ipar euskal Herria

Laborantza Ganberaren absoluzio epaia irmoa eta behin betikoa da

Paueko Auzitegiak ostegunean hartutako erabakia ez du Kasazio Auzitegira eraman fiskal nagusiak. Iaz egin zuten epaiketa, Baionan.

2010eko maiatzaren 12a
17:07
Entzun
Bukatu da Laborantza Ganberaren aurkako auzia. Gaur. Paueko Auzitegiak (Frantzia) ostegunean atzera bota zuen Baionako Fiskaltzak Euskal Herriko Laborantza Ganberaren (EHLG) aurka sartutako helegitea eta iazko martxoan Baionakoak emandako absoluzio epaia "erabat" berretsi zuen, Paueko fiskal nagusiak gaur arteko epea zuen kasua Kasazio Auzitegira eramateko, baina ez du bide hori erabili; beraz, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako erakundearen absoluzio epaia irmoa eta behin betikoa da gaurtik.

Joan den otsailaren 18an egin zuten Pauen saioa, eta ostegunean hartu zuen erabakia auzitegiak.

"Epaia berresteak dimentsio historikoa du Euskal Herriarentzat, baita soziala eta lurraldeari lotua ere", adierazi zuen ostegunean Mixel Berhokoirigoin EHLGko lehendakariak. Elkartearen behin betiko zilegitasuna aitortzeko erabaki garrantzitsua dela uste du, eta Frantziako Estatuari dei egin zion, "EHLGren laborantza proiektuarekin moldatzeko".

Prokuradoreak otsaileko saioa zela-eta hastapen batean bi mila euroko isuna eta Laborantza Ganbera izena erabiltzea debekatzeko aldarrikatzen zuen idatzizko eskarian. Ahozkoan, aldiz, erabat apaldu zuen eskaria, eta bi mila euroko isuna edo "epaileak egoki deritzon isuna" baino ez zuen eskatu. Berhokoirigoinek azaldu zuen elkartearen asmoan ez zegoela nahastea eragiteko asmorik, Euskal Herriko laborarien eguneroko errealitateari ihardestea eta laguntza egokiak ematea zela haren helburua. Jean Rene Etxegarai, Joseph Montier eta Corinne Lepage abokatuek burutu zuten Euskal Herriko Laborantza Ganberaren eta Berhokoirigoin EHLGko lehendakariaren defentsa joan den otsaileko auzi saioan. Lekuko gisa eraman zituzten Jean Foiriere, Michel Lauque, Frantxua Maitia Akitaniako presidenteordea eta Gerard Onesta Europako Parlamentuko presidenteordea.

2005etik dator kontua. Orduan Frantziako Pirinio Atlantikoetako prefetak gutun bat helarazi zien EHLGko arduradunei, "egitura paralelo eta legez kanpoko baten" sorrerak sortu arriskuez ohartaraziz.

2009an egin zuten epaiketa, Pirinio Atlantikoetako prefetaren salaketa zela-eta. Laborantza Ganbera legez kanpo gelditzeko arriskuan zegoen. Behin betiko edo aldi baterako (bost urte gehienez) legez kanporatzea eta Berhokoirigoin urtebetez preso sartzea erabaki zezakeen Baionako Auzitegiak. 'Laborantza Ganbera' izena erabiltzea debekatua dela zioen prefetak, izen hori erakunde publiko batena delako. Halaber, elkarte horren "izaera, helburuak eta antolaketa" ere legez kanpokoak zirela zioen, horiek ere erakunde publiko batenak direlako. Euskal Herriko Laborantza Ganberaren izenak eta izaerak Pirinio Atlantikoetako ganberarekin "nahasmena" sortzen duelako, Paueko (Biarno, Frantzia) prefetak auzitan ezarri zuen Laborantza Ganbera. Absoluzioa eman zuen, baina, Baionako Auzitegiak.

Iaz epaiketa hasi zenerako, EHLGk babes handia lortua zeukan. Kasu, zazpi mila herritarren atxikimendua jaso zuen eta mila hautetsirena ere bai. Euskal Herriko 150 bat pertsona ezagunek ere azaldu zuten elkartasuna. Harrezkero sostengua hazi besterik ez da egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.