«Aniztasun funtzionala» dutenek dozenaka urtez eratu dituzten eta haientzat hain garrantzitsuak diren bizi proiektuak, harreman sareak eta etxetzat daukaten ingurunea galtzea: horra hor LABek eta familiek gaur plazaratu dituzten kezka nagusiak. Izan ere, apirilaren 1ean Bizkaiko Foru Aldundiak onartutako dekretuek kolokan jarri dituzte haien bizi baldintza eta eskubideak.
Dekretu horiek dibertsitate funtzionalaren arretarako sistema eguneratu eta berrantolatzeko eratu dira: zerbitzuen antolaketa, sarbidea eta finantzaketa arautzen dituzten irizpideak ezarri dituzte. Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, neurri horien bidez «baldintza eta laguntza egokiak eta nahikoak» lortu nahi dituzte, desgaitasunen bat dutenen eta haien ingurune soziofamiliarraren bizi kalitaterako eta partaidetzarako.
Kasu errealetatik abiatuta
Maria Luisa Uriak 67 urte ditu, eta Downen sindromea eta desgaitasun intelektual moderatua ditu. Zornotzan (Bizkaia) desgaitasunen bat dutenentzako eguneko zentroan ia 23 urte eman ostean, Uria zaharren egoitza batera bideratu nahi izan zuen diputazioak, Borja Arrizabalagak —Uriaren familia laguntzen ari den gizarte langileak— azaldu duenez: «Egun batetik bestera tokia kentzea erabaki zuten».
Familiak erabaki du Uria ez sartzea zahar etxean: «Oso ondo ezagutzen dute Marilu, eta badakite horretarako hobe dela etxean egotea». Izan ere, zentro horrek ez dauka Uriari arreta berezia emateko baliabiderik, tresnarik eta prestakuntzarik. Hala ere, familia kezkatuta dago zentroa uzteak Uriari ekar diezaiokeen «hondatze kognitibo, emozional eta psikologikoarekin».
«Beti izan da oso autonomoa, baina orain zalantzati eta beldurti dago, errutinak hautsi zaizkiolako»
BORJA ARRIZABALAGA Gizarte langilea
Arrizabalagak nabarmendu du Zornotzako zentroak bizi kalitatea eman diola emakumeari, eta orain erakunde publikoak eskuetatik kendu diola baliabide hori. Azaldu du, era berean, Uriak antsietatea izan duela, eta gero eta gehiago behar duela senideen presentzia: «Beti izan da oso autonomoa, baina orain zalantzati eta beldurti dago, errutinak hautsi zaizkiolako». Errutina horiek ematen baitzioten segurtasuna.
Bizkaiko Foru Aldundiak onartutako dekretuen ondorioz heldu dira egoera horretara Uria eta haren familia. Laguntza 18-64 urte bitartekoei mugatu nahi diete; adin horretatik aurrera, pertsonak beste baliabide batzuetara bideratu beharko dituzte. Hala nola, adinekoen egoitzetara. Erabiltzaileentzat, zahar etxe batera bideratzea «haustura» bat izango litzateke, LABek dioenez.
Beste neurri batzuk
Egokitasun ziurtagiriak kentzea ere salatu dute. Horien bidez, bermatu egiten zen zerbitzu batean onartutakoek zerbitzu horren izaerarekin eta gaitasunarekin bateragarria zen premia bat zutela. LABek nabarmendu du tresna hori gabe zerbitzuak beharrizan profil desberdinei erantzutera behartuta egon daitezkeela, eta horrek zaildu egingo duela arreta espezializatua eta pertsonalizatua ematea.
DIPUTAZIOAK ESAN DU EZ DIRELA OROKORTUKO EGOITZA ALDAKETAK
Amaia Antxustegi Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatuak ukatu egin du dekretu berriekin desgaitasunen bat dutenen egoitza aldaketak orokortuko direla. Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordean eman ditu azalpenak, PPk eskatuta. Diputatuaren esanetan, orain arte ere aldatu izan dituzte egoitzaz, eta orain zera egin dute: aldaketa horiek «arautu, irizpideak ezarri eta segurtasun juridikoa eman». Oro har, hori da dekretuen helburua, haren arabera: «Ez dira inprobisatutako kontu bat; Elbarrien Parte Hartzerako eta Bizitza Kalitaterako Bizkaiko Planean oinarrituta daude», zehaztu du.
Diputatuaren esanetan, azken urteetan egin diren 250 aldaketa baino gehiagoren artean, soilik %2 izan dira «ofizioz egindakoak»; hau da, diputazioak bultzatutakoak. «Gehientsuenak pertsona hauekin eta familiekin adostuta egin dira, eta kasu askotan zentro hauetako arduradunek eskatu dituzte». Aurrerantzean ere horrela izango dela esan du.
Berrordaintzeari dagokionez, esan du gaitasun ekonomikoa kontuan hartuko dutela aurrerantzean ere adinekoen egoitzetara lekualdatzen dituztenean, baina pertsonarenari barik familia unitate osoarenari erreparatuko diotela, «ezberdintasun justifikaezinak saihesteko». Ospitaleratzen dituztenean ordaintzen jarraitu behar izatea ere argudiatu du: diputatuaren esanetan, lekua gordetzeko eta eskaintzen zaien laguntza bermatzeko da. Elbarrien zentroetan egoteko adin muga jarri izana ere justifikatu du. 65 urte betetzean adinekoen egoitza batera joateari, «bizitzako etapa berri batera egokitzea» deritzo, eta azaldu du trantsizioak «planifikatuta» egingo direla.
Dekretuak eskakizun berriak ere jasotzen ditu etxebizitza lagunduetarako. Sindikatuak azaldu du bat datorrela arretaren kalitatea hobetzeko helburuarekin, baina ohartarazi du aldaketa horiek inbertsio ekonomiko handia eskatuko dutela. Bide horretan, eskatu dute finantzaketa publikorako premiak eguneratzeko betebehar berriak kontuan hartuta: «Finantzaketa nahikoa ez bada berrikuntzei aurre egiteko, ondorioak erabiltzaile eta profesionalek jasango dituzte».
«Neurri horrek kalte egiten die urte luzez zaintza eta laguntza lanetan ibili diren familiei, eta, neurri batean, ekonomikoki zigortzen ditu dibertsitate funtzionala duen seme edo alaba bat izateagatik»
LAB
Gainera, familiek kezka sakona agertu dute dekretuaren puntu batekin bereziki: zerbitzuen kostua kalkulatzerakoan, erabiltzaileen diru sarrerak ez ezik, haien gurasoenak ere kontuan hartuko dira. «Neurri horrek kalte egingo die urte luzez zaintza eta laguntza lanetan ibili diren familiei, eta, neurri batean, ekonomikoki zigortzen ditu dibertsitate funtzionala duen seme edo alaba bat izateagatik», adierazi du LABek.
Horregatik guztiagatik, LABek hausnarketa bat plazaratu du: «Benetan ari gara pertsonak erdigunean jartzen?». Sindikatuak dio urte hauetan hainbat aldiz entzun dutela «pertsona erdigunean jartzea» esaera. Ideiarekin bat egiten dute, baina «hitzak benetako neurrietan islatu behar dira zentzua izan dezaten». Haien ustez, pertsonak erdigunean jartzeak esan nahi du haien bizi proiektuak errespetatzea, harremanei eustea, komunitatean sartzen laguntzea, familiei entzutea, elkarte espezializatuak edukitzea eta euskarrien jarraitutasuna bermatzea.
Horregatik eskatu dute errealitate hori gertutik ezagutzen dutenen ikuspuntua kontuan hartzea. «Horrela, posible izango da arreta duin eta inklusiboa eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen beharretara egokitutako politika publiko bat diseinatzea. Azken batean, haientzat garrantzitsua da edozein erreformak beren eskubideak babestea, laguntzen jarraitzea eta bizi proiektuak errespetatzea».