LAB sindikatuak ohar baten bidez salatu du Osasunbidea ez dela hizkuntzen ezagutza baloratzen ari langile fakultatiboen lan deialdietan —goi titulazioren bat izatea ezinbestekoa dute behargin horiek—. Alegia, langile horiei lanpostuak ematean, ez dira aintzat hartzen meritu gisara gaztelaniaz bestelako hizkuntzak, ezta euskara ere. Sindikatuak gogora ekarri du lehendik ere behin baino gehiagotan atera dituela plazara 97/2024 foru dekretuaren —merezimenduen dekretua ere deitua— «inkoherentziak eta bidegabekeriak», eta araudi horien ondorioetako bat dela hau ere.
2024ko azaroaren 22an argitaratu zuten foru dekretua, eta hartan zehazten da zer lanpostutan baloratuko duten hizkuntzak jakitea merezimendu gisa Nafarroako administrazio publikoan sartu eta lanpostuak betetzeko orduan. Euskalgintzak ere maiz egin izan dio kritika dekretu horri. Bada, gaur LABek gogora ekarri du dekretu horrek egiturazko trabak ezartzen dizkiola euskararen garapenari, Osasunbideko kasua hizpide hartuta. Sindikatuko ordezkariek esan dutenez, administraziora jo dute azalpen eske, eta osasun sistemako arduradunek erantzun diete «ezinezkoa» dela lanpostu guztien hizkuntza balorazioa egitea, argudiatuta araudia bera muga dela.
LABek gogora ekarri du Osasunbideari abisu eman ziola araudi horrek ekarriko zizkion mugen gainean, baina administrazioak ez zituela aintzat hartu ohartarazpen horiek, ordea. «Orain ari gara araudi berriaren ondorioak jasaten». Eta hona horrek zer dakarren: «Berriz ere, herritarren eta profesionalen eskubideak urratzen ari dira, albo batera utzi baita hizkuntzen merezimenduen balorazioa, nahiz eta lanpostu horiek lotura zuzena duten Osasunbideko paziente eta erabiltzaileekin».