Laborantzaren eta Elikaduraren Kontseiluaren sorrerak izan du eztabaidarik handiena Euskal Elkargoko gaur goizeko biltzarrean. 92 kidek alde bozkatu eta 78k kontra egin ondotik, Laborantzaren eta Elikaduraren Kontseiluak laborantzaren eta elikaduraren arloko instituzioak eta elkarteak biltzeko xedea izanen du, Ipar Euskal Herriko laborantza eta elikadura politikak «bideratu» ahal izateko. Bertan parte hartzeko gomita ukan dute bertzeak bertze Frantziako Estatuak, Pirinio Altantikoetako Laborantza Ganberak eta Akitania Berriko eskualdeak.
Hainbat galdera piztu ditu elkartearen sorrerak. Peio Quihillalt Bil Gaiten talde politikoko eledunak eta Ligiko auzapezak salatu du 2018an –duela kasik zortzi urte– atera zela Ipar Euskal Herri mailako Laborantzaren eta Elikaduraren Erakunde Publikoa sortzeko xedea. Hark, eskumen propioak izanik, laborantzaren aldeko politikak eramateko eta bideratzeko helburua zuela zehaztu du. «Garai hartan pentsatu egiturak, erakundeak, sindikatuak, laborariak eta elkarteak bilduko zituen, eta laborantzan eragiteko gaitasuna izanen zuen».Â
Alabaina, egun sorturikoak, elkarte egitura izanik, ez du erabakitzeko eta eragiteko gaitasunik izanen erakunde publiko bati konparaturik. Hainbat partaide biltzeko eta laborantzaren inguruko gogoeta irekitzeko balioko du, eta, egituraren alde bozkatzea deitu badute ere, Bil Gaiten-eko kide Quihillaltek nabarmendu du Laborantzaren eta Elikaduraren Kontseiluak helburutzat hartu beharko duela erakunde publiko izateko urratsak egitea.Â
«Garai hartan pentsatu egiturak, erakundeak, sindikatuak, laborariak eta elkarteak bilduko zituen, eta laborantzan eragiteko gaitasuna izanen zuen»
PEIO QUIHILLALTÂ Bil Gaiten taldeko eleduna
Bertzalde, Elgarrekin Herriarentzat talde politikoko Herve Dameztoik salatu du PAT Lurralde Elikadura Proiektuak dagoeneko betetzen duela neurri batean Laborantzaren eta Elikaduraren Kontseiluaren funtzioa. Euskal Elkargotik kanpoko egitura bat sortzea «zentzugabea» dela kontatu du, eta proposatu du elkargo barneko laborantza komisioa «indartzea» laborantzaren erronkei aitzin egiteko, egoera «zailean» baitago.
Patrick Etxegarai Landibarreko auzapez eta Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganberako lehendakariorde ohiak, berriz, azpimarratu du laborantzari eta elikadurari loturiko gaiak Laborantza Ganberan eztabaidatzekoak direla, eta ez Elkargoak sortu nahi duen kontseiluan. Horrez gain, datorren martxoko herrietako bozen karietara antolatu «estrategiaren» barnean kokatu du kontseiluaren sorrera, hautesle jakin baten eskaera «asetzeko» gisan. Bide batez, iragarri du Laborantza Ganberak ez duela parte hartuko elkartearen gogoetetan.Â
Prefeta kontra, eskualdea isilik
Urriaren lehenean, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariari bidali gutunean, Pirinio Atlantikoetako prefetak ohartarazi du ez zaiola jakinarazi Frantziako Estatua kontseiluaren parte hartzaileen artean izanen dela. Gainera, azpimarratu du Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganberak dituela laborantzan eragiteko eskumenak, eta erran du laborantza gaiak Ipar Euskal Herrira mugatzea «desmartxa politiko hutsa» dela.Â
Laborantza Ganberak auzapezei bidali azaroaren 24ko agirian, Akitania Berriko eskualdea kontseiluaren sorreraren kontra dela erran dute, eta, parte hartzaile izatera gomitatu badute ere, Quihillalten arabera ez du erantzunik eman oraingoz. «Zuzendu nahi dut Laborantza Ganberak erran duena. Akitania Berriko eskualdea ez da oraino kokatu elkartearen sorrerari begira, eta, beraz, ez da kontra agertu».Â
Hegazkingintza eztabaidagai
Hegazkingintza sostengatzeko bide orriak ere eztabaida sortu du hemizikloan. Nicole Etxamendi Itsasuko auzapezordeak hartu du hitza, eta salatu du hegazkingintza sostengatzeko bide orriak ez diola erantzuten egungo klima larrialdiaren erronkari. «Biziki kontraerronkorra iruditzen zait hegazkingintza garatzea deskarbonizaziorako gogoa erakutsiz».
«Erronka etikoa da, eta uler dezaket sektorea zein garrantzitsua den Ipar Euskal Herrian, baina armak eta hegazkin militarrak esportatzeak ondorio dramatikoak eragiten ditu»
NICOLE ETXAMENDIÂ Itsasuko auzapezordea
Bertzalde, nabarmendu duenez, nahiz eta Ipar Euskal Herrian lana sortzen duen sektore horrek, industria mota hori garatuz gero «gerla ekonomia» sustatuko da. «Erronka etikoa da, eta uler dezaket sektorea zein garrantzitsua den Ipar Euskal Herrian, baina armak eta hegazkin militarrak esportatzeak ondorio dramatikoak eragiten ditu».Â