Herriko gizarte zerbitzuek ez diote lagundu salaketa jarri duen gizonaren bikotekide ohiari. Tratu txarren egoera bat kontatu, eta ez dute txostenean jaso. Ez diote behar bezalako arta eman. Ez dute babestu. Justizia sistema ere bere kontra etorri zaio. Bikotekide ohiak zigortu egin nahi izan du, eta bera ez ezik, baita hura sostengatzen duten lagunak ere. Egoerari buelta eman, eta «hertsaketa» bizitzen ari dena bera dela esanez salaketa jarri du. Eta justizia sistemak modua eman du salaketa hori epaiketaraino iristeko —bistan da salaketa guztiek ez dutela bidea hain erraz izaten, indarkeria matxista kasuetako salaketek, esaterako—. Fiskalak espetxe zigorren eskaerak erretiratu ditu, baina salatzaileak ez. Ikusteko dago zein izango den epailearen erabakia, baina absoluzioa etorriko balitz ere, urte hauetako bidea bera zigorra da.
Eta nork eutsi dio bitarte honetan guztian biktimari? Lagunek eta familiak. Zerbait gertatzen zela sumatu zuten, behatu egin zuten, lagunaren erabakiak errespetatu zituzten, eta begiak irekitzen lagundu zioten. Joaten lagundu zioten. Eusten lagundu diote. Kontatzen. Gainditzen.
Kasu honek argi utzi du sistema ez dagoela prestatuta indarkeria matxistaren biktimak artatzeko. Indarkeria matxista egiturazkoa dela ere ezin argiago ikusi da. Azaroaren 25ean intentzio handiak erakusteaz gain, badute non lan egin erakundeetako ordezkariek.
Eta bitartean? Zer geratzen da bitartean? Lagunak. Zer dira, ba, lagunak elkartasun feminista ez bada? Gero ere hor egongo diren lagunak, zaintza eta elkartasun feminista.