LABek Bengoaren dimisioa eskatu du, osasunean murrizteagatik

Osasun publikoa «negozio bihurtzen» saiatu dela egotzi dio sindikatuak Osasun sailburuari

Osakidetzaren murrizketen aurka LABek egindako protesta bat, ekainean, Txagorritxu aurrean. RAUL BOGAJO / ARP.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren dimisioa eskatu du LABek, «osasun publikoan murrizketak egiteagatik»; harenarekin batera, Osakidetzako zuzendaritza osoarena ere eskatu du. Osasun sistema publikoari «eraso zuzena» egin diotela salatu du LABek Osakidetzan duen arduradun Edurne Agirrek, Bilbon emandako prentsaurreko batean. «Osasuna negozio» bilakatzen saiatzea leporatu die Bengoari eta zuzendaritza taldeari.

Agirreren ustez, «gezurretan» ari dira Bengoa eta Patxi Lopez lehendakaria: «Behin eta berriz esan arren Espainiako Gobernua egiten ari den murrizketak ez direla ezarriko Euskal Autonomia Erkidegoan, errealitatea bestelakoa da». Jaurlaritzak murrizketak egingo dituela salatu du Agirrek, eta orain ere horretan ari dela. Hainbat adibide jarri ditu: %4,4 jaitsi duela Osasun Saileko aurrekontua azken bi urteetan; Espainiako Gobernuaren aginduz %5 jaitsi dituela soldatak; lanpostu publiko gutxi sortzen dituela —5.700 adostu arren, 2.600 plaza eskaini ditu azken deialdian—; eta minbizia aurretiaz detektatzeko programetan murrizketak egin dituela, besteak beste.

Horren harira, lehendakariak osasun publikoa «hauteskundeetarako propaganda» egiteko erabiltzen duela salatu du Agirrek, eta esan du pentsiodunek botikak ordaintzea eta halako beste neurri batzuk ezarriko dituela hauteskundeen ostean. Hori ikusita, hauteskundeak «berehala» egiteko eskatu du: «Inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu hauteskundeak lehenbailehen egitea, gure oinarrizko eskubide sozial eta laboralak urratu dituen legegintzaldiari agur esateko».

Bestalde, Osakidetzako zuzendaritzak kudeaketa «ezin okerragoa» egin duela salatu du Agirrek. Sindikatuak «alde batera» uztea eta neurriak inposatzea egotzi dio; lan baldintzak «prekario» bihurtzea eta langileen eskubideak murriztea ere leporatu dio.

Santiago, «hankaz gora»

Osakidetzak Gasteizko Santiago ospitalea «hankaz gora» jarri du, ELA sindikatuaren ustez. Sindikatuak salatu du Santiago ospitaleko langileak «irizpide jakinik gabe» bidaltzen ari direla Txagorritxu ospitalera. Arabako Unibertsitate Ospitalea eraikitzeak ekarri ditu aldaketak, ELAren aburuz: «Santiago eta Txagorritxu ospitaleen nortasuna suntsitzen ari da Osakidetza, lotsa izpirik gabe». Era berean, esan du Santiagon lan egiten duten pertsonak «zein lan egingo duten jakin gabe» doazela Txagorritxura. «Presa handiegiarekin ari dira erietxeak batzen, eta Santiago ospitalea profesionalik gabe uzten ari dira», nabarmendu du ELAk. Uste du horrek arretan eraingo duela.

Bestalde, ELAk iritzi dio Arabako Foru Aldundiak «suntsitu» egin duela etxean laguntza emateko zerbitzua. Hain zuzen, salatu du aldundiak murrizketak egin dituela azkenaldian zerbitzu horretan. Horren harira, ELAk esan du mendekotasuna duten pertsonei ematen zaizkien arreta orduak murriztu egin dituela aldundiak: %25 murriztu ditu azken hiru urteetan.

Marta Alaña Gizarte Ongizaterako diputatuaren hitzak ere gogorarazi ditu sindikatuak: «Alañak harro adierazi du komunikabideetan 1.500 lanpostu sortu dituela, baina ez du esan soldatak 500 euro baino baxuagoak eta laburrak direla». Zerbitzua «beste era batera» kudeatzeko eskatu du ELA sindikatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.