Azpiegiturak

LABek dio AHT "gelditzeko" mobilizazioetan "inoiz baino gehiago" ariko dela

Sindikatuak salatu egin du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak abiadura handiko trenaren egitasmoaren kontrako ekintzak terrorismo delitutzat hartzeko eta auzi horiek Espainiako Auzitegi Nazionalera bidaltzeko agindua eman izana.

2009ko martxoaren 11
19:21
Entzun 00:00:0000:00:00
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak AHTaren kontrako ekintzak terrorismo delitutzat hartzeko eta auzi horiek Espainiako Auzitegi Nazionalera bidaltzeko agindua duela-eta, LABek hari gaur jakinarazi dio abiadura handiko trenaren egitasmoa "gelditzeko" mobilizazioetan "inoiz baino gehiago" ariko dela. AHTaren aurkako mugimendua kriminalizatu nahi izana salatu du prentsa ohar bidez.

"Langileok gara AHT eta erakunde publikoek babesten dituzten garraio ereduaren kaltetuenak", dio LABek. "Orain arteko agintariek ez dute sindikatuokin adostu zertan inbertitu behar den lanerako joan-etorrien mugikortasuna benetan egokia izan dadin, eta AHT ez dator arazo hori konpontzera, kaltea besterik ez luke ekarriko". Haren ustez, "etengabe proiektu ofizialak inposatu" nahi dituzte erakunde publikoek. "Langileon nahiei, beharrizanei, interesei, aldarriei... muzin egiten diete, eta orain zilegi diren jarrerak kriminalizatu eta Espainiako Estatuko Auzitegi Nazionaleko aulkian kokatu nahi gaituzte".

Sindikatuak dio "Euskal Herriko gehiengo sindikala eta sozialarekin batera une honetan lanak gelditu eta jendartearen eztabaida parte-hartzaile, plurala eta zabala irekitzearen alde" dagoela.

Atzo ELAk Jaurlaritzaren jokabidea "oso larritzat" jo zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.