emakumeen aurkako indarkeria

'Laffage auziko' epaia aztertzen berriro

Auzitegi Gorenak Yllanesi hilketa leporatzen badio, hogei urtera igo daiteke zigorra.

2010eko azaroaren 25a
17:29
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorena gaur ari da berraztertzen Nagore Laffage gazte iruindarraren heriotzaren kasua, Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Jose Diego Yllanes iruindarrak hamabi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra du, 2009ko azaroan Nafarroako Auzitegi Nagusiko zinpeko epaimahaiak homizidioa egotzi baitzion. Espainiako Auzitegi Gorenak Laffage Casasola sendiaren errekurtsoa onartu du eta, Yllanesi hilketa leporatzen badio, hogei urtera igo daiteke zigorra.

Bost epailek hartuko dute behin betiko erabakia. Ateak itxita ari dira kasua aztertzen.

Hilketaren hipotesiari hasieratik heldu dio Nagore Laffageren ama Asun Casasolak. "Zinpekoen epaimahaiak huts egin zuen, ez zelako konprometitu nahi izan". Argi du, ordea, Casasolak: "Frogak argiak dira". Alabaren heriotzan "azpikeria" egon zela dio, hilketaren teoria nagusitu dadin.

2008ko sanferminetan hil zuen

2008ko uztailaren 7an hil zuen Yllanesek Laffage, Iruñean. Orondritzen (Nafarroa) ezkutatu zuen gorpua, baina egun berean aurkitu zuen Poliziak, herriko batek emandako abisuari esker.

Ordu gutxiren ondoren atxilotu zuen Foruzaingoak Yllanes, Iruñeko 27 urteko mediku egoiliarra. Berehala aitortu zuen errudun zela, bai atxilotu zutenean bai epailearen aurrean. Homizidioa egotzi zion Yllanesi zinpekoen epaimahaiak. Gainera, Yllanes mozkortuta zegoela eta biktimaren sendiari kalte-ordainak ordaindu zizkiola kontuan hartu zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak, aringarri gisa. 320.000 euro ordaindu zituen guztira medikuak: 120.000na euro gurasoentzat eta 80.000 euro Nagoreren nebarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.