Laborategietan erabiltzen dituzten animalien nazioarteko eguna da gaurkoa. Milioika dira urtean, mundu zabalean. Milioika animalia erabiltzen dituzte hamaika esparrutako saioetan, eta milioika hiltzen dituzte, saio horien ondorioz. Errealitate horrek gizakien egunerokoarekin bat egiten du, anitzetan. Animaliok hartzen dituzten laborategiak ez daudelako beti urrun. Bertzeak bertze, unibertsitateetan badira animaliategiak. Ikasleek gelan erabiltzen dituzte animaliok, batetik; eta irakasleek, ikerketetan, bertzetik. Saio horiei so egin die Askekintza talde animalistak. Hego Euskal Herriko, Espainiako, Kataluniako eta Galiziako unibertsitateak ikertu eta gida bat osatu du, ikasleen esku jartzeko.
Askekintzak argi utzi du: ikerketak baieztatu egin ditu taldeko kideen usteak. Unibertsitate gehienetan, oraindik ere, animaliekin saioak egiten dituzte, bertzelako metodoak bultzatu ordez (ordenagailu programak, in vitro hazkuntzak eta abar). «Animaliekin saiorik egiten ez duten unibertsitateetan, hautu hori ez da izaten, gehienetan, etikagatik, baizik eta halako saioek ez dutelako bat egiten unibertsitate horiek eskaintzen dituzten ikasketekin», azaldu dute Askekintzako kideek euren ikerketan.
Munduan, 115 milioi ornodun erabiltzen dituzte urtean laborategietan, saioak egiteko, Pacma alderdi animalistak emandako datuen arabera. Hamabi milioi baino gehiago Europan erabili eta hiltzen dituzte. Luzea da erabilitako espezieen zerrenda: arratoiak, txakurrak, untxiak, ardiak, katuak, primateak... Europak animaliekin egindako saioen inguruko araudi berria onartu zuen iaz, eta debekatu egin zituen kosmetikaren alorrean. Ez erabat, ordea. Produktuak Europatik kanpo saltzeko saioak egiten jarraitu ahal izanen dute enpresek, adibidez. Araudiak, gainera, salbuespenak onartzen ditu bertze metodo batzuk garatzeko zailtasunak daudenean.
Animaliekin eginiko saio guztiak bazter uzteko asmoz, herri ekinbidea martxan da Europan. Europako Batasunak tramitera onartu ditu aurkeztutako sinadurak (1.340.000), eta auzia eztabaidatuko dute irailean. Arlo guztietako saioak bertan behera uzteko eskatuko dute ekinbidea martxan jarri duten talde animalistek.
70 unibertsitate aztergai
Unibertsitatearen esparruan, milaka animalia hiltzen dituzte, urtero. Europako Batasunak 2003an emandako datuen arabera, 87.000 baino gehiago. Unibertsitatetik kanpoko laborategietan bezala, geletan ere arratoiak izaten dira gehien erabiltzen dituztenak. Bere ikerketan, 70 zentro aztertu ditu Askekintzak. Talde animalistak nabarmendu du handia dela unibertsitate horien eta Europako eta Ameriketako Estatu Batuetako zentroen artean dagoen aldea. «Europan eta AEBetan egin dira ahaleginak animaliekin egindako saioak bertan behera uzteko. Ikertu ditugun unibertsitate gehienetan, ordea, ez da egin bertzelako bideak garatzeko urratsik».
Hego Euskal Herriko unibertsitateetan egoera ez da bertzelakoa. Nafarroan, unibertsitate publikoak eta pribatuak, biek erabiltzen dituzte animaliak. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, berriz, hiru herrialdeetan ditu animaliategiak EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. Mondragon Unibertsitatean eta Deustuko Unibertsitatean, berriz, Askekintzako kideek ez dute aurkitu animaliekin egindako saiorik. «Halako saioekin harremana izan dezaketen ikasketa bakarrak psikologiakoak dira», zehaztu dute.
Donostiako EHUko Psikologiako fakultatean, hain zuzen, ikasleek lortu zuten lehen mailako ikasgai batean animaliekin egiten zituzten saioak bazter uztea; arratoiak erabiltzen zituzten. Ikasleek protesta egin zuten, eta unibertsitateak saio horiek baztertu zituen. EHUn, hala ere, hamaika saio egiten dira oraindik ere. Laborategiak ez baitira oraindik hustu.
Laborategitik atera nahi dutenen eguna
Animaliekin egindako saioen aurkako nazioarteko eguna da gaurkoa. Askekintzak unibertsitateetan egiten diren ikerketei so egin die, eta ikasleentzat gida osatu du, animaliak baliatzen dituztenen berri emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu