Kulturgintzako zenbait lagunek bat egin dute Sareren urtarrileko manifestazioarekin

Urtarrilaren 13an Bilbon egingo da manifestazioa, eta zenbait kulturgileren babesa jaso du, Durangoko Azokaren abaroan.

SAREREN AGERRALDIA DURANGON
Sareren deialdiarekin bat egin dute dozenaka lagunek Durangon, gaur. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2023ko abenduaren 9a
18:58
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal kulturgintzako zenbait pertsona ezagun batu dira gaur, Durangon (Bizkaia), urtarrilaren 13an Konponbiderako giltza lelopean Bilbon egingo den manifestaziora deitzeko. Sarek antolatu du agerraldia, eta Landako guneko kanpoaldea hartu dute zenbait sortzailek, hala nola Ines Osinagak, Xabier Mendigurenek, Igor Elortzak eta Porrotxek, eta, bertan bildutakoekin batera, Bilboko kaleak betetzera deitu dute.

Sarek manifestaziora deitzeko agerraldian gogora ekarri zuenez, euskal presoen espetxe ibilbidea oraindik ere Espainiako Auzitegi Nazionalean erabakitzen da, nahiz eta hamahiru urte joan diren ETAk behin betiko su etena eman zuenetik. Salatu zuen nola egiten duten hirugarren gradua lortzen duten presoen eskubideen kontra, kasu horien %60tan Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak helegitea jartzen duelako, eta atzera espetxera itzuli behar izaten dutelako, helegitea ebatzi artean. Kasu gehienetan, hogei urtetik gora kartzelan egindako pertsonak dira, eta, zenbaitetan, gaixotasun larriak dituztenak. «Legea betetzeko» eskatzen dute: «Sistema juridikoan eta espetxe sisteman aurreikusita daude zigorrak betetzeko beste aukera batzuk, kartzeletako hormetatik kanpokoak, euskal presoen kasuan aplikatu behar direnak».

Konponbiderako giltza manifestua urrian aurkeztu zuten. Manifestuaren sinatzaileen artean daude, hain zuzen, Juan Jose Ibarretxe eta Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak, ETAren, GALen eta torturaren hainbat biktima, Gerry Adams Sinn Feineko buruzagi historikoa eta Euskal Herriko eragile ugaritako kideak. Denera, 150 lagunetik gora, eta, haiekin batera, baita EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta gehiengo sindikala ere. «Iraganeko minak eta gorrotoak atzean utzi, akatsetatik ikasi, eta ez errepikatzeko bermeak ezartzea» da ekinaldiaren xedea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.