Amaia Irizar Loibide. Ikerlaria

«Kutsadurak kalteak eragin ditzake fetuaren garapenean»

Irizarrek ikerketan baieztatu du haurdunaldiaren hasierako eta bukaerako hilabeteak «oso garai delikatuak» direla, eta amak arnasten duen airearen kutsadurak eragin zuzena izan dezakeela fetuan.

GORKA RUBIO / FOKU.
unai etxenausia
2021eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
INMA Ingurumena eta Haurtzaroa ikertzen dituen proiektuaren parte da Amaia Irizar Loibide EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Saileko ikertzailea (Oñati, Gipuzkoa, 1985). Bere lantaldearekin batera, artikulu bat argitaratu berri du Environmental Research aldizkarian. Besteak beste, frogatu dute airearen kutsadurak zuzenean eragiten duela haurdunaldian; bereziki, fetuen garapen neuropsikologikorako eta fisikorako beharrezkoak diren hormona tiroideoen mailan.

Zertaz ari gara airearen kutsaduraz ari garenean?

Hainbat airearen kutsadura mota daude. Ikerketa honetan, partikula finek izan dezaketen eragina ikertu dugu, 2,5 mikra (PM2,5) baino diametro txikiagoa duten partikulak. Motordun ibilgailuek eta industriak sortzen dituzte horiek. Horrez gain, nitrogeno dioxidoa (NO2) ere neurtu dugu; motordun ibilgailuek sortzen dute kutsadura mota hori. Beraz, orokorrean kutsadura mota hori ohikoa da gure gaur egungo bizitzan.

Zergatik aztertu dituzue bi kutsadura mota horiek? Kutsadura mota gehiago egongo dira, ez?

Bai, kutsatzaile pila bat arnasten ditugu egunerokoan; sufre dioxidoa, adibidez. Baina guk INMA proiektuan NO2 eta PM2,5 kutsatzaileak neurtu ditugu, gure inguruan ohikoak direlako eta ikusi delako osasunean kalteak eragiten dituztela.

Kontatu gehiago INMA proiektuaren inguruan.

INMA proiektua Gipuzkoan martxan jarri genuen proiektu bat da. Egitasmoaren helburua haurdunaldian amaren ingurumenak fetuari nola eragiten dion jakitea da; neurogarapenean eta garapen fisikoan. Haurdun dauden emakumeetan partikula hauen esposizio maila nolakoa izan den neurtu dugu. Horretarako, proiektua Gipuzkoako inguru industrializatuetan garatu dugu, Goierri eta Urola inguruan, historikoki aktibitate industrial handiko eremu bat izan delako.

Proiektuan zer-nolako garrantzia daukate familiek?

Familiei esker egiten dugu ikerketa; haiek dira ikerketaren oinarri nagusia. 640 familia hasi ziren, eta gaur egun 300 inguru gelditzen dira. Bi urtean behin jarraipen bat egiten zaie, eta denean laguntzeko prest daude beti. Asko eskertzen dugu haien eskuzabaltasuna eta borondate ona. Askori hamalau urtez egin diegu jarraipena.

Luze joan da ikerketa...

Laginak 2006tik 2008ra bitartean hartu ziren; orduan hasi genuen proiektua. Tarte horretan aire laginak hartu ziren. Horrez gain, galdera asko egin zitzaien haurdun zeuden amei, beren bizitzaren inguruan gehienak: zer jaten zuten, ariketa fisikoa egiten zuten, non egiten zuten lan... Hori guztia beren airearen kutsaduraren esposizio maila zein zen ikertzeko erabili dugu ikerketa honetan. Eta umeei jaiotzean orpotik bi odol tanta hartu genizkien, hormona tiroideoen maila neurtzeko.

Zer dela-eta hain denbora tarte luzea emaitzak publikatu arte?

Finantzaketak baldintzatu arren, asterik asteko PM2,5 eta NO2 esposizio-maila kalkuluak 2019. urtean egin genituen. Orduan jakin genuen umeen aste bakoitzeko esposizio maila nolakoa zen.

Airearen kutsadurak jaioberrien hazkuntzan eragiten duela baieztatzen duzunean, zein hazkuntza motaz ari zara?

Ikerketa honetan frogatu duguna da amaren airearen kutsaduraren esposizioak harreman zuzena daukala jaioberriaren hormona tiroideo kontzentrazioarekin. Hormona hauek oso garrantzitsuak dira neurogarapenerako eta hezurren garapenerako; orokorrean hazkuntzarako, sistema hormonalak ondo funtzionatzea oso garrantzitsua da.

Zergatik dira hain garrantzitsuak hormona tiroideoak?

Gehienbat garapen neuropsikologikoan eragiten dute. Hala ere, gibelean eta hezurren garapenean ere eragin nabarmena daukate. Esaterako, hormona tiroideoen maila desegokiek eragin zuzena dute neurogarapenean eta hazkuntza fisikoan; Kretinismo -hormona tiroideoen gabeziak eragindako gaixotasun larria- izeneko gaixotasuna, adibidez. Horregatik, garapen fisiko eta neuronalerako oso garrantzitsua da hormona tiroideoen maila normala izatea. Baina, orokorrean, kutsadurak kalteak eragin ditzake fetuaren garapenean.

Zergatik dira hasierako eta bukaerako hilabeteak haurdunaldiko aldirik delikatuenak?

Gure ikerketan hori frogatu bada ere, zergatia ez dakigu oraindik; asko dago ikertzeko. Aro perikontzepzionala oso garrantzitsua da, obulua sortu aurretik gertatzen diren aldaketa genetikoak oso sentikorrak direlako ingurumen aldaketekiko, eta, prozesu hori pasatzen ari den bitartean esposizio bat balego, horrek haurdunaldi osoan eragin dezake. Oso momentu kritikoa izaten da enbrioia uteroan finkatzen denekoa ere. Horregatik, airearen kutsadurak asko eragin dezake hasieran. Horrez gain, azken hiru hilabeteetan ere ikusi dugu harremana dagoela ingurumena, kutsadura eta hormona tiroideoen mailaren artean. Frogatuta dago haurdunaldiko azken hilabeteak oso kritikoak direla. Beraz, hiru sentikortasun aro berezi daude: haurdun geratu aurretiko asteak, haurdunaldiaren hasiera eta bukaerako hiru hilabeteak.

Plazentak umea babesten duela dioen ideia okerra da orduan...

Plazentak umea babesten duen arren, kutsatzaile askok plazenta zeharka dezakete, eta umearengana irits daitezke.

Haurdunaldi osasuntsu bat izateko gomendiorik bai?

Haurdunaldi osasuntsu bat izateko, kutsadura esposizioa ahalik eta gehien murriztea da garrantzitsuena, edozein kutsadura mota. Adibidez, Europako Batasuneko beste herrialde batzuetan, haurdun dauden emakumeei gida bat ematen diete, zein kutsadura esposizio saihestu behar dituzten esaten diena, eta hemen, berriz, nik dakidala ez dago horrelakorik. Baina argi izan behar dugu garapen fetala gure bizitzako garairik delikatuenetako bat dela, eta asko zaindu behar dela. Egia da arnastea ezin dugula ekidin, eta lekuko kutsadura arnastu beharko dugula, baina ahal dela airearen kutsadura maila handiak ekidin behar dira. Hala ere, gaur egun Euskal Herriko aire kalitatea ona dela esan daiteke.

Zer falta da ikertzeko?

Airearen kutsadurak jaioberriaren pisuarekin eta tamainarekin duen harremana oso ondo aztertua dago dagoeneko. Baita haurdunaldiaren iraupenarekin izan dezakeen harremana ere: amak jasan duen airearen kutsadura gero eta handiagoa izan, haurdunaldia 40 astera ez iristeko probabilitatea handiagoa da. Ikertzen jarraitzeko asmoa dugu, eta interesgarria izango litzateke jakitea zein mekanismo biologikorekin lotzen diren, gure emaitzen zergatia ulertzen saiatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.