Sustapen Ministerioaren arabera, giza akatsak eragin zuen istripua. Izan ere, trenbide aldaketa egiterakoan a 125 kilometro orduko abiaduran zihoala trena ondorioztatu du txosten teknikoak, eta halako maniobra bat gehienez 30 kilometro orduko abiaduran egin behar dela zehazten du araudiak.
Trenaren gidariak inork ez ziola trenbide aldaketaz ohartarazi deklaratu zuen atzo Polizia Judizialaren aurrean; hau da, horren berri ematen duten seinaleak ez zituela jaso, eta horregatik ez zuela abiadura murriztu. Sustapen Ministerioak landutako txosten teknikoaren arabera, ordea, gidariak jaso zuen abiadura moteltzeko agintzen zioten seinaleak, halakoetan sakatzen den botoia zanpatu zuela jaso baitu kutxa beltzak.
Istripu horretan sei lagun hil ziren, tartean Pasai Antxoko (Gipuzkoa) senar-emazte bikote bat. Zaurituak, berriz, 36 izan ziren, zortzi euskal herritarrak. Hala ere, piskanaka hobera egiten ari dira. Esaterako, euskal herritarren artean dagoeneko hiru bakarrik dira erietxeetan ingresatuta jarraitzen dutenak: Ordiziako (Gipuzkoa) emakumezko eta gizonezko batek eta Iruñeko neska gazte batek. Ordiziako emakumea dagoeneko gela arrun batean dago; gizonezkoak, berriz, arreta berezien unitatean jarraitzen du, baina hobera egin du azken orduetan. Iruñeko neska gaztea ere larri dago, baina sendatze prozesua ondo doala azpìmarratu dute medikuek.
Espainiako tren istripua