LABek salatu du EHUk hainbat lanpostu sortzeko prozesuak gerarazi dituela finantzaketa faltarengatik

Egoera «larria» dela esan du sindikatuak, eta EHUk «aspaldidanik» pairatzen duen «azpifinantzaketak» sortutako arazoa dela: «Kaltetutako langileak asko dira».

EHUren ikur berriaren aurkezpena, asteon. MAIALEN ANDRES / FOKU
EHUren ikur berriaren aurkezpena, asteon. MAIALEN ANDRES / FOKU
arantxa iraola
2025eko uztailaren 3a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

2024ko promozioaren kontura onartuta zeuden 56 katedra, 38 laguntzaile doktore, 19 irakasle elkartu. LABek salatu duenez, lanpostu horiek guztiak sorrarazteko prozesuak gerarazi egin ditu EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, eta horren atzeko motiboa izan da finantzaketa urria. «Egoera hau oso larria da, eta EHUn aspaldidanik pairatzen dugun azpifinantzaketak sortutako arazoak areagotzen ditu», salatu du sindikatuak prentsa ohar baten bidez. «Kaltetutako langileak asko dira», ohartarazi du: «Haserre egoteko arrazoiak dituzte».

LABek gogora ekarri du 20 milioi euroko defizita duela unibertsitateak. Izan ere, aurreko ikasturteetan aurrekontuetan jasotakoa baino diru gehiago behar izan du. «Azken urteetan, Jaurlaritzaren ezohiko ekarpenen bidez aurre egin zaie zor horiei». Salatu du, ordea, orain Eusko Jaurlaritzak ez duela bere gain hartuko «gainkostua», eta horrek zaildu egin duela egoera.

Jaurlaritzari egotzi dio ez konplitzea legez unibertsitate publikorako ezarritako gutxienekoak, eta, kontrara, unibertsitate ekimen «pribatu» batzuei «alfonbra gorria» jartzea. Espainiako Unibertsitate Sistemaren Lege Organiko LOSUn jasotako irizpidea da BPG barne produktu gordinaren %1 bideratu behar dela 2030erako unibertsitate publikora, baina LABek gogora ekarri nahi izan du oraindik oso urrun dagoela helburu hori: «%0,42an gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.