Azpiegiturak

Laborariek AHTaren aurkako jarrera berretsi dute Urruñan

RFF tren elkarteko teknikariekin eta Paueko Ganberako lehendakariarekin ziren biltzekoak laborariak, AHTari buruzko diagnosia egiteko. Egitasmoaren aurkako protesta modura traktoreekin azaldu dira nekazariak eta ez dira bilera mahaian eseri ere egin.

2010eko uztailaren 19a
15:17
Entzun
Abiadura handiko trenari (AHT) buruz bilera bat ziren egitekoak Urruñan gaur Ziburu, Biriatu eta Urruñako 30 bat laborari eta Paueko Laborantza Ganberako lehendakari Jean Mixel Anxolabehere eta RFF Frantziako tren elkarteko teknikari bi, baina ez dute egin. AHTa 30 laborari haien etxe inguruetatik pasatuko litzatekeenez, gaur batzarrean horri buruzko diagnosia egin nahi zuten, baina nekazariak traktoreekin azaldu dira Urruñan, AHTaren aurkako mezua zabalduz, eta mahaian ez dira eseri ere egin.

Kazeta.info-k jakinarazi duenez, goizeko bederatzietan ziren elkartzekoak bi aldeak. Laborariak dozena erdi traktoreren laguntzaz agertu dira, hamarnaka herritarren sostenguz. "Kalte ekonomiko eta ekologiko izugarriak dituen proiektua ez dugu onartzen eta planto egiteko prest gara, gure etxaldeak, gure arbasoen lurrak eta gure bizimodua defendatzeko", esan du Totte Elizondok, nekazarien izenean. Lehen ere azaldu izan dira egitasmoaren aurka.

Handik gutxira laborarien ordezkariak Urruñako herriko etxean sartu dira eta, ordezkari ofizialak mahaiaren alde batean eseri diren arren, bestaldean ez da jarri inor. Zutik egon dira laborariak eta, euren mezua ezagutarazi bezain laster, plazara jaitsi dira berriro, eta adierazi dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako biztanleen %90ek egitasmoa ez dutela onartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.