko langileek oparo kontsumitzen segitzeko adina irabaztea. Kontsumoak berdinduko gaitu. Karabana bana eta hurbildu elkarrengana! Hori da helburua? Makina birrintzea ez?
Nagusitzen ari diren joerak garai hauen ezaugarriak ditugu. Esaterako: medikuntzan gero eta ikasle gehiagok gura dute estetikari lotutako adarrera joan. Askoz atsegingarriagoa da 50 urteko bezero bat zimurrak ezkutatuz hobeto sentiaraztea zuk artatu duzun gaixoa hiltzen ikustea baino. Kazetaritzan ere azalekoa hedatzen ari da. Bekaduna kale inkesta bat egitera bidali. «Egunean zenbat aldiz zoaz komunera?». Benetan gertatu da. Okerrena: jendeak erantzun egiten zuen. Pixoihal-iragarkia baino ez zen falta.
Badirudi esplotazioa maila berekoa izatea lortzea dela gakoa, hemengo zein kanpoko langileek oparo kontsumitzen segitzeko adina irabaztea
Zer gizarte mota desio dugu? Arkautin sei hilabetean trebatutako musculitos marconi tatuajedun batek hamar urtean medikuntza teorian eta praktikan ikasi eta ikasi jardun duen gazteak baino gehiago irabaziko duen gizartea? Haur askok tiktokerrak, influencerrak izatea dute amets. Edo futbol izarrak, hedabideek Cayo Guillermo-ko luxuzko hotel batean igarotako oporren berri eman dezaten. Zertarako hautatu medikuntza, bideo batean zeure bidaien berri emanez diru gehiago lortuko baduzu?
Nola eman buelta egoerari? Migrazio ordenatua behar dugu. Horixe erantzuna. Geuk sortu eta moldatu dugu gizarte hau, eta orain betikoa: herri aberatsen arazoak konpontzeko, herri pobreei giza baliabideak lapurtu, lasai asko. Alta, Kantabriako Gobernuak gure mediku egoiliarrei soldata hobeak eskaintzen badizkie, orduan bai kalapitak! Eta gu zertan ari gara, kanpotik jende prestatua erakarri nahian? Ume negrito-ei sendagileak kentzen geure ume blanquito-ak osatzeko. Elkartasuna? Klasismoa eta arrazakeria. UNICEFi hilean 20 euro ordaindu eta gure larruan gozo bizi. Hurbilekoa kritikatu zuk urrunean ondorio are larriagoekin egin nahi duzuna egin nahi duelako. Azala behar da gero!
Luze joko luke migrazioari buruzko eztabaidak. Eskuina mezu apokaliptikoak zabaltzen ari da: «Guztiak etorriko dira». Gezurra. Edonork du edonora joan eta bertan bizi izateko eskubidea? Teorian hala behar luke. Praktikan? Ezkerretik baietz esaten dugu, baina ez dakit arlo horretan ere ez ote gauden kontraesanez beteta.
Fikzio-ariketa bat, hobeto ulertzeko: Kuba paradisu sozialista balitz, kapitalismoaren atzaparretatik ihesi hara joan nahi luketen zapaldu guzti-guztiei irekiko lizkieke ateak elkartasunaren izenean, sistema hankaz gora ipintzeko arriskuaren zantzurik balu, ala muga batzuk ezarriko lituzke? Galdera hori egin nion lagun bati aspaldi; berak zer pentsatzen zuen. Noizean behin joaten da bertara eta harreman onak ditu boterearen aparatuarekin. Zer esango lukete alderdiko lagunek? («Tú eres loco, compadre?»). Martxoan Habanan izan zen, ekitaldi ofizial batean gonbidatua, Díaz-Canel presidentearengandik hurbil-hurbil. Oraindik nago erantzunaren zain.